Euskal musika klasiko eta garaikideak presentzia izango du Classical:NEXT jaialdian

  • Euskal musika klasiko eta garaikideak presentzia izango du Classical:NEXT jaialdian

  • DataMaiatzak 15
  • Gaia Musika

Musika klasiko eta garaikidearen Classical:NEXT nazioarteko azoka profesionalak 8. edizioa izango du aurten. Maiatzaren 15etik 18ra burutuko da Herbehereetako Rotterdam hirian, eta Trío Zukan hirukote euskaldunak bertan hartuko du parte.

Nazioarteko musikariak, sektoreko profesionalak eta instituzioak biltzen dira Classical:NEXT azokan. Topaketa honen egitaraua lau multzotan banatua dago: showcaseak (sektoreko profesionalei eskainitako emanaldi motzak), konferentziak, proiektuen pitchak (ikus-entzunezko euskarri bidez erosleen aurrean egindako proiektu-aurkezpenak) eta erakustazoka. Aurtengo edizioan landuko diren gaiak, besteak beste, musika klasikoaren transmisioa, teknologia berriek dakartzaten sorkuntza bultzatzeko aukerak, edota sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak eta erronkak dira.

Ganbera-musika garaikidea lantzen duen Trío Zukan hirukote euskaldunak showcasea eskainiko du maiatzaren 17an, beste hainbat artistaren artean, Eduard Flipse Zaal aretoan. Akordeoiaren, perkusioaren eta txistuaren doinuetan oinarritutako proposamena eskainiko dute, euren Soinuzko Begiradak. Toma 1 disko berria aurkeztuz. Baina euskal musikak ez du soilik ordezkari hori izango: azokaren gunean, Basque Music izenarekin, Euskal Herriko Musika Bulegoak gune propioa jarri eta musika klasiko eta garaikidea jorratzen duten beste 40 euskal orkestra, abesbatza, talde eta musikariren inguruko informazioa eskainiko du.

Euskal musikak presentzia bermatua du Classical:NEXT azokan, Basque Music egitasmoaren bitartez. Egitasmo hau Etxepare Euskal institutuak, Euskal Herriko Musika Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programak kudeatzen dute lankidetzan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana