Ingelesez argitaratu dira Karmele Jaio eta Miren Agur Meaberen liburu bana

  • Ingelesez argitaratu dira Karmele Jaio eta Miren Agur Meaberen liburu bana

  • DataUztailak 26
  • Gaia Literatura

Aste honetan salgai jarri dira Erresuma Batuan Karmele Jaioren Amaren eskuak (Her Mother’s Hands ingelesez) eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (A Glass Eye ingelesez)eleberriak. Parthian argitaletxe independentearen eskutik plazaratu dira lanok. Galesen egoitza duen argitaletxe honek Galeseko eta Europako ahots berriei arreta berezia jartzen die.

Lehenengoa, azken urteetan euskarazko narratibak eman duen liburu arrakastatsuenetakoa da, eta hainbat sari jaso eta gero plazaratuko da Erresuma Batuan. Horien artean English PEN Award. Amaren eskuak-ek Nerea du protagonista. Kazetaria, gaztea, alaba txiki baten ama. Bere bizitzaren oreka eskasa guztiz apurtuko da egun batetik bestera bere ama amnesiaz jota erietxera eramaten dutenean. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu bertan. Mireia Gabilondok pantaila handira eraman zuen istorioa eta Donostiako Zinemaldiak eman zen estreinakoz. Karmele Jaiok Edinburgoko Liburu Jaialdian hartuko du parte abuztuan.

Kristalezko begi bat eleberriko protagonista ere emakumea da. Maite-laguna uzteak eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara (Frantzia) joango da. Eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarri ahala. Hiru Euskadi Sari irabazitakoa da Miren Agur Meabe eta hamaika liburu argitaratu ditu, poesia eta haur eta gazte literatura barne.

Bi eleberriak Parthian Europa Carnivale bilduman plazaratu dira, Europako emakumezko ahots berri eta talentudunak biltzen dituen liburu saila. Bertan argitaratutako liburuek gai garrantzitsuak jorratzen dituzte. Horietako asko gai unibertsalak dira, nahiz eta bakoitza tokian tokiko hizkuntza, istorio eta kulturan oinarrituta egon. Protagonistek ezaugarri amankomunak dituzte: erlijioak, gerrak, osasunak, amodioak edo politikak planteatutako erronkei aurre egiten dieten aparteko emakumeak dira

Liburuen hauen itzulpenak egiteko Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso du argitaletxeak, eta egitasmoak Etxepare eta Literature Across Frontiers erakundearen eskutik duela bi urte Euskal Herrira egindako bisitan du jatorria.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana