Kutxa Kultur Enea, incuvadora de nuevas oportunidades

  • Kutxa Kultur Enea, incuvadora de nuevas oportunidades

Kutxa Kultur Enea Donostiako Tabakaleran dago kokatuta eta kultura-proiektuen ekintzailetzarako espazioa da. Gune honi esker, eta elkarlana ardatz hartuta, gazte –eta ez hain gazte– sortzaile asko ari dira  euren egitasmo berritzaileak gauzatzen. Mikel Mendarte arduradunetakoak aurkeztu digu ekimena.

 

Zer da Kutxa Kultur Enea, nola definitzen duzue?

Kutxa Kultur Enea Kutxak Tabakaleran duen kulturako komunitate sortzaile, dinamiko eta berritzailea da. Bertan, kultura munduko askotariko proiektu eta ekintzak onartzen dira: diseinua, marketina, musika, moda, argazkigintza, gastronomia, arte, dantza, ekitaldi eta ikuskizunen sustapena, besteak beste.

Helburu nagusia kultura arloan enplegu berria sortzeko edo sortu berri dena egonkortzeko aukerak sustatzea da. Horretarako eneatarren urteko egonaldian, Kutxa Kultur-eko lantaldeak proiektuaren eredua, negozio plana eta bideragarritasuna garatzen eta martxan jartzen laguntzen du, gaian adituak direnen aholkularitzaz.

Kutxa Kultur Eneak proiektuen artean sinergiak sortzearen aldeko apustua egiten du, sorkuntza-iturri gisa eta networking-a ere lantzen da, bezero eta laguntzaileen sarea zabaltzeko asmoz.


Proposamen ausarta eta berritzailea da. Eredurik izan al zenuten egitasmoa abiatzean?

Egia esan, ez. Normalean co-working espazioek errentagarritasun ikuspegia edo helburua dute, negozioak dira. Gurea, berriz, haratago doa. Talentua sustatzea du helburu nagusia.

 

 

Esan bezala, co-working-a edo elkarlana sustatzen duen egitasmoa dugu Kutxa Kultur Enea. Zein da lan egiteko modu honen balio nagusia?

Fisikoki espazio komun batean lan egitea da bere balio nagusia. Guk, elkarrekin sinergiak sortzeko aukerak dituzten proiektuak gertu jartzen ditugu, askotan modu naturalean sortzen direlako. Baina modu naturalean sortzeaz gain, gurean dinamizatzen saiatzen gara, sinergia horiek ere bai nolabait eragiteko.


Zer sortzaile profilak aurkezten dira egonaldi hauetara?

Ikuspegi zabal batetik hartuta, arlo kulturaleko profila betetzen duten autonomo, start-up nahiz ikasle eta elkarteak… Oso profil zabala.


Zeintzuk dira proiektuak hautatzeko jarraitzen dituzuen irizpideak?

Babesa emateko aukeratutako proiektuek originala izan behar dute, talentudunak, eta –gure ikuspegitik, noski– ogibide bilakatzeko aukera dutenak.

 

 

Eskaintzen dituzuen baliabideen artean, zeintzuk dira sortzaileek gehien eskatzen dituztenak? Zein eremutan dituzte behar handiagoak?

Kutxak duen elkarlan sarea eta lurraldeko arlo kultural agenteen ezagutza, besteak beste, asko estimatzen dute. Gure eskutik aukera bila jotzen dituzten ate asko irekitzen zaizkielako, bere kabuz bakarik irekitzen ez zirenak. Tabakalerako gure espazioak doan erabiltzeko aukera ere gustuko dute.

Gure ikuspuntutik, behar handienak errentagarritasunari dagozkionak dira, begirada hori falta zaiela antzematen da. Gehienak artistak dira, eta esan bezala, oso talentudunak, baina sorkuntza negozio bihurtzeko, agian gustuko ez dituzten negozio eta errentagarritasun planak osatzen ikasi behar da.

Horretarako formakuntza trinkoa ematen diegu, agian oso erakargarria ez dena, baina enpresa bezala aurrera egiteko derrigorrezko trebakuntza dela konturatzen dira denboraren poderioz.


Nolako emaitzak jaso ditu dagoeneko egitasmoak?

Gu oso pozik gaude. Kutxa Kultur Enea bezalako proiektu baten beharra bazegoela ikusi dugu eta gure ekarpena Eneako kideen artean oso ondo baloratua ari da izaten.

Gizarte ekintzaren misio nagusia hutsuneak dauden guneetan ekarpenak egitea denez –gure kasuan, arlo kulturalean– gizarteari gure ekarpena egiten ari garela uste dugu.

Gainera, gure eskaintza oraindik hobetzeko tartea ere badugula uste dugu, gu ere asko ikasi eta ikasten ari garelako Kutxa Kultur Eneara etortzen diren gazteengandik.


Zein da hurrengo urteetan Kutxa Kultur Eneak egin behar duen bidea?

2019 urteko helburu nagusia agente desberdinak, bai enpresa zein erakundeak, guregana erakartzea da, Kutxa Kultur Enean dauden eta aitzindari diren proiektuak ezagutzera, haiengatik zer egin dezaketen azaltzeko aukera emateko.

 

 

Helmuga honekin, hainbat topaketa antolatuko ditugu, sektore kulturalak enpresa munduan egin ditzakeen ekarpenak mahaiaren gainean jartzeko eta produktuen zein aurkezpen, katalogo, bideo edo webguneen diseinuetan ikuspegi berriak sustatzeko, besteak beste. Arlo kulturalean mugitzen diren ekintzaileek sektore industrialetik asko ikasteko badute ere, hauek enpresei konpetentziatik bereizteko zer eskaini ere badute.

 

(Este Especial se publicó el 10 de enero de 2019).

Euskadi, bien común