Durangoko azoka, gero eta anitzagoa

  • Durangoko azoka, gero eta anitzagoa

“DA! asko dira” lelopean zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak abenduaren 5ean. Eta aurtengo leloak egia borobila dakarkigu: azoka asko dira, bisitari beste. Bakoitzak ditu bere bizipenak, bere asmoak, bere nahiak. Eta horiek guztiak izaten dira kontuan, baita gaitasun ezberdinak dituzten publikoarenak ere, martxan jarri den “Kultura, guztion eskura” egitasmoari esker. Izaskun Ellakuriaga Gerediaga elkarteko komunikazio ardunarunak ekimenaren xehetasunak eman dizkigu.

 

"Kultura, guztion eskura" egitasmoa aurkeztu zenuten Gerediaga Elkarteak eta BBK-k, Durangoko Azokaren testuinguruan. Zertan datza ekimenak eta zein helbururekin abiatu zenuten?

Labur esanda Durangoko Azoka ahalik eta inklusiboena bihurtzea da gure helburua. Gure kezka eta asmoak BBK Fundazioarekin konpartitu genituenean –badira hiruzpalau urte– eskuzabal hartu gintuzten.

Asmoa potoloa da, baina urtetik urtera pauso laburretan egin nahi dugun ibilbidea da. Zergatik? Gu lortu nahi dugun helburu horretan “aletxoa” baino ez garelako. Horretarako “Kultura, guztion eskura” izenburupean bi ekintza egin genituen iaz eta aurten errepikatuko ditugu: batetik, diagnostiko erreal bat izateko azokan zehar antolatutako bisitak, eta bestetik, Euskal Herrian dauden kultur esperientzia inklusiboen zabalkundea.


Noiz/nola sortu zitzaizuen ardura hori? Zer testuinguru zehatzean jabetu zineten behar horretaz?

Ez da momentu zehatzik izan. Ez da derrepenteko gauza bat izan. Azken urteetan lantaldean izan dugun kezka izan da. Arlo ezberdinetako lankideek, azoka ezberdinetan bizi izandako esperientzietatik abiatuta jaio den ekimena da.

 

(Iazko esperientzien aurkezpeneko momentu bat. Bertan Manos que Ríen elkarteak, Bilbao FormArte zentroak, Kukai Dantzak eta Irakurketa Erreza ekimenak hartu zuten parte)


Publiko ezberdinen gaitasun anitzak kontuan izaten dituzten lanak aurkezten dira “aterki” honen babesean. Bada sentsibilitate hori euskal sormenaren unibertsoan? Zeintzuk dira oraindik eman behar diren nahitaezko urratsak?

Bi urte hauetako esperientzia kontuan hartuta, oraindik egiteko asko dagoela erantzun dezaket. Kultur esperientzia inklusiboak egon badaude, baina ez dira asko ezagutzen. Ez da erreza izaten ari…

Gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen kultur esperientziak, edota eurak kontuan hartuz egiten direnak ezagutzera ematea da ekintzetako bat. Ereduak izanez gero, errazagoa delako bidea egitea.


Iaz martxan jarritako ekimenetako bat bisitaldi gidatuak izan ziren, ildo honetan azokan bertan egon zitezkeen hutsuneak azaleratzeko. Nolakoa izan zen esperientzia? Zein ondorio atera zenuten?

Esperientzia interesgarria izan zen. Azoka moduan dituen hutsune batzuez konturatzeko balio izan zigun, eta bisita gehiago egiteko beharrizana daukagula konturatu ginen.


Programari helduta, zeintzuk izango dira aurtengo proposamenak?

Aurten, Gorabide elkartearekin lankidetzan hutsuneak identifikatzen jarraituko dugu. Gainera, euretako batzuk lantaldean integratuko dira boluntario modura.

 

(Telmo Irureta aktorea aurtengo gonbidatuetako bat izango da).

 

Kultur esperientzien aurkezpenei dagokionez, abenduaren 8an, arratsaldeko 17:00etan, Areto Nagusian, hiru ezagutzeko aukera izango dugu: Telmo Irureta zumaiarrak buru paralisia izan arren aktore izateko ametsa bete duela kontatuko digu; Ainhoa Moiuak zeinu hizkuntzak euskal kantuen interpretazioan izandako esperientziaz berba egingo du; eta azkenik Auritz taldeko kideek Autismoaren Espektroko Nahasmena gaitzaz sentsibilizatzeko literatura eta musika uztartzen dituen proiektua aurkeztuko dute.


Egitasmoak abiatu besterik ez du egin. Zein da planteatzen duzuen ibilbide-orria?

Pausuz pausu joatea da asmoa, eta bidean lankidetza berriak bilatzea.

Asko daukagu ikasteko eta bidea ez da guk bakarrik egiteko. Emango ditugun pausuak ondo pentsatuta eta sendoak izatea nahi genuke.

 

(Berezi hau 2018ko azaroaren 28an argitaratu zen).

Euskadi, auzolana