"Galdu genuen hiria"

Donostia-San Sebastián 2019(e)ko uztailaren 2(e)tik 2019(e)ko abuztuaren 24(e)ra
  • "Galdu genuen hiria"

Galdu genuen hiria erakusketak 1950etik gaur egunera arte Donostian eraitsi diren eraikinei buruzko dokumentazio grafikoa biltzen du. Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren testuinguruan egin zen lehen aldiz, 2017an, eta arrakasta handia lortu zuen publikoaren artean. Ondare arkitektonikoak piztutako interesa esponentzialki hazi da azkenaldian, nortasun kolektiboarekin eta hiriaren irudiarekin lotutako gaia da eta. Donostiar askok lotura emozionala dute hiriko eraikin historikoekin eta, ondorioz, interes publikoaren eta espektatiba pribatuen arteko talka sortzen da ondare horren kontserbazioaren harira.

Puri-purian dagoen gaia da, Donostiako Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko Plan Berezia (HEOBPB) berrikustear daudelako eta Udalak, kautelazko neurri gisa, eraisketak etetea adostu duelako. Testuinguru horretan, egokia zirudien Galdu genuen hiria berritzea, beste muntaketa batekin eta edukia gehituz, berriki eraitsitako eraikinak ere sartzeko. Erakusketa honek bat egingo du Áncora elkarteak argitaratuko duen lanaren prestaketarekin. 300 orrialdetik gorako liburu bat izango da, dokumentazioaren ikerketa zabal batetik abiatuta eta ilustrazio ugari izango ditu.

Argazki historikoek eta arkitektura-planoek zazpi hamarkadatan hirian izandako aldaketak erakusten dituzte. Batzuetan, artxiboko irudiak eta egungo errealitatea alboz albo ipini dira, irudikatutako tokiak identifikatzen laguntzeko asmoz, baita inguruaren bilakaera ulertzen ere. Bistan denez, ez da hirian desagertutako ondarearen katalogo zehatz bat, hautaketa soil bat baizik, eskuragarri dagoen dokumentazioan oinarrituta. Berrehun eraikin ingururi buruzko informazioa ematen da banako oharren eta gutxi gorabehera 800 irudiren bidez. Edukiak geografikoki 14 auzotan antolatuta daude, eta udal-mugarte osoa hartzen dute, Añorga eta Zubieta ere batuta. Esfortzua egin da hirigunea eta sendotutako zabalguneak baino kontuan ez hartzeko ohiko joera gainditzeko eta periferia ere lantzeko, bertako ondare eraikia ere zinez erakargarria delako.

Tipologia arkitektonikoei dagokienez, hautaketa zabala egiteko ahalegina egin da. Horrela, aniztasuna da ezaugarri nagusia: era guztietako eraikinak txertatu dira, erabileraren, estetikaren edo kronologiaren araberako inolako bereizkuntzarik gabe. Besteak beste, bildu dira eraikin instituzionalak, hiri-ekipamenduak eta aisialdirako arkitektura –turismora begira bizi diren hirietan, Donostia kasu, eginkizun garrantzitsua izan baitzuen–: kasinoak, zinemak, frontoiak, bainuetxeak eta hotelak. Bisitariak eraikin erlijiosoak ere topatuko ditu, tokiko ondarearekin eta arkitektura industrialarekin batera. Ondoren, eraikitako ondare gehiena osatzen duen multzoa dator, bizitegiena, hain zuzen. Talde horren barruan sartu dira etxebizitza ugariko etxeak eta familia bakarrarentzako eraikinak (villak).

Bestalde, erakusketa honen gaia ez dira iraganeko sorkari handiak bakarrik: berezitasun estetiko edo arkitektoniko eztabaidaezineko elementuekin batera, kontuan hartu dira beste balio batzuk zituzten eraikuntzak ere, hiriaren memoriarako esanguratsuak direlakoan. Balio-juzku historiko-artistiko tradizionala gainditzeko saioa eginez, hiriko ondarera hurbiltzeko beste modu bat proposatu nahi izan dugu, parte-hartzaileagoa, hiriko eguneroko esperientziari eta bertakoen bizipenei lotutakoa. Gure hiriak badu besteez bereizten gaituen ezaugarri bat: gure ondare historikoa, oro har, XIX. eta XX. mendeetako eraikuntzek osatzen dute gehien bat. Donostiako paisaiaren edertasuna eta hiri-egituraren bertuteak aho batez laudatuak izan diren arren, hiriko eraikinek ez dute aintzatespen bera jaso banaka duten balioagatik, arkitektura eklektikoaren kontrako aurreiritziek pisu handia baitute oraindik ere.

Erakusketaren muga kronologikoei dagokienez, 1950etik abiatzea erabaki da, urte hartan idatzi baitzen hiri-antolamenduko lehen plan orokorra. Dokumentu hori ez zen erabat indarrean egon, baina agerian uzten du hirigintzaren arloko presioa eta konplexutasuna areagotzen ari zirela. Urte hartan bertan eraitsi zuten Ugartemendiaren alondegia Sarriegi plazan, eta haren desagerpenak abiapuntu sinboliko bat ezarri zuen. Aditu gehienak bat datoz «desarrollismo» delako etiketarekin sailkatutako eraldaketa sakonen hasiera 1956. urtean dagoela, urte hartan onetsi baitzen Espainiako Lurzoruaren Legea. 1950eko hamarkadaren amaieran bota zituzten Kontxako pasealekuko lehen villak, eta 1959an hasi zen Udala beste plan orokor bat izapidetzen, partikularren 140 inpugnazio jasoko zituena. Ordurako, agerikoa zen eraispen eta eraikuntzek hirian eragindako narriadura. Ondorioz, 37 arkitektok hautsak harrotuko zituen manifestu bat idatzi eta izenpetu zuten, eta alkateari bidali.

1962an behin betiko onartu zen plan orokorra. Haren babespean, hirigintzako barrabaskeriarik ankerrenak gauzatu ziren, bereziki nabarmentzekoak izanik Kontxako eta Mirakontxako villen eraispena (hiriaren itsasora begirako fatxada aldatu zuen) eta Askatasunaren Hiribidearen ia goitik beherako eraldaketa. Espekulazio aseezinaren gailurra 1973an heldu zen: Gran Kursaal eraikina eta Continental hotela eraitsi zituzten, Arbideren dorreak desmuntatu eta lekualdatu zituzten eta, handik hilabete batzuetara, Txofreko zezen-plaza bota zuten. Ondorioz, Donostiak ekipamendurik enblematikoenak galdu zituen, nazioarteko sona zuen hiri turistiko bati zegozkion ikonoak, hain zuzen. Udatiar tradizionalak etortzeari utzi zioten gutxika giro politiko gatazkatsua zela eta. Hotel historikoak bata bestearen atzetik ixten joan ziren, eta villa ugari salgai ipini zituzten. Arkitektoen Elkargoak kritika zorrotz bat idatzi zuen, espekulatzaileen presioaren aurrean Udalak erakutsitako pasibotasuna kritikatuz. Era berean, egiten ari ziren eraisketa guztiak kautelazko neurri gisa bertan behera uzteko eskatu zuten, bai eta zabalgunea kontserbatzeko plan bat idazteko ere. Hortxe du jatorria «R» eremuarentzako plan bereziak, hiriaren historiako ondarearen lehen katalogoak (1977). «Fatxada iraunkorra» kontzeptua sortu zuen 36 eraikin ukiezin babesteko, tartean Bellas Artes zinema.

Ondoren, XXI. mendean, iraganetik iritsi zaigun ondarearen balioaren inguruko kontzientzia gutxika zabaldu da, batik bat herritarren artean erantzun handia eragin duten eraiste-proiektu batzuen ondorioz (San Bartolome, gas-fabrika, Ondarretako villak edo Mirakruz 19). Bertako kolektiboen mobilizazioek ere badute leku bat erakusketa honetan. Galdu genuen hiria Áncorako boluntarioek produzitu dute, Bellas Artes zinemaren eraisketa gelditzeko 2013an sortu zen elkartekoek, alegia. Hirigintzako ondarearen etengabeko galera pairatu dugu azken hamarkadetan. Joan den legealdian bakarrik hiriko 16 villa historiko desagertu ziren. Hori guztia landu da erakusketa honetan, non, Belle Époqueko topiko nostalgikoetatik ihesi, etorkizunean jarri baitugu begirada, asmo erreibindikatzailearekin. Gaur egun, eraikitako ondarearen kudeaketak erronka berriak ditu aurrez aurre, hainbat gairen ondoriozkoak: presio turistikoa, fatxada aireztatuen instalazioa edo hustuketen orokortzea. Katalogatutako eraikinen % 70ek irudiren babesa bakarrik dute, hau da, birtualki baliokideak diren beste eraikin batzuekin ordeztea baimenduta dago.

Sarritan, hiri-ondarearen kontserbazioa berrikuntza eta garapenerako oztopo gisa ikusi da. Bada garaia hiri historikoaren kudeaketari alderdi positibo batetik heltzeko. Hartara, ondarea ez da oztopo gisa ulertu behar, baizik eta nortasuna, gizarte-kohesioa eta bizi-kalitatea sustatzen dituen aberastasun bezala. Ondasun kulturalen babesak ez du esan nahi hiria geldiarazi edo atzera bota nahi denik. Aitzitik, Mendebaldeko gizarte demokratiko eta aurreratuenen ezaugarria da, eta bat egiten du efizientziaren eta jasangarritasunaren irizpide garaikideekin. Ondare arkitektonikoa baliabide estrategikoa da etorkizunera begira, inguruko komunitateetatik bereizten laguntzen gaituen motor ekonomikoa da eta lehiakorragoak egiten gaitu globalizazioaren testuinguruan.

ÁNCORA

ÁNCORA herritarren elkarte bat da, irabazi-asmorik gabekoa, ondarearen kontserbazioarekin arduratuta dauden hainbat lanbide eta adinetako gizon-emakumeek osatutakoa. Haren zuzendaritza-batzordea osatzen duten profesionalek ibilbide luze eta oparoa dute Gipuzkoako ondare kulturala babesten eta aztertzen.

Beste jarduera batzuen artean, Donostiako eraikin ugariren kalifikazio kulturaleko espedienteak sustatu dituzte (esate baterako, Aldama Enea jauregiarena) eta Parte Zaharra monumentu-multzo izendatzeko prozesua sustatu dute. Aipatzekoa da, halaber, ezagutzak zabaltzeko egiten duten lana; Donostiako hirigintzako ondareari buruzko ezagutza hedatzen dute eta hura modu eraginkorragoan babesteko beharrari buruzko eztabaida publikoa sustatzen dute.

Helburu horiek erdiesteko, lankidetzan aritu dira hainbat erakunderekin, besteak beste, ARARTEKOarekin eta ICOMOSekin (Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Batzordea). Euskadiko Ondarearen Legearen aurreproiektua idazten ere lagundu dute, eta elkartearen ekarpenak Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordeari aurkeztu dizkiote.

Áncorak du Donostiako Udalean eratutako Ondarearen Foroaren presidenteordetza eta villen inbentario bat idatzi du Hirigintza Sailak eskatuta. Bestalde, alegazio ugari aurkeztu ditu, oraindik ere babeserako neurri eraginkorretan islatu ez direnak. 2019an, hiritar merezimenduaren domina jaso zuen udalbatzaren eskutik.

Galdu genuen hiria erakusketaren komisarioak Alberto Fernández-D´Arlas eta Eneko Oronoz izan dira, José María Unsain koordinatzailearekin, Mikel Alonso diseinatzaile grafikoarekin eta Soco Romano, Juan Ignacio García-Velilla eta Montserrat Fornells laguntzaile teknikoekin batera.

Bisita gidatuak:

  • Uztailak 5, 17 eta 24. 19:00etan, euskaraz.
  • Uztailak 6, 12, 19 eta 26. 19:00etan, gazteleraz.
  • Uztailak 26. 12:00etan, euskaraz.
  • Abuztuak 1. 12:00etan, euskaraz.
  • Abuztuak 1, 7 eta 21. 19:00etan, gazteleraz.
  • Abuztuak 2, 9 eta 22. 19:00etan, euskaraz.
  • Abuztuak 16. 12:00etan, gazteleraz.

Erakusketaren ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 / 16:00-20:30.
  • Larunbatetan, 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00.
  • Abuztuaren 10etik 17ra (Aste Nagusia) arratsaldez itxita.

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko uztailaren 2(e)tik 2019(e)ko abuztuaren 24(e)ra
  • Lekua Okendo Kultur Etxea
    DK. Nafarroa etorbidea, 7 (Gros)
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Okendo Kultur Etxea

Non

Euskadi, auzolana