"Zuloaga (1870-1945)"

Bilbao 2019(e)ko maiatzaren 29(e)tik 2019(e)ko urriaren 20(e)ra
  • "Zuloaga (1870-1945)"
    "Mujer de Alcalá de Guadaíra" (Ignacio Zuloaga Museoa)

Bilboko Arte Ederren Museoak, BBKren babesarekin, Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) margolariari buruzko atzera begirako erakusketa handi bat aurkeztuko du uda honetan. Zuloaga bere garaiko espainiar artista handienetakotzat hartzen da, eta baita nazioartean oihartzun handiena izan zuenetakotzat ere.

Zuloagaren pinturak figurazioa ulertzeko modu berri bati eman zion hasiera, XX. mendearen hasieran, estetika oso pertsonalaren bitartez, zeinak uztartzen dituen herri mailako osagaiak eta erreferentzia klasikoak abangoardiako hizkuntzekin eta Espainiako eskolaren tradizioarekin.

Erakusketa hau izango da 1990. urteaz geroztik margolariaren ibilbideari buruz antolatzen den atzera begirako lehenengo erakusketa. Ehun margolan inguruk osatuko dute erakusketa, hasi lehenengo urteetatik eta estatu mailan zein nazioartean izena lortu arteko urteetara. Azken urteetan egindako ikerketa sakonari esker erakutsiko dira lehen aldiz hainbat eta hainbat lan eta artistaren hainbat alderdi ezezagun.

Bilboko museoan gordeta dauden margolariaren maisulanez gainera besteak beste Villamarciel markesaren erretratua (c. 1893), Kardinala (1912) eta Mathieu de Noailles kondesaren erretratua  (1913), partikularren eta hurbileko erakundeen maileguak erakutsiko dira, hala nola Pedrazako Ignacio Zuloaga Museoa (Segovia), Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Museu Nacional d'Art de Catalunya, baina baita nazioartekoenak ere, hala nola New Yorkeko Hispanic Society, Parisko Musée d'Orsay, Galleria Internazionale d'Arte Moderna di Ca'Pesaro Venezian eta Mexikoko Franz Mayer Museoa.

Komisario lanetan Museoko Bilduma Saileko buru Javier Novo González eta Mikel Lertxundi Galiana ikertzailea aritu dira elkarlanean, eta elkarlan hori izan da, hain zuen, atzera begirako erakusketa honen, katalogoaren eta dokumentu ugarien oinarria. Horri guztiari esker ikusleek hobeto ulertuko dute margolariak lortu zuen garrantzia: liburuak, aldizkariak, argazkiak, gutunak eta beste agiri batzuek erakutsiko dute Zuloagaren giza alderdia zein hark eragindako masa fenomenoa.

Erakusketa hiru aldi hauen inguruan egituratuko da:

Zuloaga Zuloagaren aurretik 1889-1898

Ignacio Zuloagaren lana lotuta dago Errealismoarekin. Ia modu autodidaktan trebatu zen estilo horretan, 1880. urtearen amaieran, Madril eta Erroma artean, eta, handik gutxira, mende amaierako Parisen hobetu zuen. 1889an Parisera iritsi zenetik bertatik interesatu zitzaion joera sozialeko eta estetika sinbolistako errealismoa, eta interes horrek bultzatuta sortu zituen Parisko aldiriko pertsonaia anonimoak protagonista zituzten paleta hotz eta giro poetikoko lanak. Ikuspegi haiek formatu txikiko lanetan jaso zituen, zeinetan esperimentatu zuen abangoardiako hainbat hizkuntzekin.

Zuloaga 18981925

1898an, Zuloagak erabat aldatu zuen bere ibilbidea eta Espainiako pinturan Goyaz geroztik aurrekaririk ez zuen arrakasta lortu zuen nazioartean, Mariano Fortunyren ekoizpen labur baina emankorra alde batera utzita, Joaquín Sorolla garaikidearen arrakastarekin baino ezin konpara daitekeena.

Garai horretan sortu zitzaion Gaztelako herrietako nekazarien lanarenganako interesa, baina horiek mihise handietan erakusten zituen. Irudi bereziak eta pertsonaia apalak ziren berriro ere protagonistak. Lan horiek ospe handia eman zioten nazioartean, artista berezi eta bakar gisa; jaio zen herrialdean, aldiz, lanen bidez 98aren ondorengo krisi nazionala agerian uzten zuela salatu zitzaion. Espainiaren bere ikuspegia garaiz kanpokotzat jo zen berehala, eta, XX. mendean barrena, Zuloagaren arrakastak sakon haserretu zituen Espainiar artearen egitura zaharrak, erakundeak zein agintariak, arte lehiaketak eta horietako epaimahaiak, arte kritikariak eta, hedaduraz, aurreko horiek guztiek alienatuta, iritzi publikoa.

1890eko hamarraldiaren amaieran, Zuloagak eratua zuen bere hizkuntza propioa, zeinetan, gazte denborako erreferentzien izpiak ikusten badira ere oraindik, nabarmenak diren Espainiako eskola tradizionalarekin dituen loturak, hasi manierismotik eta barrokotik Goyaraino. Zuloaga, bere izaeraren eta bere familia harremanen ondorioz, giro intelektual bikainetan eta kosmopolitetan ibili zen beti. Hala ere, eibartar margolariarentzat beti izan zen erakargarria bizitza bohemioa eta mundutarra, eta horregatik bete zituen bere lanak pertsonaia bereziekin, nola Pariskoak hala Segoviakoak: eskaleak, gizaki nanoak, konkordunak, morfinomanoak, ijitoak, prostitutak, karta botatzaileak, dantzariak, abeslariak, kopla abeslariak, pikadoreak edo zezenketariak.

Garai horretan lortu zuen ospea, nekazarien, zezenketarien eta ijitoen eszenengatik Espainia Beltza deitu izan dena, baina baita erretratu dotore izugarriak margotzeko gaitasunagatik ere. Garai horrek hartzen du nazioartean izan zituen lehenengo arrakastetatik hasi eta 1925ean Estatu Batuetan egindako erakusketetarainoko aldia, eta ordukoak dira margolariaren margolan enblematikoenak.

Zuloaga Zuloagaren ondoren 19251945

1925an Ipar Amerikan egindako biraren ondorengo arrakasta eta gero, Zuloagak etekina atera zien arrakasta eman zioten formulei, eta maisuaren erretratuak nahi zituzten goi-mailako bezeroen aginduak baino ez zituen egin ia.

Ez zuen ia generoko lanik egin, natura hil finak salbu; erretratuen aldia izan zen, inondik ere. Baina, horrez gainera, aldi iluna eta haren biografo gehienek saihestutako aldia ere izan zen, oso zaila zelako ikuspegi ideologikotik. Bi mundu gerren eta bereziki Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, Zuloaga propaganda nazionalaren helburu izan zen zuen izenagatik eta abangoardien esperimentazio formalen panoramatik urrun zegoen hizkuntza artistikoa erabiltzen zuelako.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko maiatzaren 29(e)tik 2019(e)ko urriaren 20(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana