Roger Michell zuzendariaren "Blackbird" filmak emango dio hasiera Donostia Zinemaldiari

  • Roger Michell zuzendariaren

  • DataAbuztuak 13
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Urrezko maskorra eskuratzeko lehiatutako Bille August daniarraren ‘Silent Heart’ (2014) dramaren remakea da eta Susan Sarandon, Kate Winslet, Mia Wasikowska eta Sam Neill dira protagonistak

Blackbird-en Europako estreinaldiak emango dio hasiera 67. Donostia Zinemaldiaren lehiaketako Sail Ofizialari. Susan Sarandon, Kate Winslet, Mia Wasikowska eta Sam Neill dira Roger Michellek zuzendutako filmaren protagonistak. AEBren eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio hori Stille Hjerte / Silent Heart (2014) dramaren remake bat da. Hain zuzen, film harekin Zinemaldian lehiatu zen Bille August daniarra, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Paprika Steen antzezleak.

Urrezko Maskorra lortzeko lehia irailaren 20an hasiko da, Blackbird filmaren emanaldiarekin. Bertsio berriaren gidoia ere Christian Torpe-k idatzi du; hau da, Stille Hjerte / Silent Heart filmaren jatorriko libretoaren egileak. Susan Sarandonek (Donostia saria, 1995) sufrimenduari amaiera eman nahi dion gaixo terminal bat hezurmamitu du. Hasiera batean, duintasunez hiltzeko erabakiaren alde agertuko da haren familia, baina alabek (Winslet eta Wasikowska) egoera are gehiago zailduko duten familia-sekretu batzuk aurkituko dituzte.

Roger Michell (Pretoria, Hegoafrika, 1956), Erresuma Batuan kokatutako zuzendaria, My Night with Reg (1997) eta Titanic Town (1998) filmekin hasi zen zinemagintzan, baina Notting Hill (1999) izan zen haren lehenengo arrakasta: 360 milioi dolar baino gehiago bildu zituen Julia Roberts eta Hugh Grant aktoreek protagonizatutako komedia erromantiko horrek. Ondotik beste lan batzuk zuzendu zituen: adibidez, Changing Lanes (2002), Samuel L. Jackson eta Ben Affleck aktoreekin, eta Le Week-End (2013), Donostiako Sail Ofizialean lehiatu eta Jim Broadbent-i gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion filma.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana