FesTVal 2019 - Gasteizko Irrati eta Telebista Jaialdia

Vitoria-Gasteiz 2019(e)ko irailaren 2(e)tik 2019(e)ko irailaren 8(e)ra
  • FesTVal 2019 - Gasteizko Irrati eta Telebista Jaialdia

Gasteizko XI. Telebista Jaialdiak kate generalistek udazken-neguko denboraldirako egin dituzten apustu handienen erabateko estreinaldiak hartuko ditu, irailaren 2tik 8ra bitartean. Ikus-entzunezko sektoreko profesional gailenak berriro elkartuko dira Arabako hiriburuan, eta haien jakinduriaz jantziko dituzte mahai-inguruak eta lantegiak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Festval jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestrasek aurkeztu dute gaur programazioaren aurrerapena, baita aurtengo edizioaren kartela ere.

Gorka Urtaranek alderdi profesionala azpimarratu du, Gasteizko jaialdian urtez urte indarra hartzen ari baita. “Hitzaldiek, lantegiek, eztabaidek… gero eta maila altuagoa dute, eta gure hirira etortzeko interesa gero eta handiagoa da. Festvalak erakargarri bikoitza du: batetik, publiko orokorrarentzat, gertutik ikusi ahal baitituzte telebistako aktore, aurkezle eta izar gustukoenak, eta bestetik, profesionalentzat, telebistarekin lotutako askotariko gaietan azken joerak eta aurrerapenak ezagutzeko topagunea baita Gasteiz haientzat”.

Alkateak nabarmendu du Euskadiko hiriburuak gero eta pertsona gehiago erakartzen duela, bai aisialdirako bai helburu profesionaletarako, kasu honetan, ikus-entzunezkoen sektorean. Izan ere, Udala ildo hori lantzen ari da, talentua erakartzeko eta kanpora proiektatzeko. “Irailaren hasieran, batzuek zein besteek Gasteizen izango dute galdu ezineko hitzordua”, adierazi du Urtaranek.

Festvalaren zuzendari Joseba Fiestrasek azaldu duenez, Music Library-k telebista formatuetan erabiltzen den produkzio-musikari buruzko hitzaldia antolatuko du, eta zenbait telesail eta programen adibideak emango: ‘Lazos de Sangre’, ‘La Vall’, ‘Boca Norte’, ‘Paquita Salas’, ‘Los Hombres de Paco’ eta ‘Les de l’hoquei’. Beste arlo batzuk ere izango dituzte hizpide: ekoizle eragilearen eta musika gainbegiralearen rolak, produkzio-musikaren irabaziak (budgeta, eskubideen kudeaketa…), sinkronizazioa, copyrighta, lizentziak, eta abar.

ProFesTVal atalaren barruko beste hitzordu bat Lavinia taldeak antolatutakoa izango da, zeina ahots-laguntzaileentzako edukiak sortzen ari baita aspalditik, berrikuntzaren alde egin duten apustuan. Estatu Batuetan, lau familiatako batek du horietako bat, eta Espainian ere gero eta jende gehiago ari da erosten, esaterako, Amazonen Alexa, Googleren Ok… Bideo pantailak ere sartzen ari dira. Ekoiztetxeak mahai-ingurua egingo du ahots-laguntzaileen alorrean gertatzen ari den guztiaren berri emateko eta haien trebetasunak TVEko jendearekin aurkezteko; Espainiako plataformen ordezkariak ere izango dira bertan, eduki arrakastatsuen adibideak emateko.

Bestetik, Alma Espainiako gidoilarien sindikatuak telebista-programen gidoilarien estatuko topaketa egingo du 2019ko FesTValaren barruan. Zenbait idazle bilduko ditu mahai-inguru batean, gaur egungo parrilan programa eta formatu arrakastatsuak sortzeko erronka nagusiak azter ditzaten; aldi berean, telebista-arrakasta handienei egitura eta argumentua ematen dieten pertsonen aurpegia ezagutzea ahalbidetuko dute, haien egitekoa azpimarratuz.  

Beti bezala, jardunaldiak doakoak izango dira, www.festval.tv web-orrian edo helbidean aldez aurretik izena emanda. Europa biltzar jauregia izango da jardunaldi profesionalen egoitza berriro ere. Gidoilariak, ekoizleak, komunikatzaileak, zuzendariak, publizistak, kateetako zuzendariak eta abar Arabako hiriburura etorriko dira, estatuko zein atzerriko ikus-entzunezkoen sektorean dauden berrikuntza interesgarrienei errepasoa egitera.

Urmenetaren kartela

Aurtengo kartela Mikel Urmeneta artistaren eta Katuki Saguyaki haren estudioaren lana da: telebistaren aurrean pilatutako ikusleak irudikatzen ditu. Kolore deigarriak eta umore ukitua dituen lana da. Urmeneta, Kukuxumusuren sortzailea eta Katuki Saguyaki markaren aita, New Yorken eta Iruñean bizi da txandaka, eta lan ugari egin ditu markentzat (Microsoft, Schweppes, Nesquik, Port Aventura…), erakundeentzat (Amnistía Internacional, Greenpeace…), ekitaldientzat (US Open Tenis, New Yorkeko maratoia…) zein pertsona ezagunentzat (sir Edmund Hillary, Dalái Lama, Ion Sistiaga, Juan Luis Arsuaga, Andreu Buenafuente, Jane Goodall, José Andrés, Eduardo Punset…). FesTValarentzat luxu handia da hain egile ezagunak aurtengo irudia egin izana.

CIMA zinemaren eta ikus-entzunezkoen alorreko emakumeen elkarteak, berriz, Kataluniako telesail bati eman dio urteroko saria: ‘Les de l’hoquei’; Ona Anglada, Laura Azemar, Natalia Boadas, Marta Vivet eta Marta Grauk sortutako lana unibertsitateko proiektu gisa jaio zen eta ‘prime time’-ko arrakasta bihurtu da, TV3k eta Brutal Mediak ekoizturik. Hauek osatu zuten epaimahaia, CIMAren lehendakariorde Isabel Raventós buru zela: Maite Iturbe, EITBren zuzendari nagusia; Virginia Yagüe, gidoilaria; Carmen Aguilera, ‘El Intermedio’-ren zuzendaria; Vanesa Rodríguez, ‘Vertele’-ren zuzendaria; Joseba Fiestras, FesTValaren zuzendaria; Gustavo Ferrada, zinema ekoizlea; Natxo López, gidoilaria, eta Conchi Cascajosa, Carlos III Unibertsitateko Ikus-entzunezkoen Komunikazioko irakaslea. Berdintasunaren CIMA saria irailaren 7an emango da, Gasteizko FesTValaren sarien galan.

Ruperta sariak

Galan emango den beste sari bat Ruperta izenekoa da. Horren bidez, telebistarako formatu berriak sustatu nahi dira, entretenimenduko formatuak sortu eta nazioartean merkaturatzeko asmoz. Hauek osatu dute epaimahaia: Alejandro Ibáñez Nauta, Prointel-en CEOa; Joseba Fiestras, FesTValaren zuzendaria; Mariola Cubells, kazetaria eta telebista aztertzailea; José María Castillo, Prointel-en zuzendari eragilea, eta Borja Terán, telebistan espezializatutako kazetaria. Ehun proposamen baino gehiagoren artean aukeratu behar izan zuten, eta Miguel Martínek aurkeztutako kaleko lehiaketa bat gertatu zen irabazle; duela aste batzuk grabatu zen horren programa pilotua, Arabako hiriburuan.

Beste edizio batzuetan lez, bide-segurtasunaren aldeko “Ponle freno” lasterketa egingo da FesTValaren barruan, herritarren partaidetza eta lankidetzari esker. Izan ere, telebistak, kirolak eta elkartasunak bat egiten dute egun-leku horietan, helburu bakarrarekin: trafiko-istripuen biktimak. Irailaren 8an itzuliko da lasterketa Gasteizera, pizgarri berezi batekin: 10 kilometro nahiz 5 kilometro korritzeko izena ematen dutenek entrenamendu bereziak egin ahalko dituzte estatuko atleta onenetako batekin, Martín Fiz maratoilariarekin.

Villa Sofía —Frai Francisco Vitoria ibilbidea, 6— izango da FesTvalaren egoitza aurten. Estreinaldietarako gonbit-txartelak jaso ahalko dira han, baita amaiera galarako sarrerak ere.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2019(e)ko irailaren 2(e)tik 2019(e)ko irailaren 8(e)ra
  • LekuaVilla Sofía (Fray Francisco Pasealekua, 6)
    Vitoria-Gasteiz
  • Info Gehiago

Non

Euskadi, auzolana