Arkitekto gipuzkoarrak, Parisen ikusgai nazioarteko erakusketan

  • Arkitekto gipuzkoarrak, Parisen ikusgai nazioarteko erakusketan
    'Kolore' taldeko arkitekto gipuzkoarrak

  • DataUztailak 11
  • Gaia Bestelakoak

Ligne et Couleur erakusketan parte hartzen ari dira, 'Kolore' izenpean, Jose Antonio Barea, Lorenzo Garcia, Carlos Orlando, Claudia Pennese, Jon Saenz del Castillo eta Jon Sistiaga arkitektoak

Gipuzkoako arkitektoen talde bat Parisen da, Ligne et Couleur nazioarteko erakusketaren 81. edizioan parte hartzen. Erakusketa ostegun honetan irekiko da, uztailaren 11an, eta hilaren 22ra bitarte iraungo du, Frantziako hiriburuko Luxenburgo Lorategietan kokatuta dagoen L'Orangerie du Senat eraikinean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzak jakinarazi duenez.

Arkitekto gipuzkoarren lanez gain, Alemania, Italia, Eskozia, Hungaria eta Poloniatik joandako beste arkitektoen margolanak, eskulturuak, argazkiak edo egurrezko tailuak ikusgai egongo dira. 'Kolore' izenarekin, eta Ligne et Couleur elkartearekin anaitutako elkarte gisa, Jose Antonio Barea, Lorenzo Garcia, Carlos Orlando, Claudia Pennese, Jon Saenz del Castillo eta Jon Sistiaga arkitektoek osatu dute Gipuzkoako ordezkaritza.

Jose Antonio Bareak proposatuta, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren laguntzarekin, pasa den irailean abiatu zen Kolore taldea, Ligne et Couleur europar sareko elkarte homologatu gisa, eta Gipuzkoako arkitekto-artistak ordezkatzeko. Momentuz sei dira edizio honetan parte hartzera animatu direnak, guztiak Gipuzkoako elkargokideak, baina datozen urteetan gehiago batzea espero dute.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana