Liberoamerika: «Poesiarako espazio eta ekimen berriak sortzeko beharra ikusten genuen»

  • Liberoamerika: «Poesiarako espazio eta ekimen berriak sortzeko beharra ikusten genuen»
  • Liberoamerika: «Poesiarako espazio eta ekimen berriak sortzeko beharra ikusten genuen»

Liberoamerika Latinoamerikako, Portugaleko eta Espainiako 500 idazle gazte baino gehiagok osatzen duten kultura plataforma da. 2017. urtean sortu zen, idazle belaunaldi berrien lanak argitaratu eta zabaltzeko esparrua gauzatzeko beharrari erantzunez. Bi urteren ostean, idazle gazteentzako topagunea eta argitaletxea dute martxan. Iosune de Goñi eta Leire Alonso Allué ari dira Euskal Herrian Liberoamerika egitasmoa garatzen, eta eskuen artean duten proiektuaren helburuen eta erronken inguruan mintzatu gara beraiekin.

 

Zer da Liberoamerika Literatur Plataforma? Zein helbururekin abiatu zen?

Iosune: Liberoamerika Iberiar Penintsula eta Latinoamerikako idazle gazteei euren lanak argitaratu eta zabaltzeko aukera eman nahi dien proiektua da. Hasiera batean aldizkari digital bezala jarduten hasi ginen, baina denbora gutxian egitasmoak aldizkaria gainditu zuen eta jardunaldi literarioak, errezitaldiak eta kurtsoak antolatzen hasi ginen. 2018an herrialde ezberdinetako emakume gazteen lanak liburu batean bildu nahi genituela erabaki genuen, eta asmo horrek argitaletxe bezala lan egitera eraman gintuen. Orain banakako poesia lanak argitaratzen hasiak gara, eta ekimena Euskal Herrira ekarri nahi dugu.

Esan bezala, Liberoamerikaren helburu nagusia idazle gazteen lanak argitaratzea eta zabaltzea da, betiere perspektiba feminista batetik eta kultura-aniztasuna azpimarratuz. Idazle gazteentzat zaila izaten da euren lanak ezagutaraztea eta argitara ematea, eta argitaletxe handiek helburu hori lortzeko oztopo asko jartzen dizkiete. Liberoamerika arazo horri aurre egiten saiatzeko sortu zen, idazle gazteek elkar irakurtzeko eta sortzeko espazio bat izan zezaten.

Bestalde, azken urteetan poesiak gazteen artean izan duen gorakadak ere espazio eta ekimen berriak sortzea eskatzen zuela iruditzen zitzaigun. Interneten, aldizkari txikietan eta fanzineetan idazten zuten autore berri horiei ahotsa eman nahi genien.


Nola sortu zen egitasmoa Euskal Herriratzeko aukera?

I: Aipatu dudanez, 2018an herrialde ezberdinetako emakume gazteen lanak liburu batean biltzeko asmoa sortu zen, Liberoamericanas izenpean. Antologia horren lehenengo edizioa Argentina eta Uruguain argitaratu zen, crowdfunding kanpaina baten bidez, eta gaztelaniaz zein portugesez idatzitako poemak biltzen zituen. Hilabete batzuk beranduago, antologiaren bigarren edizioan lan egiten hasi ginen, Liberoamericanas Espainian argitaratzeko asmoz, eta antolatzaileek Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko autoreak gehitzea erabaki zuten. Horretarako, aldizkarian kolaboratzaile bezala jarduten genuen zenbait idazlerekin kontaktuan jarri ziren, argitaletxean editore bezala lan egiteko gonbidapena luzatuz. Ni kolaboratzaile horietako bat nintzen, eta proposamena onartu nuen, antologian agertuko ziren euskal idazleen testuak aukeratzeko lanari ekinez. Liberoamericanas argitaratu ostean, Argentinan eta Espainian banakako poesia lanak kaleratzen hasi ziren, eta Euskal Herrian ere idazle gazteen lanak argitaratzeko espazio bat izatea aukera ona izan zitekeela iruditu zitzaigun. Izan ere, gure lana argitaratu eta zabaltzeari dagokionez, euskal idazle gazteok oztopo berdinei aurre egin behar diegu.

Euskal literatura argitaratzea erabaki genuenean, Euskal Herrian bigarren editore bat gehitzeko beharra ikusi genuen, eta Leire Alonso Allué-ri luzatu genion gonbidapena. Orain idazle gazteei zuzendutako bi deialdi ireki ditugu: lehengoa, poema-liburu indibidualak argitaratzeko, eta bigarrena, idazle gazteen literatur bilduma bat osatzeko.


Egile berriek aurre egin behar duten zailtasun nagusietako bat ikusgarritasuna da. Zer oztopo gehiago topatzen dituzte ibilbide profesionala poesiaren arloan garatu nahi duten idazle gazteek?

Leire: Egia da ikusgarritasuna garrantzitsua dela literaturan eta, orokorrean, sorkuntza artistikoaren eremuan. Baina ikusgarritasun falta hori oinarrizko arazo batek sortua dela esango nuke, gure gizartean artea eta sorkuntza ulertzeko modua, hain zuzen.

Ematen du literatura idaztea zaletasuna, pasioa dela; gogoz egiten den zerbait. Baina ez lana. Ez modu duinean ordaindu eta kobratu beharreko lana. Zenbatetan entzun dugu zortea dugula gustatzen zaiguna egin ahal dugulako. Eta bai, egiten dugu. Baina zein da prezioa? Gazteei, askotan, obra bat argitaratu nahi dugunean, lehiaketetara aurkezteko esaten digute argitaletxeek. Edo talde proiekturen batetik deitzen gaituzte aldizkari batean, antologia batean, ... agertzeko. Lehen kasuan, ez da bakarrik kalitatezko lana eskaini behar, besteak baino hobea ere izan behar du, edo epaimahaiari hala iruditu. Bigarren kasuan, kobratu gabe argitaratzea izaten da ohikoena, ikusgarritasun truke lan egitea. Eta maiz 'gazte' edo 'emakume gazte' bilakatzen gara idazle helduago eta arituen artean, eta gure lana desagertu egiten da gure adinak edo generoak garrantzia hartzen duelako.

Gurpil zoroa da. Ikusgarritasuna behar da argitaletxeen bidez lanak kaleratu ahal izateko, baina argitaratu ezean ez da ikusgarritasunik lortzen. Artean, kobratu gabeko lanetan ibiltzea da aukera, ikusgarritasunaren truke. Baina ikusgarritasunak ez du alokairua ordaintzen.


Ildo honetatik, eta ekimenaren ondorioz, 140 poeta garaikideen lanak jasotzen dituen antologia aurkeztu zenuten 2018an. Nolakoa izan da hau bezalako materiala biltzeko eta argitara eramateko prozesua? Zein irizpiderekin hautatu zenituzten egileak?

I: Hasteko, Liberoamericanas antologian azaltzen diren autore guztiak emakumeak dira. Hortaz, irizpiderik garrantzitsuena hori izan zen: poesia idazten zuten emakume gazteak hautatzea. Idazle edo sortzaile gazteek euren ibilbide artistikoan aurkitzen dituzten oztopoak aipatu ditugu, baina emakume eta sortzaile izatea ere ez da erraza izaten. Literaturaren esparruan, gainontzeko espazio guztietan bezala, patriarkatuak agintzen du. Editore gehienak, poesia argitaratzen duten autore gehienak, lehiaketetako epaimahaikide gehienak, etab. gizonezkoak izaten dira, eta literatura ikuspegi tradizional eta androzentriko batetik ulertzen dute, emakumeekin eta beste identitate anitzekin (arraza, orientazio sexuala, klasea, ezgaitasuna, etab.) erlazioa duten gaiak eta idazteko moduak alde batera utziz, betiere kanonetik eta literaturaren erdigunetik kanpo. Liberoamericanas egoera hori salatzeko eta emakume gazteek idatzitako literaturari ahotsa emateko sortu zen.

Horrez gain, emakume izateko modu asko daudela azpimarratu nahi genuen, gure identitateak eta ahotsak ezberdinak direla. Hori dela eta, hizkuntza eta kultura-aniztasunetik abiatu ginen, 18 herrialde ezberdinetako autoreen lanak bilduz. Liberoamerika osatzen duten herrialde guztietan editore bat dugu gutxienez, eta antologia sortu genuenean, adibidez, 25 editore ginen, denak emakumezkoak. Editore bakoitzak bere irizpide propioak erabili zituen herrialde bakoitzeko testuen aukeraketa egiteko, baina esan bezala, abiapuntua berdina zen: emakume gazteen poesia lanak argitaratu nahi genituen. Gazteak izateaz gain, autore berriak hautatzea interesatzen zitzaigun, gure asmoa argitaratzeko zailtasunak dituzten idazle gazteei laguntza eskaintzea baita. Hortaz, nik Euskal Herrian oraindik oso ezagunak ez diren idazle gazteak bilatu nituen. Adibidez, Irati Majuelo Itoiz, Leire Alonso Allué eta Ane Zubeldiarekin kontaktuan jarri nintzen. Gero Jule Goikoetxearekin proiektuari buruz hizketan ibili ginen, eta bere poema bat gehitzea erabaki genuen.

Amaitzeko, liburuaren argitalpena posible egiteko, crowdfunding kanpaina bat sortu genuen. Beraz, irakurleen laguntza ere hasieratik ezinbestekoa izan zen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Liberoamericanas-ek sare bat ehundu zuela pentsatzen dut askotan: idaztea eta irakurtzea maite duten emakumeek osatutako sarea; testuinguru, hizkuntza eta herrialde ezberdinetatik hitz egiten duten emakumeek elkarrekin lan egitearen emaitza.


Zeintzuk dira idazle gazteek jorratzen dituzten gaiak? Ba al da, jatorri aniztasuna bada ere, idazgai edo hausnarketa komunik?

L: Esango nuke idazle gazteek jorratzen dituzten gaiak idazleek jorratzen dituzten gai berberak direla. Askotan kontua ez da zein gai jorratzen den, zein ikuspegitik jorratzen den baino. Idazleak ez du bere egoeratik at sortzen. Idazleak egoera eta iragan konkretu bat du, eta hori ezin du erantzi idazten duenean.

Ni Euskal Herrian sortutako zis-emakume zuria naiz, egoera ekonomiko eta kultural jakin batean hazi dena. Eta idazten dudanean, gai hori hartuta ere, ezin dut jakin 14 urteko ijito batek nola sentitzen duen eskola garaia, edo euskaraz dakien gizon beltzari nola begiratzen dioten euskaraz eskatzen duenean tabernan. Bakoitzak bere begiradatik idazten du, literatur motaren arabera agerikoagoa edo ezkutuagoa izan ahal den arren (ez dut esan nahi idazlea eta subjektu literarioa berbera direnik, literatura dena ez da autobiografikoa).

Ildo horretatik, gazteak gazte dira idazten dutenean ere. Eta esango nuke hori nabaritu egiten dela lanetan. Gaia edozein dela ere, jorratzeko modua gaztea, gogotsua, izaten dela.


Liberoamerika ez zen garapen teknologikorik gabe ulertuko. Zeintzuk izan dira eremu digitalean aritzearen abantailak? Zein paper izan dute sare sozialek egitasmoaren konfigurazioan?

I: Hasieran aipatu dugunez, Liberoamerika aldizkari digital bezala sortu zen, eta lehenengo liburuak hainbat herrialdetan egindako crowdfunding kanpainen bidez lortutako diruarekin argitaratu ditugu. Beraz, teknologia berriak proiektua aurrera eramateko ezinbestekoak izan dira. Gainera, Liberoamerika oso proiektu zabala da, eta editoreen arteko komunikazioa mantentzeko, ekimenak antolatzeko edo aldizkariko edukiak kudeatzeko teknologia berriak beharrezkoak dira, baita autore, komunikabide eta liburu-dendekin kontaktuan jartzeko ere.

Horrez gain, sare sozialek proiektua zabaltzen eta ezagutarazten lagundu gaituzte, bai irakurleen artean eta baita proposamenak bidaltzen dizkiguten idazleen artean ere. Orain dela gutxi herrialde bakoitzak sare sozialetan bere espazio propioa sortzea erabaki genuen, eta Euskal Herriko kontuak Instagram (@liberoamerika.euskara) eta Twitterren (@liberoamerika) aurki daitezke jada.


Lehen esan duzuen bezala, irailera arte zabalik egongo da euskal idazle gazteen lehenengo bilduma osatzeko deialdia. Poema liburuak argitaratzeko deialdia ere zabalik dago. Zer espero duzue bi deialdi hauetatik?

L: Beste herrialde batzuetan, eta baita geurean ere, sumatu dugun hutsune bat betetzen laguntzeko asmoz jaio zen Liberoamerika. Idazle gazteentzako eta literatura gaztearentzako espazio izan nahi du, bai idazleentzat zuzenean eta baita irakurleei begira ere.

Bildumak bi norabide izan ahal ditu helburu. Lehena, gazteek sortzen duten literaturaren erakusgai izatea, kalitatezko lanen bilduma bat eskaintzea irakurleei. Bigarrenak ezagutzearekin, taldea sortzearekin du zerikusia. Euskal Herriko idazle gazteei obra batean elkarrekin agertzeko aukera luzatu nahi diegu, horrek dakarren ikaskizunekin eta babesarekin. Lehiaketak hotzak izaten dira sarri. Obra saritu ahal dute edo ez. Baina aurkezten den obra ez da prozesuan aldatzen, ez da zuzenketarik, eztabaidarik, aldatzeko eta ikasteko eremurik sortzen. Eta, sariarekin edo gabe, idazlea bakarrik itzultzen da etxera gehienetan, bidean jarraitzeko laguntzarik gabe. Garrantzitsu dira eztabaidarako eta elkar irakurri eta elkarri iradokitzeko tarteak. Literaturarena ez da bakarrik egin beharreko bidea. Zentzu horretan, Liberoamerikak espazio bat eskaini nahi die idazle gazteei bilduma honekin.

Poema liburuak argitaratzeko deialdia ere irekita dago, epemugarik gabe. Honetan bai, Liberoamerika argitaletxe moduan azaltzen da. Baina literatura gaztea eskaini nahi duen argitaletxea, feminista, kolektiboa, zabala. Idazle gazteei argitaratzeko aukera eman nahi diegu, erreminta bat eskaini. Eta irakurleei poesia berria eskaini nahi diegu, kalitatezkoa, erreferente bilakatu.


Zeintzuk dira Liberoamerika proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko aurre egin beharreko erronkak?

L: Alde batetik, ekonomikoki erronka handia izan ahal da iraupena. Argitaletxe moduan aritu ahal izateko, dirua behar da, eta artean proiektu gaztea izaki, irakurleen eta liburu-denden erantzun ona behar dugu aurrera egiteko.

Bestalde, bai idazle gazteentzat eta baita irakurleentzat ere erreferente bilakatzea dugu erronka. Idazle gazteentzat Liberoamerikara jo dezaten euren lanak argitaratzeko. Eta irakurleentzat lan horiek zabaldu daitezen.

 

(2019ko ekainaren 28an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana