"Lan grafiko eta anizkoitz garaikideak. Picassotik Barcelorá"

Donostia-San Sebastián 2019(e)ko maiatzaren 10(e)tik 2019(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • "Lan grafiko eta anizkoitz garaikideak. Picassotik Barcelorá"

Arte Contemporáneo GACMA enpresak, Okendo Kultur Etxearekin elkarlanean, Lan grafiko eta anizkoitz garaikidea. Picassotik Barcelóra erakusketa aurkeztuko du Donostian.

Erakusketa 23 artistaren 35 lanez osatuta dago; bertan, jardun artistikoen sorta baten bilakaera erakusten da, eta jardun horiek amankomunean dute bitarteko mekanikoen bidez erreproduzitu daitezkeela. Horrez gain, artistaren eta teknologiaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat jasotzen du.

Gaikako blokeetan bereizi da erakusketako ibilbidea, ongi uler dadin. Diskurtsoak, lehenik, Espainiako arte garaikidearen jatorria aurkezten du, Pablo Picasso, Salvador Dalí eta Joan Miró artisten lanekin; jarraian, abstrakzioaren hizkuntza garatu zuten artisten lan sorta bat ageri da (Antoni Tápies, Rafael Canogar, Antonio Saura edo Eduardo Chillida); eskultura garaikidea, Miguel Berrocal, Eduardo Arroyo edo Pablo Serranoren askotariko lanekin; pop art-a eta serigrafia, Andy Warhol eta Equipo Crónicaren lanekin besteak beste; eta, amaitzeko, 1980ko eta 1990eko Espainiako artearen ikuskera poetiko bat, Jaume Plensa, Luis Gordillo, Jose María Sicilia eta Miquel Barcelóren lanekin.

Modu horretan, bi sistemaren arteko bidegurutzean kokatzen da erakusketa: arte moderno eta garaikideko bilduma bat eta artearen historia artikulatzea, arte garaikidearen eta erreproduzigarritasun teknikoaren arteko lotura erabiliz.

Badirudi obra grafiko garaikidea, egun, haren ikuskera tradizionaletik kanpo kokatzen dela, pertzepzioa eta lehentasunak aldatu eta orain arte gutxi garatutako aukerak nabarmentzen baititu. Haren ezaugarri nabarmenenak, hala nola demokratikoa, anizkoitza, ekonomikoa eta herrikoia izatea, eraldatu eta berrantolatu egiten ditu artistak, obra barruan diskurtso kontzeptual bat sortzeraino, non potentzialitateak artearen zerbitzurako sormeneko tresna gisa onartzen baitira.

Teknologiak ekoizpenean –nahi gabe– duen garrantziak balioa eransten dio obraren manufaktura-prozesuari, eta aura bat ematen dio, teknika eta erabilerak bezain anitza eta berezia dena, zeinak, bide batez, ezkutuko tresna bezala sartzen baitira prozesu grafiko sortzailean.

Azken garaietan, artista askok aurreiritzirik gabe erabili dute obra grafikoa lan askoren oinarri gisa. Haren ezaugarri plastikoek, ikertzera bultzatzeko duen gaitasunak, txunditzeko duen ahalak, haren askotariko aukera eta euskarriek eta haren muga irekiek sorkuntza garaikidean gorantz doan diziplina bilakatzen dute obra grafikoa.

Argia da Walter Benjaminek Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian saiakeran ematen duen ikuspegiaren eragina proiektu honen ideia nagusian; izan ere, masa-ekoizpenaren arazoan eta artelan garaikidearen auraren galeran ardazten da ikuspegi hori.

Filosofoaren arabera, artelanaren funtsezko ezaugarriak biltzen ditu aura horrek eta erritualaren funtzioarekin lotuta dago. Hortaz, modu horretan, subjektu sortzailea –linguistikoki hitz eginez– desagertu egiten da, eta hainbat prozesuk eta hainbat sortzailek esku hartzen duten lan batzuei bide ematen die. Iragan mendetik, anizkoitzak izateko eta potentzialki mugatua den modu batean erreproduzitzeko pentsatuak dauden artelanak diseinatu dituzte artista askok: pieza horiek bildumagileek soilik eskura ditzaketen produktu berezi izateari utzi, eta beste edozein produktu industrialen gisako kontsumo-ondasun bilakatzen dira.

ERAKUSKETAREN EDUKIA

Espainian, XX. mendearen hasiera oso emankorra izan zen artista handien agerpenari zegokionez. Obra grafikoaren sorta honetan proposatzen dugun Espainiako abangoardiaren irakurketa kronologikoki antolatuta dago, hiru artista hauen ibilbideak nabarmenduta: Picasso, Miró eta Dalí, abangoardiako zenbait adierazpenetako partaide diren aldetik.

Hizkuntza plastikoaren aldaketek ez zuten erabateko eraginik izan ordura arte erabilitako artisautzako erreprodukzio-tekniken berrikuntzan: grabatua eta litografia. Alabaina, etorkizuneko urteetan teknologia egokitzeko oinarria ezarri zuten.

Etengabe berritu nahia da sortu ziren mugimendu guztien ezaugarria. Esperientzia erabat berria da artisten helburua, berritasuna bilatzea, material berrietara jota horretarako (industrialak edo hondakinak).

Antoni Tàpies izan zen garai hartako artista adierazgarri bat. Dau el Set mugimenduan egon ondoren, filosofia existentzialistak eta gatazka belikoak gizakiaren ikuskera ezkorrean utzitako aztarnak eraginda, Tàpies, informalismoaren barruan «pintura materikoa» izenekoaren barruan kokatu zen. Bere lanek ezaugarri zituzten mistifikazio teknikoa eta material heterogeneoak erabiltzea, hondakinak eta birziklatutakoak sarritan, artearen ohiko materialekin nahasita, arte-adierazpenerako hizkuntza berri bat etengabe bilatu nahian beti, bere obra grafikoan ere oso agerikoa dena

Pop artea aldi berean agertu zen, urte haietan, Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan; artistaren eta artelanaren arteko lotura emozionala kendu nahi zuen, eta interpretazio berehalakoagoa eta ez horren intelektuala zuten lanak sortu zituen.

Pop artearen artistek askotariko lan-teknikak garatu zituzten. Horien artean serigrafia da garrantzitsuenetako bat: inprimatzeko prozedura hori, gehienbat, arte-erreprodukzioak edo publizitate-iragarkiak egiteko erabili zituzten.

Andy Warhol aitzindaria izan zen neurri handiko argazkiak garatzeko prozesuan, eta bere lanetan ezaugarri espresionistak pixkanaka ezabatu ziren, harik eta haren lana masa-kulturatik zetozen herri-elementuen errepikapen serializatura mugatu zen arte, bereziki serigrafiaren bitartez.

Obra gehienak serigrafia erabiliz egin zituen, eta serigrafiako originalak adierazpide berri bihurtu zituen.

Artistak gizarte garaikideko mitoak sistematikoki erreproduzitu zituen, eta horren erakusgarri dira Marilyn Monroeri eskainitako serieak.

Espainian, pop artea, berezitasun modura, ez zen mugimendu bateratu bat izan. Horrek zerikusi handia du informalismoaren krisitik sortu zen figurazio berriarekin.

Mugimendu horren artista nagusiak Eduardo Arroyo eta Equipo Crónicako edo Equipo Realidadeko kideak izan ziren

Erakusketaren bidea postmodernitatearekin bukatzen da. Mugimendu hori XX. mendeko azken hamarkadetako gizartearen berezko ikuskera kultural bat da eta honako ezaugarri hauekin lotzen da: indibidualtasunaren gurtza, guztion ongizatearekiko jakin-minik eza, desilusioa eta apatia, gizartearen porrota onartuta. 

Aurreko belaunaldietan ez bezala (utopietan eta gizarte-garapenean sinesten zuten), pentsalari postmodernoen ustez gizabanakoak baino ez du aurrera egiteko aukera, eta sentipen hori arte-sorkarietan ere islatzen da.

Baina ikuspegi plastiko eta artistiko hutsetik, garaiaren ezaugarria izan zen aurreko abangoardiak ikuspegi indibidualistago batekin berreskuratzea.

Heterogeneotasun estilistiko sakona sortu zen, gaur egun ere oraindik badagoena.

Atal honetan 1990eko hamarkadan azaldu zen artista-belaunaldi bat (1980ko hamarkadako aurrekari batzuekin) bildu dugu: Jaume Plensa, Miquel Barceló eta José María Sicilia. Artista horiek oso ezberdinak badira ere, guztiek artearen ideia poetikoa dute, arte primitiboaz geroztik dagoen zentzu tragiko horrekin.

Sortzaile horien diziplina anitzeko izaera horrek berrikuntzarako tarte bat ere badakar berarekin; hala bada, sortzaileak grabatuaren ohiko prozedurez zein teknika esperimental berriez baliatzen dira obra harrigarriak, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituztenak, sortzeko.

Aipatutako garai guztien osagarri da eskultura garaikidea, XX. mendean bilakaera handiena izan zuen arte adierazpena. Bilakaera horrek Duchamp-en “ready made” delakoa eta aurkitutako objektu dadaista eta surrealista izan zituen aurrekari, eskulturaren kontzeptu tradizionala goitik behera aldatu eta likidatu zuten mugimenduak.

Arte garaikidean pieza bakarraz hitz egiten dugunean, eredu bereko 2 eta 8 ale bitarteko seriea duten proiektuez ari gara; guztiak berdinak eta zenbakituak. Anizkoitzaren kasuan, artelana askoren eskura jartzeko nahiak bultzatuta.

 

Komisarioa: Antonella Montinaro (Arte Contemporáneo GACMA SL)


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko maiatzaren 10(e)tik 2019(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • Lekua Okendo Kultur Etxea
    DK. Nafarroa etorbidea, 7 (Gros)
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Okendo Kultur Etxea

Non

Euskadi, auzolana