Gaubeako Schubertaldia, musika klasikoa Arabako bihotzean

  • Gaubeako Schubertaldia, musika klasikoa Arabako bihotzean

Franz Schubert konpositore austriarraren musika omentzen duen egitasmoa dugu Schubertaldia. XIX. mendeko terminoa da, eta hasiera batean testuinguru pribatura mugatzen baziren ere, egun jarraitzaile andana duten mundu osoan burutzen diren jaialdiak dira. Eta iaztik, Gaubean ere bai, Bartzelonan antolatzen duten ospe handiko Vilabeltraneko jaialdiaren laguntzarekin. Schubertaldia gertutik ezagutzeko, Yolanda Sobrón eta Alba S. Ruiz Arabako udalerriko turismo bulegoko arduradunekin mintzatu gara.

 

Schubertaldien jatorria musikariak berak burutzen zituen hitzorduetan kokatzen da. Topaketa hauetako filosofia mantentzen al da egilearen lana omendu nahi duten jaialdi garaikideetan?

Gaubeako eta Kataluniako Schubertaldiek jatorrizko espiritua mantentzen dute, bai.

Kontzertuak oso edukiera mugatuta duten leku adierazgarrietan egiten dira, eta hori dela eta, giro intimoa eta lagunartekoa lortzen da.


Catalunyako Vilabetranen Europa osoan oihartzuna duen jaialdiaren 27. edizioa ospatuko dute aurten. Nola sortu zen handik Gaubeara ekartzeko ideia?

Gure turismoko eta ondareko eskaintza aberasteko jarduera bat egin nahi genuen udalerrian, Gaubean. Ekitaldi honek kultura eta ondarea uztartzeko aukera paregabea eman digu.

 

(Bartzelonako Arnau Tomàs biolontxelo-jolea uztailaren 13an arituko da, Batxikabon).

Kontzertuak Tuestako eta Batxikaboko elizetan burutzen dira, musika klasikoaz testuinguru berezi batean gozatzeko parada eskainiz.


Zeintzuk dira ezaugarri zehatz hauek dituen jaialdi baten kudeaketan dauden zailtasun handienak?

Egia esan, Kataluniako Schubertaldiaren laguntza handia eta hurbila izan dugu, eta honek asko erraztu digu prozesua.

Zailtasun bat esatearren, agian, garraioarena izango litzateke. Landa eremuan egonda, zailagoak izaten dira beti. Baina bide azkar batez konpondu dugun kontua izan da, edonola ere.


Iaz esperientziaren lehenengo edizioa burutu zen. Zer nolako erantzuna jaso zenuten?

Oso erantzun ona jaso dugu publikoaren aldetik hasieratik.

Pasaden urteko kontzertuak bete egin ziren. Eta aurtengo edizioko lehen kontzertua ere toperaino bete da.


Musika klasikoa ardatz duen festibal batek, publiko zehatz bat dauka edo profil guztietako jendea hurbiltzen da?

Gure kasu zehatzean, Gaubeako Schubertaldiak audientzia anitza dauka: melomanoak zein musikarien jarraitzaileak, baita familiak eta tokiko publikoa ere.

 

(Quiroga Laukotearena izango da azken emanaldia, uztailaren 27an).


Lau kontzertuk osaturiko programa diseinatu duzue Gaubeako 2019ko ediziorako. Zer nabarmenduko zenukete?

Zalantzarik gabe, artisten kalitatea nabarmenduko genuke, batzuk nazioarteko jatorriakoak ere. Ez da erraza izaten musikari hauek ikustea, eta gure udalerrian izatea luxu bat da.


Bide laburreko egitasmoa da Schubertaldia. Zein da etorkizunean egin nahi duen ibilbidea?

Euskadiko musika zirkuituan erreferente bilakatzea nahiko genuke.

Arlo praktikoan, azpiegiturak hobetzea gustatuko litzaiguke, eta lantzen ari garen sorpresa batzuk gauzatzea.

 

(2019ko uztailaren 10ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana