"Laboa Gertutik" musika-instalazioa

Vitoria-Gasteiz Abenduaren 2(e)tik Urtarrilaren 8(e)ra

Mikel Laboa zendu zela 8 urte igaro direnean, Laboa Gertutik musika-instalazioa Oihanederrera heldu da. UPV-EHUko Mikel Laboa Katedrak musikaria gertuan sentitzeko sortutako espazioa urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Jovellanos aretoan.

Laboa musikari ezaguna izan zen, eta bere jardun artistikoak musikaren mugak zeharkatu eta euskaldunon belaunaldi desberdinen memorian iltzatuta geratu da, sentimendu kolektibo baten adierazpide gisa.

Instalazioak artistaren gertuko kolaboratzaileen testigantzak jasotzen ditu. Espazio xume batean haren presentzia irudikatu nahi izan da: hustutako oholtza bat, bere ahotsa, ez beste ezer asko. Proposamenak Laboak bere ibilbidean jorratu zuen esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi du: bere ahotsa unibertso propioaren adierazpen gisa, jolas fonetiko aberatsen bidez, umorea eta ironia tartekaturik, bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin batera, etenik gabeko jokoan.

Ordutegia: 18.00etatik 21.00etara / Igandeetan 11.00etatik 14.00etara / Astelehenetan eta abenduaren 6, 8, 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita.

 

Musika instalazioaren testuinguruan hainbat ekintza osagarri antolatu dira abenduan zehar:

  • Abenduak 2: Musika instalazioaren inaugurazioa eta bisita gidatua
    • Itziar Zubizarreta instalazioaren arduradunarekin
  • Abenduak 20Laboa gertutik jardunaldia
    • Laboaren begirada joria: Ana Gandara (UPV-EHU Mikel Laboa Katedra)
    • Mikel Laboa. Kanten bidezko harreman-sareak: Josune Albisu (UPV-EHU, Mikle Laboa Katedra)
    • Mikel Laboa eta bide esperimentala: Auritz Aurtenetxe (UPNA)

*20 minutuko hitzaldi laburrak

  • Abenduak 22: Mikel Laboa (1934-2008) dokumentala & solasaldia
    • Proiekzioaren ostean solasaldia egingo da Juan Cruz Igerabiderekin

* Ekintza guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, Txoriak dantza ikuskizuna izan ezik, 20:00etan izango dela.

Musika-instalaziotik mugitzeko gakoak:

  • Abiapuntua: Isiltasunaren intimitatea, bertan Mikel Laboaren kantuez eta haren irudiaz gozatzeko, bakarka edo talde txikietan.

  • Espazio bat irudikatu: Eszena-toki bat irudikatu da: xumea, txikia, lau argi eta aulki huts bat. Espazio horren mugan musika-jostailu bat kokatu da; honen bitartez, Laboaren ahotsa entzutearekin batera, hainbat irudi ikusi ahal izango dira parte-hartzaileren batek teklatu baten teklak jotzen dituen bakoitzean.

  • Entzuteko jostailuaJostailua teklatu bat, ordenagailu bat eta bozgorailu batzuen artean egin da, eta proiektore batekin konektatuta dago. Irudia “eszena-tokian” jarrita dagoen pantaila batean ikusi ahal da eta bertako bozgorailuek Laboaren ahotsa errepikatzen dute, konektatzen den bakoitzean.

  • Laboaren kantuak entzun: Erakusketa-aretoan, hiru atril txiki daude eta horietan 3 iPad. iPad bakoitzak bere irudiak eta kantuak izango ditu. Laboaren hainbat kantu osorik entzun ahal izango dira eta, zenbaitetan kantuak ilustratzeko irudi propioak edota lehendik eginikoak baliatuko dira. Hainbat kantutarako ilustratzaileen bertsioak erabiliko ditugu eta beste hainbatetarako argazkiak. iPad bakoitzean bi lagunek kantuak aldi berean entzun ahal izango dituzte, aurikular banarekin.

  • Erakusketa txiki bat: Hormetan iltzaturik Jose Luis Zumetaren irudiak izango dira; Laboaren diskoetako azalak, hain zuzen ere. Gainera, hiru testu ere izango dira, Laboaren profila ezagutzera emango dutenak.

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana