Open House Bilbao 2019

Bilbao 2019(e)ko irailaren 28(e)tik 2019(e)ko irailaren 29(e)ra
  • Open House Bilbao 2019

OPEN HOUSE BILBAO Nazioarteko Jaialdia ostera ere ospatuko da irailaren 28an eta 29an. Bizkaiko arkitekturaren jaialdi nagusitzat jo izan denak 3. urtea izango du ilaran aurtengoa, aurreko aldietan izandako arrakastaren ostean (35.000 bisita baino gehiago eta 600 boluntario). Jaialdia hazten ari da oraindik ere, Itsasadar osoan zehar hedatzen, eta aurten Getxoraino iritsiko da.

Hirugarren edizio hau OUT elkarteak antolatua da, eta, beste erakunde eta sozietate batzuen artean, Bilboko Udalaren babesarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren, Barakaldoko Udalaren eta Getxoko Udalaren elkarlanarekin gauzatuko da.

Open House nazioarteko arkitektura- eta hirigintza-jaialdi bat da, 1992an sortua Londresen, Victoria Thornton-en eskutik. Asteburu batean zehar, irekita egongo dira hiriko hainbat eraikinetako ateak, dohainik bisitatzeko, eta hartara diseinuak eta arkitekturak presentzia handiagoa izan dezaten herritarren artean, "48 h hiria ezagutzeko denon artean" delarik leloa.

Asteburu batez, Bilbok, Barakaldok eta orain Getxok ere bai ateak irekiko dituzte beren arkitektura-obra baliotsuenak erakutsi eta haien balio ospatzeko. Aukera bat herritar guztientzat eta bisitari guztientzat, hiria berrezagutzeko haren arkitekturaren eta hirigintzaren bitartez.

Parte hartuko duten eraikinak 70tik gora izango dira. Kanpoaldean seinaleren bat egongo da jendeak eraikinak identifikatzeko. Boluntarioek informazioa emango dute, ilarak kontrolatuko dituzte eta eraikinak erakutsiko dituzte. Eraikin bakoitzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 pertsona inguruko taldetan banatuta. Eraikin bakoitza ikusteko ordutegia erakinaren aukeren arabera izango da: jaialdiaren planoetan kontsultatu ahal izango dira ordutegiak, eta web-gunean ere bai. Eraikin gehienak bisitatzeko ez da izenik eman behar, nahikoa izango da bertara joatea eta txanda izan arte itxarotea.

Hiria irekitzeaz gainera, Open House Bilbao 2019 egitarauan jarduera osagarriak ere izango dira, eta, hala, kultur eskaintza handiagoa izango da, arkitektoek gidatutako ibilbide espezializatuekin, haurrentzako tailerrekin eta itsasontziz itsasadarrean zehar ondarerik ondare egin ahal izango diren ibilbideekin, besteak beste.

Azken urteotan, jaialdia hedatuz joan da arkitekturan eta diseinuan abangoardian diren beste hiri batzuetara ere, eta munduko 40 hiri baino gehiagotan ospatzen da gaur egunOpen House Bilbao jaialdiak ere parte hartzen du eta laguntzen du, OHWW nazioarteko sareko kide gisa, hiriek kalitatezko arkitektura eta diseinua zabaltzeko eta defendatzeko elkarren artean gauzatzen duten ekintza honetan.

ITSASADARRA, ARKITEKTURA ETA NORTASUNA

Itsasadarrak lotzen ditu udalerri horiek, eta, bere ibilbidean, arkitektura-obra eta paisaia multzo bat ematen du ezagutzera, zeinak ubidean zehar ehundutako istorioak kontatzen baititu. Kontakizun konplizeak, elkarren artean lotuak arkitekturaren eta paisaiaren bidez, ezagutzera ematen dutenak herrigune batzuen eta besteen eta haietako herritarren arteko harreman eta lotura historikoak.

Hari bat da, eraikinetatik hasi, zeintzuek Itsasadarraren merkataritzazko jatorria kontatzen baitute, Bilbo barruko portu bat zenekoa, eta Barakaldoko zama-lekuetatik eta Getxoko jauretxeetatik igarotzen dena industrializazioak ekarri zuen iraultza handia gogoraraziz, harik eta oraintsuagoko obretaraino iritsi arte, zeintzuek hiriaren berritzea eta eraldatzea jartzen baitute agerian.

Arkitektura- eta hirigintza-obrak, Itsasadarrean zehar aukera ematen dutenak bertatik bertara ezagutzeko eta aditzeko historiako gertaera handiak, pertsonaia ospetsuen ibilerak, kultur joera eta estilo artistikoak eta nortasun berezkoak eta partekatuak, eta agerira ekartzeko arkitekturaren eta ondarearen balioa, kulturaren osagai ezinbestekoak diren aldetik.

OPEN HOUSE BILBAO

Open House arkitekturari buruzko jaialdi bat baino gehiago da. Herritarrek arkitekturaren eta hirigintzaren bidez uria hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Katalogo askotarikoa du, arkitektura-obra eta azpiegituren bidez erakutsiz gure uri nortasun handikoaren iragana eta oraina, zeren eta Bilbok jakin baitu bere burua berrasmatzen eta erreferente bihurtzen hiri-eraldaketako ereduarengatik.

Open House Bilbao proiektua Bilboko Udalaren 2017ko aurrekontu parte hartzezkoen bidez sortu zen. OUT elkarteak sustatu zuen proiektua ––bera da Bilbon Open House markaren ordezkaria, Open House Worldwide nazioarteko sarearen barruan–– eta Bilboko Udalaren Obretako eta Hiri Plangintzako Sailaren babesa du.

Bilbok 50 eraikin inguru irekiko ditu edizio honetarako. Nabarmendu beharreko berrikuntzetako bat da La Cava Etxeak.

Deustuko La Cava Etxeak deritzenak (egilea ezezaguna, 1869) Rafaela Yvarra Vilallonga Labe Garaien sortzailearen alabaren antzinako egoitza dira. 1927an eman zitzaizkion dohaintzan Aingeru Zaindarien kongregazioari (Rafaela Yvarra bilbotar dohatsuak berak sortu zuen kongregazioa, hain zuzen), beren eginkizun sozialarekin jarrai zezaten, zeren eta bizi zelarik gizarte-jarduera ugari eragin baitzituen behartsuenen alde, eta Bilboko Amaetxea bezalako erakundeen sortzea ere sustatu baitzuen.

La Cava Etxeak estilo bereko bi eraikin dira, 1869an eraikiak, eta Yvarra Villagongatarrak bizi izan ziren haietan; gaurko Bilbon pribilegiatuak diren lorategi batzuek inguratzen dituzte etxeak. Garaiko burges jauntxoen estiloaren arabera eraiki ziren, eta kolore gorrikoak, zeina Rafaela Yvarraren bizilekua izan baitzen, oraindik ere garai hartako altzariak eta dekorazioa gordetzen ditu, Luis XV. erako artisau-zurgintza- eta –altzarigintza. Beste etxea, kolore urdinekoa, ikasle-egoitza bat da gaur egun, eta oraindik ere gordetzen du ekialdeko apaindurazko areto bat, Udaletxeko Arabiar Aretoaren inspirazio izan zena.

OPEN BARAKALDO

Itsasadarrean aurrerago, ikusirik iazko edizioaren arrakasta, Barakaldok ere lekua hartu du jaialdian, eta aukera emango du bere iragan industriala ezagutzeko eta hiriak azken hamarkadetan izan duen birmoldatzea konprenitzeko.

Barakaldok Itsasadarraren industrializazioa jartzen du erakusgai, Labe Garaietako eraikinen eta zama-lekuen bidez, eta nekazaritzazko eta abeltzaintzazko iragana ere bai, bere dorretxe-baserrien bidez, eta, orobat, Galindo inguruko Itsasadar ertzetako arkitektura berria edo ikuspegi ikaragarriak, Estatuko biltzar-zentrorik handienetako baten dorretik.

Barakaldok, Bilbok berak bezalaxe, berrasmatu egin du bere burua, eta antzinako industria-lursailak berreskuratu ditu, herritarrentzako espazio berriak egiteko. Hirugarren sektoreko hiri bat bihurtzeko garapen hori ezagun da bere hiri- eta arkitektura-irudian.

Barakaldok 12 eraikin inguru irekiko ditu edizio honetarako. Nabarmendu beharreko berrikuntzetako bat da Munoa Jauregia.

Munoa Jauregiaren jatorrizko proiektua (egile ezezaguna, 1860) | R. Bastida, 1916) 1860koa da. Eraikin eklektiko bat zen, egun jauregiaren atal nagusia dena, hain zuzen.

Eraikinaren egiazko eraldatzea Rafael Etxebarria Azkarate Bilboko industria-burgesiako kide ezagunak erosi ostean etorri zen.

1916an, Rafaelek eraikina berritzea agindu zion Ricardo Bastidari. Egitasmoa zen etxetzar hura frantses estiloko jauregi bat bihurtzea. Horretarako, Beaux-Arts-en ohiko osagaiak erantsi zizkion, alboetako dorretxeak, mantsardak teilatuetan, luxuzko beiradurak, pilastra kuxin-eitekoak, sarbideko eskailera inperiala eta Erdi Aroko estiloko kapera bat. Horrez gain, barneko diseinua agindu zitzaion, eta II. Inperioko estilo luxutsuaren arabera gauzatu hura ere. Barneko gelen artean, nabarmentzekoa da organoaren aretoa, alboetako aretoak, jantokia, kapera edo lehenengo solairuko logelak.

OPEN GETXO

Getxok bat egin du Open House jaialdiarekin, arkitektura sustatzearren bere kultura eta nortasunaren funtsezko osagai moduan.

Abraren bokalean, Itsasadarra Getxoraino iristen da, eta, han, arkitektura dotoreaz ez ezik, egungo proiektu interesgarriez ere gozatzeko aukera dago.

Nabarmena du arkitektura aldetik aberastasuna, eta aukera izango da antzinako jauretxeak ikustera joateko, zeintzuek lotura estua baitute Bilboko eta Barakaldoko beste eraikin handi batzuekin, eta bai ere gaur egungo obra batzuk, Getxok azken urteotan izan duen bilakaeraren eta garapenaren berri emango digutenak.

Getxok 12 eraikin inguru irekiko ditu edizio honetan. Nabarmentzekoen arteko bat da Bake Eder | Biscaytik jauregia

Bake Eder| Biscaytik jauregia (L. Elizalde, 1901 | M.M.Smith, 1910 | G&C Arquitectos 2008) 1901ean eraiki zuen Luis Elizaldek, baina egun duen itxura, ostera, Luis María Aznar itsasontzigintzako enpresariak jabegoa eskuratu zuenekoa du, Manuel María Smith jaunari etxea "Old English" erara berritzea agindurik hark.

Bake Eder jauregiak estalki malkarra du ezaugarri, Europa iparraldeko tradiziozko eran egina, gorabeheratsua eta zaila. Eraikinaren kupula, berriz, ondoko eraikin guztien gainetik nabarmentzen da.

Fatxadak material eta forma nahasketa interesgarri batekin daude eratuta, plastikotasun handiz hornituz multzo osoa. Jauregia inguratzen duen lorategi handia baliatuz ––era bateko eta besteko bolumen osagarriz eratua da–– ezarri ahal izan zen bertan Biscaytik konplexua, 2001ean eraso zion sutearen ostean. Erabilera berrirako eraiki zen bolumen berri bat, eraikin historikoarekiko zuzeneko solasean.

BOLUNTARIOTZA

Eraikinak dohainik ikusteko, boluntarioen laguntza izango da, haien ardura izango delarik bai eraikinetara sartzea, bai ikustaldia bera ere. Herritarren parte hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira jaialdia egin ahal izateko.

Boluntarioei esker gauzatzen da Open House Bilbao, boluntarioek euren denbora eskaintzen dutelako trukean ezer eskatu gabe, kulturaren zabalkundea eragiten eta ekimenaren parte hartzezko izaera sustatzen engaiatuz.

Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu boluntario moduan, orduan eta handiagoa jaialdia, OPEN gune gehiago izan ahal baitira horri esker. Open House Bilbao zeharkakoa da, soziala eta irekia, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik arkitekturaren gaineko ezagutzarik izatea.

Iazko edizioan 600 boluntario inguru izan ziren parte hartzen, eta arrakasta erabatekoa izan zen. 3. edizio honetarako, 300 pertsona baino gehiagok eman dute dagoeneko izena, eta espero da 700 boluntariora arte iristea; hartara, asmotan diren eraikin guztiak ireki ahal izango dira.

Boluntario moduan izena ematen duten pertsonek egun erdiz parte hartuko dute, eta, ordainetan, lehentasuna emango zaie eraikinetara sartzeko, eta berentzako ez beste inorentzako bisitak ere bai, beste abantaila batzuen artean.

Izena emateko epea hasi da dagoeneko: www.openhousebilbao.org webgunearen bidez eman behar da izena. Bestalde, kontsultaren bat egin nahi izanez gero edo zerbait argitu beharra izanez gero programa dela-eta, posta elektronikoa erabili: boluntario@openhousebilbao.org.

ANTOLATZAILEAK

Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldi bat da; OUT irabaziak egiteko xederik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.

OPEN HOUSE WORLDWIDE

Open House nazioarte-mailako jaialdia da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa; 1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Haren xedea herritarren artean diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzea da.

Urteetan zehar jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan, 40 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Hirien Open sare bat da, aukera ematen duena elkarren artean lan egiteko eta elkarrekin ikasteko, eta sinergiak eragiteko Open House Worldwide familiako kideen artean.

Open House Worldwide sarea hazten ari da etengabe; mundu-mailako plataforma bat da, arkitekturaren zabalkundeari dagokionez, hirietako ekimenak kokatzeko eta ezagutarazteko.

Open House mundu-mailakoa da, eta balio komunak izan arren, hiri bakoitzak toki mailan jarduten du; hain zuzen ere, ezaugarri hori funtsezkoa da arrakasta izateko. Horregatik, programek hiriaren berezitasunei erantzuten diete.

Bilboko Udala

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2019(e)ko irailaren 28(e)tik 2019(e)ko irailaren 29(e)ra
  • LekuaHainbat lekutan
    Bilbao

Non

Euskadi, auzolana