Ibaiertzean, música y auzolan al abrigo del Arga

  • Ibaiertzean, música y auzolan al abrigo del Arga

Musika, kalea eta komunitatea lantzen dituen festibala ospatuko da Iruñan maiatzaren 18ko asteburuan. Hirugarrena izango den ediziorako hainbat nobedade, jarduera eta tailer antolatu dituzte. Maitena Muruzabal udaleko Kultura saileko zuzendariak Ibaiertzean jaialdiak dituen ezaugarri bereziak azaldu dizkigu.

 

Ibaiertzean 2017. urtean jaio zen, Iruñeko Udalaren eta Iruñea Nola? elkartearen elkarlanaren ondorioz. Nola sortu zen martxan jartzeko aukera?

Iruñea Nola? elkartea udaleko kultur alorrarekin jarri zen harremanetan. Musika jaialdia egitea proposatu ziguten, bi ezaugarri bereizgarri zituen jaialdia. Alde batetik musikak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna balorean jarri nahi zuten. Eta beste aldetik, deszentralizazioa planteatzen zuten. Hau da, hiriko erdigunean baino, aldirietara zabalduko zen jaialdia proposatu ziuten, Sanduzelain egingo zena, hain zuzen ere, zubiaren azpian eta ibaiaren ondoan.

Udaleko kultur alorreak planteatutako ildo estrategikoarekin guztiz bat egiten zuten bi ezaugarri horiek eta eremu hauek lantzeko aukera paregabea iruditu zitzaigun.

Gauzak horrela, Ibaiertzean Jaialdiaren baloreetako bat lan egiteko kudeaketa mota berri bat sustatu duela da, zeinetan Udalak, elkarte batek eta auzo-elkarte batek kultura proposamen bat aurrera eraman dugun elkarlanean. Instituzioa eta elkarteen arteko elkarlana lantzeko aukera bikaina eskaini digu.

 

(Ibaiertzean 2018ko edizioan prestatutako laburpen bideoa) 


Nola izan da Jaialdiaren bilakaera urte hauetan, zein izan da bere ibilbidea eta publikoaren erantzuna?

Jaialdiaren balorazioa ez dugu publiko kopuruaren arabera neurtzen, nahiz eta oso erantzun ona izan duen. Azaldu bezala, bere balio nagusiak ez dira kuantitatiboak.

Ibaiertzean Sanduzelain hasi zen eta hasieran auzoz auzo mugitzea pentsatu genuen. Hori dela eta, pasa den edizioa Etxabakoitz auzoan burutu zen. Ondoren, balorazioa egin genuen eta halako jaialdi batek auzoan erreferentzia izan nahi badu, auzoari berari protagonismoa eman behar geniola jabetu ginen, eta jaio zen tokian mantendu behar zela adostu genuen Iruñean Nola? elkartearekin batera. Kulturan –oro har, baina halako jaialdietan bereziki–, ekimenek jarraipena behar dute. Hortaz, Sanduzelain, zubiaren azpian mantenduko da.

Etxabakoitzen, pasa den urtean izandako esperientziari esker, beste jaialditxo bat prestatuko dugu udan. Jakina, auzo bakoitzak bere ezaugarri ezberdinak ditu eta auzo bakoitzean proposamen ezberdinetan lana egitea dugu helburu Kultur alorrean.


Hiriko hainbat sektoreen parte-hartzea proposamenak izan duen arrakasta ulertzeko gakoa izan daiteke, hala nola auzo elkarteena edo hezkuntza komunitatearena. Nola ezartzen dira lankidetza hauek eta zertan gauzatu dira?

Elkarlana jaialdiaren kudeaketan ezaugarri berritzailea da. Hasieratik hala izan da eta hainbat agente ezberdinek parte hartu dugu. Proiektuaren buru Iruñea Nola? eta Iruñeko Udala gara, baina auzoko elkarte ezberdinek parte hartzen dute era batean edo bestean: jaialdiaren diseinuan, dagoeneko burutu diren txirrindulen tailerretan, Civivoxeko Brass Bandaren tailerrean, auzoko gazte eta txikiak lehenengo edizioan egindako murala berriro margotzen egon dira…

Hezkuntza komunitateari dagokionean, beraiek sustatutako proiektu baten inguruan bildu gara: Radio Patio Irratia. Garcia Galdeano eskolan urte batez dabiltza irrati programa hau burutzen. Hezkuntza saio honetan irratiaren eta soinuaren gaitasunak aztertzen dituzte ikasleek eta, noski, testuinguru honetan musika oso garrantzitsua da. Guk harremanetan jarri ditugu zenbait musika talde han jo dezaten, elkarrizketa egin diezaieten eta abar... Radio Patio Irratiak eskolako komunitatearen, instituzioaren, hiriko elkarteen eta biztanleen arteko parte-hartze eta elkarlana gauzatu du, indarrak batuz elkarrekin amets bat gauzatzeko.

 

(Ibaiertzean 2019rako Radio Patio Irratia programaren ikasleek prestatutako bideoa) 


2019ko edizioa hasia da giroa berotzen, Txirrindulak Aske bezalako tailerren bidez. Zertan datza ekimen honek eta nola islatuko da Jaialdiaren programan?

Txirrindulak Aske tailerra Sanduzelaiko Karrikagunen burutzen ari da. Xabier Apesteguik (Reimy)-k gidatutako jarduera da. Bere helburua txirrindulak dituen aukera guztiak aztertzea da, eta horretarako “tuneatzen” ibili dira, soinu eta argiarekin jolasten eta txirrindula arte-ibilgailua bihurtzen. Kalejira egingo dute larunbat goizean auzoan barna.


Lehen aipatu duzunez, iazko Etxabakoizeko esperientzia eta gero, jatorrizko gunera bueltatuko da aurten eskaintza. Zer nabarmenduko zenukete aurtengo eskaintzaz?

Musika aldetik afrikar sustraiak dituzten musika taldeak entzungo ditugu, eta zentzu honetan ez dago ezberdintasun handirik lehenengo ediziotik. Izan ere, jaialdiaren ezaugarria da.

Txirrindulak Aske tailerra eta ostiralean Civivoxen burutuko den Brass Band musika tailerra bai dira berrikuntzak.

 

(Txirrindulak Aske! tailerrean lanean)

 

Bestalde, badaude beste bi nobedade interesgarri: KATANGA proiektua, non sound system delakoak duen indarra erakutsiko den; eta SUBZENEAN, argiekin egindako diseinua eta instalazioa Ibaiertzean jaialdiaren argi irudikapena.


Nola nahiko zenukete Ibaiertzean Jaialdia hastea? Zeintzuk dira hurrengo urteotan aurre egin beharreko erronkak?

Eguraldi ona bermatzea gustuko genuke!! Broma da, noski, baina azkenean kalean egiten diren kultur ekimenetan beti eguraldiaren menpe gaude. Hala ere, Iruña batean beldurra kendu behar diogu horri, kalea eta artea elkarrekin joan behar baitira. Izan ere, zubi baten azpian gaude, beraz nahiz eta euria egin… ez dago aitzakiarik hara ez gerturatzeko!

Hurrengo urteetan beste auzoetan esperientzia antzekoak egiteko aukerak ikertu eta burutu nahiko genituzke.

Azkenik, Ibaiertzean sendotzea nahi dugu, hori da guretzat garrantzitsuena. Auzoarekin gero eta aliantza gehiago josi eta erreferentea izatea.

 

(Especial publicado el 16 de mayo de 2019).

Euskadi, bien común