Bideotik 2019. Ikus-entzunezko bestelako narratiba batzuei begira (AZ)

  • Bideotik 2019. Ikus-entzunezko bestelako narratiba batzuei begira (AZ)

  • DataIrailak 3
  • Gaia Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoa

Aurki, izen ematearen inguruko informazioa eta oinarriak

--

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoren BIdeOtik programak testuinguru lokalean, nazionalean eta nazioartean sortutako bideo proiektuak sustatzeko lanean dihardu, eta, aurten, formatu berri bat dakar.

Lau urtez ziklo komisariatuak antolatu dira programa horren baitan, eta, oraingoan, lehen deialdi irekia egingo da, proiektuari balioa atxikitzeko gogoeta eta berrikusketa prozesuaren emaitza gisa. Batzorde batek erabakiko du zer pieza erakutsiko diren urtarriletik aurrera Azkuna Zentroan, Bastida Aretoko pantailan nahiz Atarian, Zentroaren programazio hedatuaren baitan.

BIdeOtik programari eta ikus-entzunezko bestelako narratiba batzuei arreta emateko helburuari loturik, kontuan hartu nahi da ez soilik lan amaitua bera, proiektu bakoitzaren atzean dauden pertsonak eta prozesuak baizik. Hori dela eta, saio bakoitzean obraren egileek beren lana aurkeztu eta solasaldia egingo dute publikoarekin.

Deialdiaren oinarriak

Deialdi irekia da, esan bezala, bereziki honako hauei begira antolatua: bideoartea, bideo esperimentala, bideo dantza, animazioa edo dokumentala garatzeko ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzten artistak eta bideo sortzaileak, narratibaren nahiz estetikaren arloetan arreta berezia ematen dietenak, ikuspegi garaikidetik, sentiberatasun artistiko, kultural eta sozialari.

Era berean, piezek bat etorri behar dute Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoren Programa Proiektuarekin, zeinaren helburua baita kultura garaikidearekiko loturak estutzea, gizarte sortzaileago, kritikoago eta dibertsoago bat eraikitzen laguntzeko. Eginkizun horretan, bereziki aintzat hartzen dira artearen arloko gaur egungo euskarazko sorkuntza eta ikuspegi feminista, ezagutza kritikoa sortzeari eta artearen eta artisten bidez gizartea eraldatzeari begira.

Deialdian, bi kategoria bereizi dira: aretoko proiekzioak eta Atariko pantailakoak. Aretoko proiekzioko saioek 60´- 90´ iraun behar dute, gutxi gorabehera, eta obraren egileek ezinbestez parte hartu beharko dute aurkezpenean eta proiekzioaren ondoren publikoarekin izango den solasaldian.

Bestalde, Azkuna Zentroko Eguzki pantailak –eraikineko Atarian kokatutako indoor pantaila urbanoa– eskatzen dituen ezaugarri tekniko bereziak direla-eta, oinarrietan zehaztutako eskakizun espezifikoak zorrotz bete beharko dituzte aurkezten diren ikus-entzunezko obrek.

Obra hautatuak BIdeOtik programaren barruan proiektatuko dira, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaon, 2020ko lehen hiru hilabeteetan; epaimahaiak aurretiko hautaketaren irizpenak jakinarazi ondoren zehaztuko da egitaraua.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana