Ikerlaria ikertzea xede

  • Ikerlaria ikertzea xede
    Joxe Azurmendi filosofoa. JON URBE / FOKU
berria.eus

  • DataAbuztuak 12
  • Gaia Literatura, Ondarea, Bestelakoak

Joxe Azurmendik dio «besteen» pentsamendua aztertzen aritu dela eta ez duela argi berea zein den. EHUk eta Jakinek argituko dizkiote dudak, haren pentsamendua aletzeko kongresua egingo baitute abenduan.
 

Harrituta eta aldi berean lotsatuta dagoela aitortu du Joxe Azurmendi pentsalariak (Zegama, Gipuzkoa, 1941). «Besteen pentsamendua aztertzea izan da gehien bat nire lana. Nire pentsamendua zein den ez dakit; beharbada, orain enteratuko naiz». 40 liburu baino gehiago idatzi ditu Azurmendik, eta ehunka dira ondu dituen artikuluak. Politika, historia, gizartea, hizkuntza, literatura, komunikazioa, artea, zientzia eta teknologia; ate guztiak ireki ditu zegamarrak, eta, haren pentsamenduaren ertzak ezagutu asmoz, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur jauzia kongresua egingo dute abenduaren 11tik 13ra bitartean, Donostiako San Telmo museoan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateak antolatu ditu jardunaldiak, Jakin Fundazioarekin elkarlanean. Bi erakundeetan aritutakoa da pentsalaria: Filosofia irakasle aritu zen EHUn, eta, 1956an Jakinen sortzaileen taldean egoteaz gain, aldizkariaren zuzendaria ere izana da. Bost hamarkada eman ditu Azurmendik ikerkuntzan; eta, orain, ikerlaria ikertuko dute.

Tesia, katedra eta kongresua: zegamarrari buruzko hiru jauziren berri eman dute aurten. Azurmendiren pentsamenduari lotutako lehen tesia aurkeztu zuen joan den hilean Haritz Azurmendi ikerlariak. Hilabete berean, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuten Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra sortu dutela, Azurmendiren lana eta pentsamendua ez ezik, 1956ko belaunaldia osatu zutenena ere ikertu eta zabaltzeko helburuarekin.

Abenduan egingo dute hurrengo urratsa, filosofo horri buruzko biltzarrarekin. Pentsamenduaren transmisioan buru-belarri aritu da Azurmendi bere jardunean, eta berak garatutakoari helduko diote orain. «Haren obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren, filosofiaren historiaren, poesiaren, erlijioaren esparruak bustitzen ditu, eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan». Antolatzaileen esanetan, Azurmendiren pentsamenduaren irismen zabala areagotzea da helburua, bai jorratuko diren arloei dagokienez, bai landutako gai horiek izan duten eraginari dagokionez. Orain arte, 30 hizlarik baieztatu dute parte hartzea. Haien artean dira, besteak beste, Lorea Agirre, Miren Azkarate, Agnes Cugno, Victor Gomez-Pin eta Joseba Zulaika. EHUren webgunean dago ikusgai topaketei buruzko informazioa.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana