Flamenko ikuskizuna: Eduardo Guerrero

Santurtzi 2019(e)ko Urriak 18
  • Flamenko ikuskizuna: Eduardo Guerrero

EDUARDO GUERRERO
Gitarrak: Javier Ibáñez y Juan J. Alba
Artista gonbidatuak - kantua: Anabel Rivera, Sandra Zarzana eta Samara Montáñez

GERRAREN ARTEA

Kristo aurreko laugarren mendean Sun Tzu jeneralak estrategia militarrari buruzko liburu bat idatzi zuen, gaur egun oso arrakastatsua yuppie eta ekintzaileen artean. Gerraren artea jarri zion izenburu, eta bertako irakaspen batzuk inon den guda nagusiari ezarri dakizkioke, bizitzari hain zuzen, gure emozioen eguneroko arloa. Horrela dio pasarte batean: "Ingurukoak ezagutzen badituzu eta zeure burua ezagutzen baduzu, mila batailatan ere salbu egongo zara; ingurukoak ezagutzen ez badituzu baina zeure burua bai, bataila bat galdu eta beste bat irabaziko duzu; ez ingurukoak eta ez zeure burua ezagutzen ez badituzu, bataila guztietan egongo zara arriskuan".

Jeneral txinatarraren hitzetan, "Garaipenik onena borrokatu gabe irabaztea da" eta horrelaxe gertatzen da maitasunaren operazio-antzerkian. Horixe da Edu Guerrero flamenko-dantzariak (Cadiz 1983) bere ikuskizun berria plazaratzeko aukeratu duen agertokia. Ikuskizunak bere abizen polisemikoa du izenburu eta De Dolores edo El callejón de los pecados ikuskizunekin hasitako ibilbidearen jarraipena da. Berea ibilbide luze eta emankorra da, ume-umea zela eman zion hasiera, La Yerbabuena konpainian izan zuen jarraipena eta sari ugariz jaso du aitorpena, besteak beste, La Union jaialdiaren Desplante sariaz.

Oraingo honetan, emakumeekiko harremanak landuko ditu –amarekikoa, maitaleekikoak, lagunekikoak– sentimentaltasunak sentsualitatearekin topo egiten duen mugako lurraldean, baina biak gaindituko ditu, genero eta sexuen arteko zubi bat eraikiz, "gizakia" izenaz ezagutzen dugun zubia. Traumarik gabeko tentsioa da, barruko borroka, albo-kalte handirik gabea eta maskulinitatetik bere burua maitatzeko pasiotik eta konpromisotik haratago doana.

Horixe da, orokorrean, bere aitzakia, gerra arte bihurtzea. Hala eta guztiz ere, armadarik onena bera da, Anabel Rivera, Samara Montáñez edo May Fernándezen kantuak gudarostean, eta Javier Ibañez eta Juan Jose Albaren gitarrek ematen dioten lehen mailako musika-munizioa lagun. Azken bi hauek dira estilo ugari eskaintzen dituen kantu herrikoietarako faltseta berrien egileak, honako hauenak: hasierako saetak eta amaierako kupleak, malagueñak, fandangoak, rondeñak, granainak, berdialak, buleriak solean, poloak, sehaska-kantak, seguidillak, serranak, tangoak, zanbrak eta alegriak. Antologia goitik behera, Guerrerok duen ukitu bereziaz dantzatuak, Tere Torresek jositako jantziak soinean dituela. Proposamen berri hau mugarria izango da bere ibilbidean. Eta aldi berean, munduaz eta ikuskizunaz duen kontzeptuaren alegoria izango da, epopeia bat non flamenko-dantza izango den irabazle nagusia.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana