(H)Ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea

  • (H)Ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea

Lainotsu, euritsu eta iluna, hezurretaraino sartu arte. Horrelakoa da Baztango bailara negu betean, genero beltzeko istorio eta pertsonaientzako eszenatoki paregabea. Urtarrilaren 14tik 20ra Euskal Nobela Beltza izango da protagonista (H)Ilbeltzaren baitan. Maitane Maritorena ekimenaren arduradunetakoarekin mintzatu gara Kulturkliken.

 

(H)Ilbeltzak irakurle talde batean dauka abiapuntua. Nola sortu zen, nolakoak izan ziren hasierako urrats horiek?

Bai, hala da, (H)illbeltza astea antolatzeko asmoa Baztango idazleekin solasean ekimenean parte hartzen dugun zenbait kideren artean sortu zen. Euskal literaturarekin lotura zuen bertze zerbait antolatzeko gogoa sortu zen taldean, lanean paratu eta genero beltzak bai Baztanen eta baita euskal literaturan ere aspalditik bere tokia zuela ikusirik, interesa piztu eta 2015.urtean lehenbiziko Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzea erabaki genuen.

Baztanen urtarrilari ilbeltza erraten zaiola kontuan hartuz, hitzak berak ematen duen jokoa aprobetxatu genuen nobela beltzaren aste ilbeltzean antolatzeko.


Bosgarren edizioa beteko duzue aurten eta ekimenak oihartzun handia lortu du. Nola bizi izan duzue bai publikoaren zein egileengandik jasotako erantzuna?

Egia errateko arras kontent gaude. Hasi ginelarik ez genekien zer nolako harrera izanen zuen, ez eta segida izanen ote zuen ere, baina jendearen erantzuna bikaina izan da. Hasmentatik idazle, editore, argitaletxe eta hedabideen babesa sentitu dugu, egiten genizkien proposamenei baiezkoarekin erantzun diete beti eta horrek anitz lagundu digu bidean aitzinerat egiten.

(H)ilbeltza lagunarteko bilgune bat da. Jendea literaturaz gozatzera heldu da, baina baita ongi pasatzera ere, eta nonbait, hori lortzen da. Bada lehenbiziko urtean etorri eta urtero errepikatzen duen jendea. Giro berezia lortu da: hurbila, lagunartekoa…

 

 


Genero beltza ardatz duten gero eta literatura eta zinema jaialdi gehiago antolatzen dira gurean. Zein da genero honen arrakastaren gakoa?

Dudarik ez dago genero beltzak irakurzalea erakartzen duela.

Gaurkotasuna duten gaiak jorratzen dira normalean eta pertsonaiak anti-heroiak izaten dira, egoera pertsonal eta iragan jakin batekin azaltzen zaizkigunak, baina era berean irakurlea beraiekin enpatizatzea lortzen dutenak. Bizitza errealarekin antzekotasun handia duen genero bat da, nahiz erraten den moduan anitzetan errealitateak fikzioa gainditzen duen. Intriga sortzen du... Erraza da nobela beltza irakurlea harrapatzea. Salaketa soziala egiteko ere aproposa da, azpimundu beltz horiek agerian uzteko.


Euskal Nobela Beltzaren Astean urte hasieran burutzen bada ere, beste hainbat jarduera antolatzen dituzue urtean zehar, hala nola (H)Ilbeltza beka. Zein helbururekin jarri zenuten martxan deialdi hau?

Edizioz edizio hainbertze ikasten ari gara eta pauso berriak emateko aukerak sortu dira, bai.

Bat, www.ilbeltza.eus webgunea martxan paratzea izan da, bertan nobela beltzari buruzko hausnarketak, elkarrizketak, generoa jorratzen duten artikuluak eta abar topatzen ahal dira.

Bertzea, (H)ilbeltza beka. 2017an aurkeztu genuen Baztango udala eta Txalaparta argitaletxearekin batera elkarlanean sortutako beka hau. Euskarazko literatura bulkatu nahian diru laguntza bat emanen dugu urtero, urte batez sormena izanen da eta bertze batez itzulpena.

Gainera, sortzaileak gure artean izateko eta hor barna dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan leitu ahal izateko aukera paregabea eskaintzen digu.

Aurtengo (H)ilbeltzan iazko bekaren irabazlea izanen da, M.A. Elustondo, Kezko bola batek itoak birikak liburua aurkeztuko digu. Aurtengo itzulpenaren irabazlea berriz, Josu Baranbones, Patricia Highsmithen The Blunderer itzuliko duena izan da, hori heldu ondoko (H)ilbeltzean izanen dugu.


Esan bezala, programaren baitan generoko azken nobedadeen aurkezpenak luzatuko dizkiguzue, (H)Ilbeltza bekaren babesean argitaratutako lehenengo eleberria horien guztien artean izango delarik. Zer nolako lanak ezagutuko ditugu?

Uste baino aukera gehiago sortzen zaizkigu egia erran, baina bazkalondoan denez, hiru hautatzen ditugu eta horiek gurera ekarri.

Hiru idazleak elkarrekin paratuko ditugu eta bakoitzak bere nobela aurkeztuko du: Miel A. Elustondok Kezko bola batek itoak birikak, Xabier Etxeberriak Berriro itzuliko balitz eta Edorta Jimenezek Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua.

 

 

Ondotik galderekin eta jendearen parte hartzearekin solasaldia osatuko dugu. Hausnarketarako gune egokia ere izaten da.


Gure literatur tradizioan nabarmenak diren beltzeko egile eta lanek ere badute euren esparrua Astean, aurten Xabier Gereñoren kasua adibide. Nolako bilakaera izan du generoak gure testuinguruan?

Kontuan hartu behar da idazle bakoitzaren testuingurua nobela beltzaren arloan. Hasmentako idazle hauek (Izeta, Loidi, Garate, Peillen, Gereño…) euskal literaturaren momentu zehatz batean kokatu behar ditugu, eta beren ausardia txalotu lehendabiziko hildakoak eta ikerketak txertatu zituztelakoz literaturan, hori dela eta aipatutako idazle horien gain solastatu gara aitzineko edizioetan. Horiez gain Jon Mirandek ere zenbait ipuin beltz eskribitu zituen.

Beraiek izan ziren Euskal Herrian aurrekariak, eta geroko belaunaldiak atzerapenarekin heldu zion genero beltzari, gurean detektibe bat sinesgaitza zelakoz… Baina gaur egun hori aldatu da, poliziak ere protagonista izatera ailegatzeraino. Batzuetan ikuspegi kritiko hori galtzen dela iruditzen zaigu.


Programa borobiltzeko beste hainbat jarduera ere antolatzen dituzue, "Susmagarrien gaua", "Itzuli beltza" edo azken eguneko irakurketa girotua, esaterako. Zein da ekitaldi hauek programari egiten dioten ekarpena? Nola hartzen du parte publikoak?

Astean barna gonbidatzen ditugun sortzaileez gain, (H)ilbeltzakideok gure ekarpena egin nahi izaten dugu eta gure sormen ttipiak eskaintzen dizkiogu jendeari. Hortan kokatuko genituzke urtero egiten ditugun susmagarrien gaua eta itzuli beltza.

Susmagarrien gaua jolas bat bertzerik ez da, jendea elkarrekin egoteko, ezagutzeko, eta bidenabar Erratzun barna ibiltzeko.

Itzuli beltza berriz asmatutako gertakari bat erreal bihurtzen dugu. Urtero herri desberdin batean egiten dugu, aurten Arraiozen barna ibiliko gara. Kontalari batek gertaera asmatutako istorio bat kontatuko du herrian barna itzulia eginez, eta bidean antzezleak, musikariak,herritarrak… istorioaren parte bihurtuko dira.

 

 

Bi hauetaz gain igande gauekoan ere parte hartuko dugu: Jon Alonsok sortutako testu batean oinarritua, Chandlerri buruz arituko dira Mairu antzerki taldekoak eta gure hiru kidek irakurraldia eginen dute.

Publikoak, gure ustez, gustura hartzen ditu etxekoak diren sormen lan hauek.


Nola sumatzen duzue (H)Ilbeltza ekimenaren etorkizuna?

Egia errateko ez dugu etorkizunari begira helburu zehatzik, urtez urte goaz.

Zein bide hartuko zuen jakin gabe sortu zen (H)ilbeltza eta bortzgarrena izanen da aurtengoa.

Taldean elkarlanean gozatzen dugun bitartean, ideiak sortzen doazen heinean eta jendea gure artean gustura sumatzen dugun bitartean, jarraituko dugu. Noiz artio? Ezin erran.

 

(Berezi hau 2018ko abenduaren 26an argitaratu zen).

Euskadi, auzolana