2019ko Aste Nagusiak kaleko antzerkiko eta arte eszenikoetako 18 lan ekarriko ditu: Euskadiko lau estreinaldi eta estatuko bat izango ditugu

  • 2019ko Aste Nagusiak kaleko antzerkiko eta arte eszenikoetako 18 lan ekarriko ditu: Euskadiko lau estreinaldi eta estatuko bat izango ditugu
bilbao.eus

  • DataUztailak 11
  • Gaia Arte eszenikoak

Aurtengoan, kaleko antzerkia lekuz aldatuko da. Gas plazak jendearentzako ikuskizunak hartuko ditu, eta Txikigunean, hau da, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, familientzako emanaldiak egingo dira.

Abuztuaren 18tik, domeka, abuztuaren 25era arte, Udalak doako ikuskizunak prestatu ditu, musika, magia, akrobaziak, clownak eta umore asko konbinatuz, adin guztietarako.

Nazioarteko ospea duten hainbat ikuskizun daude, baita euskal konpainia eta euskarazko lan asko ere.

Herritarrek antzerkiaren egitaraua babesten dute: Aste Nagusian balorazio onena jasotzen duten jardueretako bat dira. 2018ko jaietan 45.000 ikusletik gora izan zituzten.

Antzerkiak eta arte eszenikoek uriko kaleak hartuko dituzte berriro 2019ko Aste Nagusian. Bilboko Udalak 18 ikuskizun prestatu ditu. Haietatik lau estreinaldiak izango dira EAEn eta bat Estatuan.

Hala adierazi du gaur goizean, prentsaurreko batean, Itziar Urtasun Udaleko Jaietako zinegotziak. Esan duenez, aurtengo egitaraua Bilboko Aste Nagusiko gauzarik original eta dibertigarrienetako bat izango da. Espero du berriro ere jendearen babesa jasotzea. Herritarren ustez, kaleko antzerkia eta kaleko arte eszenikoak Aste Nagusiko jarduerarik onenetakoak dira: 2018ko jaietan 45.000 ikusle baino gehiago egon ziren.

Aurtengoan, kaleko antzerkia lekuz aldatuko da. Gas plazan egingo dira emanaldi orokorrak, orain arte Arriaga antzokiko plazan egiten zirenak. Bestalde, Txikigunean (Kasilda Iturrizar parkeko pergolan) familientzako emanaldiak egingo dira (lehen Gas plazan egiten ziren).

Aste Nagusiko kaleko arte eszenikoen egitarauan kalitate handiko ikuskizunak eskainiko dira, dohainik. Ikuskizun hauetan, musika, magia, akrobaziak, clownak eta umore asko elkartzen dira, adin guztietarako, bai goizeko saioetan, bai arratsaldez. Nazioartean ospe handia duten emanaldiak ekarriko ditugu, baita euskal konpainia eta euskarazko lan mordoa ere. Ikusleak barrez lehertuko dira proposamen zoro eta dibertigarri hauekin.

Prentsaurrekoan, 2019ko Aste Nagusiko kale antzerkiaren eta kaleko arte eszenikoen egitarauak eskainiko duenaren lagin bat erakutsi dugu. Hartara, emanaldi labur bat eskaini du Malas Compañías taldeak, “Prozak” antzezlanarekin. Adin guztietarako ikuskizun honek umorea eta zirkua ditu erdigune. Akrobaziak, aereoak eta objektuen manipulazioa erabiltzen dituzte, betiko zirkuaren antzean. Euskal konpainia honek jaietan hilaren 22an (eguena) jardungo du, 13:30ean, Gas plazan, eta 23an (barikua), 19:30ean Txikigunean.

18 KONPAINIA: 10 EAE-KOAK, 3 ESTATUKOAK ETA 5 NAZIOARTEKOAK

Gas plazak eta Txikiguneak hainbat ikuskizun hartuko dituzte abuztuaren 18tik (domeka) 25era arte (domeka). Bi saio izango dira Gas plazan, 13:30ean eta 21:15ean. Bakoitzak 50 minutu inguru iraungo du. Bestalde, Txikigunean, hau da, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, umeentzako ikuskizunak egingo dira, egunero 19:30ean.

Aurtengoan, munduko txoko askotako konpainiak edukiko ditugu gurean: Euskadi, Katalunia, Valentzia, Murtzia, Brasil, Kenia, Belgika, Italia eta Frantziakoak. Guztira, Euskadiko 10 konpainia, estatuko 3 eta nazioarteko 5 etorriko dira. Arte eszenikoen jaialdi oparo honetan ehun profesionaletik gora izango ditugu era guztietako pertsonaiei bizia ematen. Jendea zur eta lur utziko dute, magia eta akrobaziak eginez, eta clown, umore eta dantza ikuskizunak eskainiz.

LAU ESTREINALDI EUSKADIN ETA BAT ESTATUAN

2019ko Aste Nagusiko kale antzerkiko eta kaleko arte eszenikoen egitarauak bost estreinaldi ekarriko ditu Bilbora: lau EAEn eta beste bat Estatuan. Azken hori astelehenekoa da (abuztuak 19). Gas plazan egingo da, 13:30ean eta 21:15ean. “Temple” lana da, Cirq`ulation Locale taldearena (Belgika).

Gas plazan ere izango dira Euskadiko estreinaldiak. Lehenengoa, martitzenean, abuztuak 20, 13:30ean, “Josafat” ikuskizunarekin, Passabarret konpainiarena (Katalunia-Brasil). Gero, eguaztenean, abuztuak 21, 13:30ean eta 21:15ean, “Vintage Brothers”, Circo Los taldearena (Katalunia-Brasil) eta “L´avis bidon. Fase A”, Cirque La Compagnie taldearena (Frantzia), hurrenez hurren.

Euskadiko laugarren estreinaldia “El cazador” izango da, Migthy Jango taldearena (Kenia), abuztuaren 23an, barikua, 13:30ean eta 21:15ean, Gas plazan.

EUSKAL KONPAINIEN ETA EUSKARAZKO IKUSKIZUNEN PRESENTZIA HANDIA

Bilboko Udalak kaleko antzerkiko eta arte eszenikoetako egitarau honekin bilatzen duena da generoa oro har jendeari eta bereziki umeei hurbiltzea. Ezin dugu ahaztu Aste Nagusia dozenaka euskal konpainiaren plaza bihurtu dela. Bilboko Aste Nagusian zehar, publikoarengana hurbiltzeko eta sektorearen barruan aintzatespenik handiena lortzeko aukera dute.

Aurtengoan, euskal ordezkari asko egongo dira: guztira 10 euskal konpainia egongo dira. Hain zuzen ere, 2019ko Aste Nagusiko Kaleko Antzerkiko eta Arte Eszenikoetako egitaraua abuztuaren 18an, domeka, abiatuko da, Amico Teatro euskal taldearen eskutik. “Amico on the beach” taularatuko du, 13:30ean, Gas plazan.

Hilaren 22an, eguena, Gas plazan euskal konpainiak ere arituko dira: 13:30eanProzak” ikuskizuna eskainiko du Malas Compañías Zirko Taldeak eta, 21:15ean, “Festamentue” Tio Teromen Semeak taldeak.

Kaleko antzerkiko eta arte eszenikoen egitarauaren gailurra hilaren 25ean ikusiko dugu, domekan, 13:30ean, Trapu Zaharrak taldearen eskutik: “Turistreatzen” lana ekarriko digute.

Zalantzarik gabe, Txikigunean batuko dira euskal konpainia gehien eta euskarazko ikuskizun gehien, ume jendeari arreta berezia eskainiz. Emankizun guztiak 19:30ean izango dira.

Abuztuaren 18an , domeka, “Mr. Pichichi” ikuzkizuna eskainiko du Phil Otajolde Taldeak. Horren ostean ikusiko ditugu “Mendian Ibiltari”, Kontu Kantari 2rena, astelehenean, hilak 19; “Argi ta garbi”, Tor Magoarena, martitzenean, hilak 20; “Ondorengoak”, Zirika Zirkusena, eguaztenean, hilak 21; “Prozak”, Malas Compañías Zirko Taldearena, barikuan, hilak 23; “Diskopuntx”, Txaloka Antzerki Taldearena, zapatuan, hilak 24, eta “Gora Kasete!”, Eidabe Zerbitzu Kulturalak-ena, domekan, hilak 25.

Webgunea: www.bilbao-astenagusia.eus

#AsteNagusia2019

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana