Dock of the Bay 2019

Donostia-San Sebastián Urtarrilaren 7(e)tik urtarrilaren 12(e)ra
  • Dock of the Bay 2019

Urtarrilaren 7tik 12ra Donostiako pantailetara iritsiko den Dock of the Bayjaialdia programazioa iragartzen hasi da eta Sail Ofizialean lehiatuko diren bederatzi filmen izenburuak aurreratu ditu. Hiriko hainbat gune hartuko ditu jaialdiak: Trueba zine-aretoan eta Antzoki Zaharrean musika dokumentalak proiektatuko dira eta Tabakaleran, Dabadaban eta Convent Gardenen musika eta kultura ekitaldiak. 

Zinema eta musika zaleen topalekuak musika genero eta gai oso ezberdinak landuko dituen askotariko dokumental sorta aurkeztuko du aurten: Iparraldeko musika tradizionala, Milford Graves perkusio-jotzailearen abangoardiazko jazza, Novedades Carminha taldearen pop musikaa edo Sonich Youthbandaren rocka, besteak beste. 

Dokumental hauetariko batzuk nazioartean sarituak izan dira, bost aintzatespen dituen Linn da Quebrada abeslari eta artista transgenero brasildarraren erretratu den ‘Bixa Travesti’ ekoizpena kasu, Cartagenako Zinema Jaialdian eta Documenta Madriden saritua. Miquel Serra musikari mallorcarraren erretratu intimoa eta emozionala islatzen duen ‘Els Ulls s’aturen de crèixer’ Kataluniako dokumentalak ere publikoaren saria eskuratu zuen Bartzelonako In Edit Jaialdian. 

Kataluniako musikatik galiziar musikara: ‘O Espírito de Pucho Boedo’ ekoizpenak Novedades Carminha taldeak A Santiago voy Galiziako herri musikaren hit handia nola berrikusten eta omentzen duen filmatzen du. Bestalde, ‘Cantares de una Revolución’ dokumentalean, Nacho Vegasek 1934ko urrian Asturiasko langile eta nekazarien altxamenduaren inguruko gertaera eta leku adierazgarrienetatik ibilbide bat egiten du, eta ‘La Estrella Errante’ filmak Los Fiambres punk taldearen nondik norakoak aztertzen ditu,El lado oscuro del rocanrol kultuko diskoa kaleratu baino 30 urte geroago.

Milford Graves perkusio-jotzaile famatuaren eta abangoardiazko jazzaren aitzindariaren erretratua da musikagilearen sormen kaleidoskopikoa eta jakin-min nekaezina arakatzen dituen ‘Milford Graves: Full Mantis’ dokumentala. Eta ‘Hello Hello Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim’ ekoizpenak Sonic Youthtaldeko Lee Ranaldo gitarra-jotzailearen sortze-prozesua islatzen du, Raül Refree ekoizlearekin elkarlanean sortutako Eletric Trim albumaren grabazioan.

Sail Ofizialak bi euskal opera prima ere aurkeztuko ditu: Usua  Garinek, Andrea  Lopetegik eta Izotz Barriok  zuzenduriko ‘Lou’ filma, Lou Olangua (OK Korral) 80ko hamarkadan euskal rockaren emakumezko lehendabiziko ahotsetakoa izan zenari buruzko ekoizpena. Eta Elsa Oliarj-inès zinegilearen ‘Bashaideak’ dokumentala, euskal musika oso ikuspegi ezberdinetik aztertzen duena Zuberoko abesti tradizionalak landuz. 
 
Emakume zinegileek zuzendutako bi ekoizpen hauek aurtengo Dock of the Bay jaialdian emakumeak duen garrantziaren adierazgarri dira. Izan ere, emakumeek zuzendutako sei film aurkeztuko dira jaialdian, horietako hiru Sail Ofizialean, eta beste horrenbestek emakume protagonistak dituzte. 

Emakumezkoen protagonismoa ere erabakigarria izango da musikaren eta ikus-entzunezkoen profesionalek osatutako epaimahaikideen artean. Lehiaketan sartuko diren lanak baloratuko dituzte Rotterdameko Zinema Jaialdiko programazio batzordeko kide Mercedes Martínez-Abarcak; Mostra de València – Cinema del Mediterrani zinema jaialdiko programatzaile eta zinema eta musika gai dituzten hainbat libururen egile Eduardo Guillotek; eta Marcel Bagesekin batera 45 cerebros y 1 corazón estreinako album saritua kaleratu duen Maria Arnal abeslariak. 

Bestalde, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Donostiako Sustapenaren babesari esker, ‘Musika, irudia, kontakizuna’ izeneko mintegia aurkeztuko du jaialdiak. Teoriko, kritikari eta zinemagileek zinema dokumentalari buruz eta honako gai hauei buruz hausnartzeko erabiliko dute espazio hau: kontakizunaren egokitasuna musika dokumentaletan; dokumental horiek literaturarekin, antzerkiarekin edo arte ederrekin dituzten loturak; haien egiturak; haien anomalia eta transmisioak. Aaron Rodriguez Serrano mintegiaren koordinatzailearen hitzetan, “zinemaren bidez kontatu nahi dugu musika” eta ideia horrek sortzen dituen galderak erantzuteko lekua izango da mintegia. 

Hizlarien artean, honakoak nabarmen daitezke: Elena Setien konpositore eta abeslari donostiarra, Eduardo Guillot Mostra de València – Cinema del Mediterrani zinema jaialdiko programatzailea, Lois Patiño zinemagile eta artista bisuala eta Marla Jacarrila artista bisual, idazle eta zine kritikaria. 

EGITARAUA


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana