"Galtzen ikasteko metodoa"

  • "Galtzen ikasteko metodoa"

Galtzen ikasteko metodoa da Balerdi Balerdi taldearen CD berriaren eta diskoa irekitzen duen kantaren izena, baita abesti bilduma honen edukiak laburbiltzeko definizio ironikoa ere.

Iruñeko talde beteranoak 90eko hamarkadan hiru lan ekoitzi zituen (Balerdi Balerdi, hamar hazbeteko biniloa, eta bi CD: Ez gara galdu eta Hobe behin gorri ezen ez beti hori). 2000n hamar urte inguruko parentesia ireki zuten, laugarren diskoa, Hegoko lautadaren ertzetik, 2012an argitaratu zuten arte.

Ibilbide honetan musikari batzuk aldatu badira ere, hasieratik mantentzen dira Toño (ahotsa eta gitarra) eta Zara (perkusioa eta koruak), taldeko sortzaileak. Azken hiru urteotan laukotea osatu dute, Berako bi lagunekin: Petti (gitarra eta ahotsak) eta Anxel (baxua). Laurek grabatu dituzte Galtzen ikasteko metodoa CDan dauden hamalau kantak, azken urte hauetan konposatu eta moldatutakoak.

Musika guztiak Toñok sortu ditu, baita letra gehienak ere. Hitzetarako Pello Lizarralderen laguntza izan du: hura da hiru kantaren hitzen egilea ("Galtzen ikasteko metodoa", "Gu eta ni" eta "Fan fan oso fan") eta letra guztien zuzentzailea.

Hamalau kanta solte dira, baina CDan agertzen den ordenean jarriak, disko kontzeptuala osatu gabe ere, nolabaiteko zentzu orokorra ematen diote bildumari. Alde batetik, haurtzarotik zahartzarorainoko ibilbidea garatzen dutelako, eta, bestetik, jorratzen dituzten gai batzuk errepikatzen direlako: heriotzaren presentzia, ametsak eta etsipenak, norberaren kontraesanak, musika eta musikariak... Agian gai serioegiak rock'n'rollerako, tonu ironikoa eta jostaria nagusituko ez balitz.

Lau musikarien formazioarekin, Pettik jo dituen gitarren riffei eta zimikoei esker, taldeak beti egin duen pop-rock edo power pop estiloa indartsuago bilakatu da Galtzen ikasteko metodoa honetan. Taldeak erritmo anitzak landu ditu: power pop sinkopatua ("Zanbalan", "Huts egin dut", "Elurretan"), rock'n'roll klasikoa ("Iruñea Motor City", "Haur denborako egunak", "Gu eta ni"), pop indartsua ("Galtzen ikasteko metodoa") eta lasaia ("Amaitzear da dantza garaia"), baita tempo erdikoa ere ("Fan fan oso fan"). Bestalde, aurreko CDan ugaria zen folk-rockaren presentzia nabarmen gutxitu da ("Itsasaldean", "Bi izar"). Kanta guztietan entzun daitezke melodia iradokitzaileak, haietariko gehientsuenetan ahots moldaketa landuekin. Horiek baitira, izan ere, Balerdi Balerdiren ohiko ezaugarri nagusiak.

Erosi diskoa, Gor Diskoak diskoetxearen webgunean

Abestiak

1. Galtzen ikasteko metodoa
2. Iruñea Motor City
3. Haur denborako egunak
4. Zanbalan
5. Hiru anaiak
6. Netzahualcóyotlen hitzak
7. Bi izar
8. Gu eta ni
9. Itsasaldean
10. Huts egin dut
11. Gau honetan
12. Amaitzear da dantza garaia
13. Elurretan
14. Fan fan oso fan

Gor Diskoak

Laburrean

  • Egileak Balerdi Balerdi
  • DiskoetxeaGor Discos
  • Zenbatekoa14,00 € (CD) / 6,00 € (disko digitala)
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2017
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana