"Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa"

Egüés 2019(e)ko ekainaren 19(e)tik 2019(e)ko urriaren 27(e)ra
  • "Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa"
  • "Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa"
  • "Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa"

 

Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu GAUR Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa aurkezten dute. Programa horrek Arantzazuko proiektuaren arte eta kultura aldetiko esangura aztertzea eta zabaltzea proposatzen du, Jorge Oteizaren eskultura-lanaren fatxadako instalazioaren 50. urteurrena ospatzearren; instalazio lan hori 1969ko ekainetik urrira bitartean gauzatu zuen eskultoreak.

Arantzazuko basilikako esku-hartzea Jorge Oteizak egin obra publikoko proiektu garrantzitsuena da, eta ezinbesteko erreferentzia da herrialdearen eta bertako kulturaren historian. Urte hauetan zehar, XX. mendean arte erlijiosoak izandako berrikuntzaren ikur bilakatu da basilika. Izan ere, artista garaikide talde handia bildu zuen, proiektu komuna gauzatzeko ahaleginean. 

Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programak aztertu egiten du Arantzazuko basilikarako estatuariaren garapenak Oteizarentzat izan zuen garrantzia eta esangura, eta sakon analizatzen du eskulturako proiektuaren bilakaera, arkitektura alderdiarekin izan zuen loturarekin batera, ahantzi gabe ordea eskultoreak, 1969an, obra instalatzea lortu zuen arte instalazioa eragotzi zuten eliz galarazpenak eta planteatu ziren aukerak.

Programa honek zenbait egoitzatan garatuko ditu ekintzak, 2019ko ekainaren 19tik urriaren 27ra bitartean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesa du, Kutxa Fundazioarena, eta baita Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren, Acción Cultural Española-ren (AC/E), Eguesibarko Udalaren eta Arantzazuko AdiskideakElkartearen laguntza ere.

Proiektuko ekintzak honakoak dira:

Erakusketa-proiektua erakunde antolatzaileen egoitzetan garatuko da, eta aukera emango du Oteizak basilikako fatxadan esku hartzeko landu proiektuaren funtsezko oinarriak ulertzeko zein haren garapena markatu zuten une erabakigarriak ezagutzeko. Proiektuko komisarioa Elena Martin izango da, Oteiza Museoko kontserbatzailea. 

Erakusketa Oteiza Museoan / 2019ko ekainak 19 – urriak 27

Arantzazuko proiektua zeharo konprometitua izan zen artistarentzat, eta hain gogotsu ekin zion lan horri ezen bertatik etorriko zitzaion bere prozesu esperimentalaren hasiera. Beraz, Oteiza Museoak hartuko duen erakusketa prozesu artistikoaren bilakaeran bilduko da nagusiki, bilakaera horren etapetan, eta igeltsuzko ehundik gora eskultura-estudio baino gehiago erakutsiko ditu; obra ikusi gabeak dira gehienak, Oteizaren legatukoak. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenak aukera emango digu egun ikusten dugun fatxadara iritsi arte artistak jorratu zituen bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak, eta egin zuen eskulturaren bilakaera, ulertzeko.

Ildo horretatik, behin betiko proiektuaren giltzak aztertuko dira, artistak azken fatxadara heldu arte planteatutako aukera posibleekin batera; azken fatxada horrek jaso egingo zuen bisitaria bere baitan hartzen duen espazio hutsa, Oteizak berak adierazi moduan: “espazio harkorra, isolatzaile metafisikoa”. 

Erakusketa Gandiaga Topagunean2019ko ekainak 28 – urriak 27

Proiektu hau osatzen duen bigarren erakusketa Gandiaga Topagunean inauguratuko da, Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan, ekainaren 28an. Oteizak Arantzazun zertu zuen esku-hartzearen kontakizun kronologikoa egingo du, eraikuntza-lanak 1950ean hasi zirenetik 1969an behin betiko instalazioa amaitu zen arte.

Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa harturik oinarri, proiektuaren klabeak azalduko dira, 50 eskultura ingururen bitartez (Oteiza Museokoak eta Arantzazuko basilikako santutegiko komentukoak dira) eta Arantzazuko Santutegiko Artxiboko eta Oteiza Museoko Ikerkuntza Zentroko dokumentazio, argazki, prentsa eta ikus-entzunezko ugari baliatuta.

 

Oteiza Museoa

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana