"Lehoiak elurretan. Arrikrutzeko lehoia"

Bilbao Otsailaren 27(e)tik uztailaren 14(e)ra
  • "Lehoiak elurretan. Arrikrutzeko lehoia"

Erakusketa honetan, Arrikrutzeko lehoiarekin batera, garai hartako beste animalia karniboro batzuen fosilak ikusi ahal izango dira; esaterako, Obarretako kobazuloan (Bizkaian) aurkitutako kuoi baten buru-hezur bat. Horrez gainera, Askondoko koban (mañaria, Bizkaia) aurkitutako leizeetako hartz baten buru-hezurra edo Carrioneko aztarnategiko hiena heldu baten buru-hezurra ikusi ahal izango dira, besteak beste. Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoan izango da erakusketa, otsailaren 27tik uztailaren 14ra arte.

Lehoiak elurretan. Arrikrutzeko lehoia izenburupean, Bilboko Arkeologi Museoan orain milaka urte bizi izan ziren animalia batzuen eskeleto eta buru-hezurrak egongo dira ikusgai.

Erakusketan, Arrikrutzeko kobazuloan (Oñati, Gipuzkoan) 1066. urtean aurkitu zen lehoiaren eskeleto osoa ikus daiteke; eskeletoa ale heldu batena da, gutxi gorabehera 250 kiloko pisua zuena eta 1,20 metro altu zena.

Oso bitxia ematen badu ere, orain dela urte asko, Goi Pleistozenoan (duela 126.000-11.700 urte bitartean), gaur egun Afrikako sabanetan bizi direnak baino handiagoak ziren lehoi talde batzuk ibiltzen ziren gure lurraldeetako mendi eta haranetan zehar.

Basapiztia horiek gizakiekin aritu ziren lehian, bizirik irauteko eta janaria lortzeko. Bobido handiak (bisonte eta uroak) oreinak eta zaldiak ehizatzen zituzten. Beren presak harrapatu eta immobilizatzen zituzten, itota edo asfixiaz hil arte; gero, zatitu egiten zituzten baraila sendoak erabilita. Ahoan hortz gutxi zituzten, baina artaziak bezain zorrotzak ziren, erakusketan ikus daitekeen legez.

Gure arbasoek, animalion edertasunaz liluratuta baina haien indarragatik beldurtuta, haien irudiak marraztu eta grabatu zituzten kobazuloetan (orain dela gutxi Lekeitioko Armintxen aurkitu da horren adibide bat), eta estatua txikietan irudikatu zituzten (Pirinio Atlantikoetako Nafarroa Behereko Isturritzeko kobazuloan ikus daitekeen bezala). Irudi horiei esker jakin dezakegu arrek ez zutela kalparrik, edo kalpar laburra zutela.

Erakusketan, Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoarekin batera (Iberiar Penintsulan ezagutzen den osoena), garai hartako beste animalia karniboro batzuen fosilak ikusi ahal izango dira; esaterako, Obarretako kobazuloan (Bizkaian) aurkitutako kuoi baten buru-hezur bat. Kuoia txakur antzeko animalia bat da, otsoa baino txikiagoa baina azeria baino handiagoa; gaur egun, Asian ikus daiteke. Era berean, Askondoko koban (mañaria, Bizkaia) aurkitutako leizeetako hartz baten buru-hezurra edo Carrioneko (Pinilla del Valle, Madril) aztarnategiko hiena heldu baten buru-hezurra ikusi ahal izango dira, besteak beste. Azken aztarna hori Atxagakoban (Forua) aurkitutako beste fosil batzuen antzekoa da.

Erakusketa osatzeko, leizeetako lehoiaren eskultura hiperrealista bat dago, berariaz erakusketa honetarako egina, eta Iñaki Zubeldiaren bideo bat (Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoa aurkitu zuena), non aurkikuntzaren nondik norakoak azaltzen dituen.

Burgosko Giza Eboluzioaren Museoaren ideia izan da erakusketa hau, eta Asier Gómez Olivencia da haren komisarioa (Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzailea.

Arrikrutzeko lehoia Gordailuarena da (Gipuzkoako Ondare Higigarriaren Zentroa), eta ikusgai dauden gainerako fosilak Arkeologi Museoaren (Bizkaiko Foru Aldundia) eta Madrilgo Eskualdeko Arkeologia Museoaren funtsetatik daude aterata.

Horrez gainera, 35.000-40.000 urte eginiko irudi batzuen kopiak daude ikusgai; irudiok lehoienak dira, eta kobazulo hauetan aurkituak: Vogelherd, Hohlenstein-Stadel (Alemania) eta Isturritz (Nafarro Beherea, Frantzia). Burgosko Giza Eboluzioaren Museoak, partikular batek eta Gaztelu-Grottes d´Isturitz elkarteak utzi dituzte erakusketarako. Halaber ikus daitezke Chauvet- Pont-d’Arc (Ardéche, Francia) eta Armintxeko (Lekeitio, Bizkaia) kobazuloetan horma-arteko panelen kopiak, Goi Paleolitoan marraztu edo grabatutako lehoiak irudikatzen dituztenak.

Jarduera osagarriak.

Otsailaren 27an inauguratuko da erakusketa, eta uztailaren 14ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoan.

Martxoaren 20tik aurrera, bisita gidatuak egingo dira asteazken eta ostiraletan, 18:00etan.

Martxoaren 27an eta maiatzaren 15ean, bi autore-bisita egongo dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, Asier Gomez Olivencia paleontologo eta erakusketaren komisarioak gidatuta.

Ekainaren 14an, irteera bat egingo da Oñatira, 3 ordu eta 30 minutuan Arrikrutzeko kobazuloko galerietan zehar ibiltzeko, han aurkitu baitzen erakusketa honen ale garrantzitsuena den lehoiaren eskeletoa. Gainera, aukera izango dugu kobaren berezitasun arkeologikoez gozatzeko, hala nola espeka handiaz edo Aldaola errekaren lur-azpiko ibilguaz.

Azkenik, maiatzeko igandeetan, familientzako tailer bat egingo da, «Piztien artean» izenekoa, non 6-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek aukera izango duten Euskal Herrian orain dela 20.000 urte bizi ziren animaliak ezagutzeko.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data Otsailaren 27(e)tik uztailaren 14(e)ra
  • OrdutegiaLan egunak: 10:00-14:00 eta 16:00-19:30. Igande eta eta jaiegunetan: 10:30-14:00
  • Lekua Bizkaiko Arkeologi Museoa
    Mallonako Bidarriak, 2 ? Sarrera: Prim, z/g
    Bilbao
  • ZenbatekoaDoan
  • Web Bizkaiko Arkeologi Museoa

Non

Euskadi, auzolana