Marina Beheretxe: "'Lau sasoiak' obran euskal soinuak entzun nituen, ziur Vivaldi Euskal Herrian izan dela"

  • Marina Beheretxe:
    Argazki guztiak: Laukitik At
argia.eus

  • DataAbuztuak 6
  • Gaia Musika

Marina Beheretxe (Baiona, 1985) txiki-txikitatik ohartu da musika doinu batek eman eta eskaini dezakeen zorionaz. Bere izena ezaguna da jada Euskal Herriko oholtzen gainean. Aldiz, aitaren makilen ordez, biolinak du erakarri musika ibilbidera. Tolosako Ganbara Orkestrarekin, urte luzez munduko gela handienetan aritu ondoan, Herrira itzuli da eta Iparraldeko Orkestran ari da 2015az geroztik, biolin bakarlari gisa. Maurice Ravel Kontserbatorioan txiribita erakasten du bestalde eta beste hamaika proiektutan dabil ere, hura bezala klasikotik urrun!

Beheretxe izenak zerbait berezia du, belaunaldiz belaunaldi musikari bikainak sortzeko? 

Nork daki... nik dakidana da sortu naizela musika mundu horretan. Nire aitatxirekin eta nire aitarekin, etxean musikarekin eta artearekin bizi izan naiz beti; nire amak ere asko maite du musika nahiz eta musikari ez izan. Beraz horrela handitu naiz, musikaz inguraturik.

Bateria edo akordeoia probatu dituzu biolina hautatu aitzin?

Makilak pixka bat probatu nituen behin, baina nik ttipitatik banekien biolina, txiribita egin nahi nuela. Nire aita-amek erran didate hiru urte nituela bakarrik, nire bizian biolina jo nahi nuela adierazi nuen lehen aldian eta uste dut ideia horrek ez nauela sekulan utzi. Zazpi urterekin hasi nintzen beraz Kontserbatorioan, hemen Baionan bertan. Denbora hartatik ez naiz sekula gelditu. Nire bizia da, nire biziaren parte handi bat da. 

Ingurumen musikalak lagundu zaitu bide profesionala gazte hartzeko erabakia hartzen? 

Nik dakidala, nire etxean, musika klasikoa ez zen batere entzuten. Hori bai, rock and roll asko, musika tradizionala eta munduko musikak ere entzuten ziren. Baina klasikoa nik dut etxean sartu. Aldiz egia da nire burasoekin kontzertuetara joaten nintzela asko. Aitaren ondoan egoten nintzen, taula gainean eta kontzertuetan; giro horretan hazi naiz. Baina egia da nire aldetik zerbait bazela jadanik, su txiki bat. Nire aldetik ere, bidaia txiki bat egin dut. 

Badirudi herriz herri musika jotzeko giroak erakartzen zaituela ere. 

Anitzetan musika klasikoak, irudi txar bat du. Jendeak pentsatzen du sobera zaila dela entzutea, ez dela haientzat egina. Nik alderantziz, denentzat egina dela uste dut. Orduan, nire helburua eta Philippe de Ezcurrarena, herriz herri, elkarrekin eskaini ditugun kontzertuetan izan da musika hori jende guztiei entzunaraztea. Gero egia da hautuak egin behar direla. Dena ezin da entzunarazi. Doinu batzuk zailak dira, edo belarriak ez dira usatuak eta beraz doinu batzuk bitxiak atzeman ditzakegu. Beste batzuk aldiz biziki erresak eta maitagarriak dira. Philipperekin euskal konpositoreen obrak hautatu ditugu, Itsasi edo Guridiren obrak, baita ere konpositore frantses ala Alemaniarrenak ere...Baina beti gauza erresak eta maitagarriak euskaldunentzat, adibidez dantzaren inguruan edo besta musikaren inguruan. Gero musika hasten delarik, uste dut hartzen dugun plazera sentitzen dutela eta hori pasarazten saiatzen gara. Pentsatzen dut plazera hartzen dugularik, hori transmititzen dugula eta mugak hausten direla. Justu musika gelditzen da, plazera.  

Elkarlan ezberdinak bultzatu dituzu beste euskal artistekin, "Lau sasuak" adibidez. 

Egia, nire bizitza txikian esperientzia asko egin ditut, klasiko munduan, rock munduan, pop munduan, tradizionalean; asko ibili naiz dantzariekin eta egia da musika tradizionalak, soinu horiek asko maite ditudala. Baina berriz ere pena da, mundu horiek denak partekatuak direla, eta nik uste dut denak lotzen ahal direla eta zerbait polit sor daitekeela.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana