Dimetal Fest, heavyaren hitzordua Arratian

  • Dimetal Fest, heavyaren hitzordua Arratian

Irailaren 27 eta 28ko asteburua Dima izango dute topaleku heavy musikaren maitaleek. Dimetal Fest Jaialdiaren bosgarren ediziorako hainbat nobedade eta aurrerapauso iragarri ditu Dimetaleroak Kultur Elkarteak, jaialdia antolatzen duen taldeak. Xehetasun guztiak bozeramalea den Itsaso Arrizabalagaren laguntzarekin ezagutu nahi izan ditugu.

 

Duela bost urte abiatu zen Dimetal Fest jaialdia. Zerk animatu zintuzten orduan egitasmo hau martxan jartzera?

Heavy Metal-a izugarri maite zuten bost kidek eman zioten hasiera jaialdiari.

Helburua, jaialdiaz gain Heavy Metalarekin loturik zeuden jarduerak, urte osoan herriari eskaintzea izan zen. Gaur egun ere, filosofia eta balore berdinekin jarraitzen dugu.


Egun bakarreko karteletik bi eguneko eta lau eszenatokiko jaialdia antolatzeko aurrerapausoa eman zenuten iaz. Aurten, 23 talde arituko dira Dimetal Fest-eko asteburuan. Nola baloratzen duzue festibalak egin duen ibilbidea?

Esan beharra daukagu, Dimetal Fest ia konturatu gabe gradualki hasten joan dela. Aurtengoa inoizkoa baino salto handiagoa izan da. Sarrera ordaintuta karpa batean jaialdia antolatzeak izugarrizko lana dakar berarekin edozein arlotan.

 

(Iazko kontzertu baten irudia. Argazkia: Dimetal Fest)

Dena, gure publikoaren eskaerari erantzuna emateko saiakera batean egiten dugu. Balorazioa beti positiboa da, akatsetatik ikasiz eta erroka berriak ilusioz borrokatuz.


Trash-a, Death-a, Dark Power-a... heavyaren unibertso zabalak dago Dimetal Fest-en ordezkatuta. Nola ixten da hau bezalako kartel bat? Ze beste irizpide izaten dituzue kontuan taldeak aukeratzeko orduan?

Beti saiatzen gara jendea erakartzen duen kartel bat egiten eta noski, metalaren barruan ahalik eta aniztasun gehien izaten. Esan duzun moduan, unibertso zabala da eta badago nondik ibili.

Bestalde, berdintasuna eta euskara arloak oso garrantzitsuak dira guretzat. Gure apustuan irizpide bi hauek aintzat hartzea positiboa dela uste dugu, minorizatuagoak dauden talde hauei ikusgaitasuna emateko.


Festibalarekin tokiko heavyaren eszenaren garrantzia agerian gelditzen da. Izan ere, taldeen erdia baino gehiago gure testuingurukoak dira. Osasuntsu dago euskal heavya?

Gero eta gehiago! Arestian aipatu bezala, metalaren barruan azken urteotan hainbat azpi genero sortu dira eta jendea apurka-apurka badoa Metalarekiko topikoak hausten eta genero indartsu gisa onartzen.

Zaletuak baditu eta gainera, beti esaten da oro har publiko leialena metal zaleak direla.


Dimetal Fest ez da kontzertuetara mugatzen, hainbat ekitaldi beteriko programa diseinatu baituzue. Zein da jarduera hauek festibalari egiten dioten ekarpena?

Jaialdi ezberdin baten formatua nahi izan genuen hasieratik, musikara bakarrik mugatzen ez dena, jendeak jaialdi kultural gisa ulertzen duena. Metal eta gure kulturaren arteko uztarketatik hainbat ideia sortu izan zaizkigu eta oso ondo hartuak izan dira beti.

Bestalde, familia osoak gozatu ahal izatea izan da gure beste helburuetako bat, beraz, argi dago jarduera hauek ekarpen handia egiten dutela eta digutela.

 

(Destruction talde alemianiarra da aurtengo kartelburuetako bat).


Zer nabarmenduko zenukete aurtengo musika programatik?

Esan bezala, aurtengoa inoiz baino salto handiagoa izan da oro har edozein aspektutan eta nolatan ez, musikan ere bai. Maila internazionaleko talde alemaniar bi izango ditugu gurean: Destruction, Europako Thrash Metal talde garrantzitsuenetako bat, eta Bonfire 70ko hamarkadan sortutako Hard Rock talde klasikoetako bat.

Aurten izango dugu baita ere gure lehen Black Metal taldea, Galiziatik datozen Balmog hain zuzen ere.


Nola aurreikusten dituzue hurrengo urteotan jaialdiak eman behar dituen urratsak?

Gure helburua aurtengo maila berdina mantentzea da. Lan asko dago egiteke gauden puntuan eta hobetu beharrekoak hobetzea da helburu nagusia.

Ez dugu inolaz ere gure nortasuna galdu nahi, DIMETAL FEST herrikoa eta herriarentzat egiten dugun jaialdia izatea.

 

(2019ko irailaren 3an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana