Horrela egin zen "Ipurtargi txalapartaria"

  • Horrela egin zen
ehu.eus

  • DataUztailak 11
  • Gaia Ikusizko arteak

Gau Zurian erakutsi zen proiektua doktore tesi batean oinarritzen da eta Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatibo Masterreko ikasleek garatu zuten.

“Ipurtargi Txalapartaria” argi eta soinu ikuskizuna Bizkaia Aretoan egin zen, Bilboko Gau Zurian, hiribilduaren sorreraren urteurrenean. Proiektuaren oinarrian, Enrike Hurtadoren doktorego tesia dago: “La txalaparta digital: Un análisis de la txalaparta a través del desarrollo de software”. Hortik abiatuta, Hurtadok software bat sortu zuen, zeinak txalaparta bat erabiltzen baitzuen instrumentu horrek sortutako soinuari erantzuteko, adimen artifiziala erabilita.

 “Konplexutasunaren erroan, ispilu batek bezala funtzionatzen ez zuen programa bat sortzeko erronka zegoen, programak erantzun propio eta desberdin bat sortu behar zuen, argizkoa eta soinuzkoa; musika-tresnaren eta teknologiaren arteko elkarrizketa bat", azaldu du Josu Rekaldek, ekimen honen sortzailea izan zen masterreko arduradunak. Proiektu honen jendaurreko aurkezpena Bilboko hiribilduaren urteurren-ospakizunean egin zen; hala ere, "atzetik lan handia egon da", gehitu du.

Arte Ederren Fakultatea probaleku izan da bi hilabetez, gerora Bizkaia Aretoan proiektatu zen ikuskizuna prestatzeko. Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa Masterreko ikasleek jarri dituzte martxan instalazioak, Enrique Hurtado eta Josu Rekalde irakasleen gidaritzapean.

20 pertsona inguruk hartu zuten parte proiektuaren sorkuntzan; hala ere, hiru boluntario aritu ziren lanean instalazioa Bizkaia Aretoan martxan jartzeko, Gau Zuriaren harira. Ángela Corbacho, edo Eveline Miller (izen artistikoa), izan da "Ipurtargi Txalapartaria" proiektuan sartuta ibili den Masterreko ikasleetako bat. Bera Badajozekoa da, eta obra honen aurretik ez zuen txalaparta ezagutzen: “ez nekien txalaparta bat zer zen; orain, ekimen honetan parte hartu ondoren, uste dut oso ondo ezagutzen dudala esan dezakedala”.

Lantaldeak zenbait zailtasun izan zituen obra Bizkaia Aretoan martxan jartzeko. Horri dagokionez, Rekaldek eta Corbachok arazo tekniko berdinak aipatu dituzte: “unibertsitatean prestatu genuen guztia lekuz aldatzeko zailtasun nagusia eskala zen, Bizkaia Aretoaren tamaina, hain zuzen ere, baina baita ingurunea ere, instalazioak errepidea gurutzatu behar baitzuen”, kontatu du Rekaldek. Bestalde, Ángela Corbachok klima ere aipatu du: “hiru egun eman genituen Bizkaia Aretoan probak egiten, eta haizeak asko zaildu zigun lana; azkenean, karpa bat jarri genuen, haizearen eragina murrizteko”.

 “Horrez gain, instalazioaren bolumena eta erantzunaren atzerapena ere egokitu egin behar izan genituen; ez da gauza bera fakultatean, leku itxi batean, edo kanpoan egitea”, azaldu du Corbachok, zeinak ilusio handia jarri baitu proiektuan.

Espero ez zuten arrakasta

Zailtasunak zailtasun, instalazioak arrakasta handia izan zuen, eta bai Rekalde bai Corbacho oso pozik daude ikusleen erantzunarekin: "instrumentua ezagutzen zutenak nahiz ezagutzen ez zutenak hurbildu zitzaizkigun. Askok uste zuten ekintzaren erantzuna oihartzuna zela, eta harritu egiten ziren ikustean instalazioak soinu eta argizko erantzun propioa sortzen zuela”, kontatu digu ikasleak.

Hirugarren aldia da Arte Ederren Fakultateak Bilboko Gau Zurian parte hartzen duela; hala ere, edizio honetan obrak sortu duen ikusmirak harritu egin ditu arduradunak: “atzerriko adituek instalazioarekiko interesa adierazi zuten, eta gure kontaktua ere eskatu zuten”; azaldu du Rekaldek. Baliteke Bilbo proiektu honen lehen geltokia bakarrik izatea eta ibilbidea hasi baino egin ez izana!.    

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana