"Black is Beltza"

  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"
  • "Black is Beltza"

1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari iparramerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea.

Benetako gertaera horretatik abiatuta, Muguruzak, Canok eta Alderetek Manex Unanueren historia asmatu dute: erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Bere kideek agintarien erabakiari men egin izana deitoratuz, etxera ez itzultzea erabakiko du Manexek. Gazte honen begietatik izango dugu 1960ko hamarkadaren erdialdean gizartea errotik astindu zuten gertaeren berri: Malcolm X-ren hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan. Gerra Hotzaren oihartzuna ere agerikoa izango da, alde bietako espioien artean zeuden interes eta katramila ezkutuak tarteko.

Kuban urte batzuk igaro eta trebakuntza berezia jaso ondoren, Manexek Che Guevara ezagutuko du hura Boliviara joateko zorian dela. Egiteko ezinago delikatu batean abiatuko da gero: eraila izateko arriskua duen Black Panther bat AEB Ameriketako Estatu Batuetatik atera eta hari Habanaraino lagundu beharko dio. Horretarako, mundua alderik alde zeharkatu eta itzulinguruz betetako bidaia egingo du. Izan ere, ezinezkoa da bidaia hori zuzenean egitea: CIAk susmoa baitu kubatarrak zoru iparramerikarrean operazio berezietan ote dabiltzan.

Errealitatea eta fikzioa dantzan jartzen dituen intrigazko haria da Black is Beltza, deus falta ez duena: maitasuna, iraultza, espioitza. Eta horren guztiaren lagun, garaiko soinu banda bereizgarria, adierazkortasun grafiko handiz zuzen-zuzenean 1960ko hamarkadako bihotzera eramango gaituena.

Fitxa

  • Zuzendaritza: Fermin Muguruza
  • Gidoia: Fermin Muguruza, Harkaitz Cano, Eduard Sola
  • Ekoizpen-zuzendaria: Jone Unanua
  • Generoa: Helduentzako animazioa
  • Arte-zuzendaria: Beñat Beitia
  • Animazio-zuzendaria: Iñigo Berasategi
  • Pertsonaien sorkuntza: Josep Homs
  • Estren diseinua: Pepe Boada
  • Prop-en diseinua: Mikel Antero
  • Storyboard-a: Kepa de Orbe
  • Ilustrazioak: Mariona Omedes, Karin du Kroo
  • Konposizio digitala: Dani Azpitarte, User T38
  • Background-ak: Iñaki Holgado
  • Komunikazioa: Nagore Vega
  • Animazio-ekoizpenaren zuzendaria: Beñat Beitia
  • Ekoizpen exekutiboa: Fermin Muguruza, Oriol Marcos
  • Ekoizleak: Black is Beltza AIE, Talka Records&Films, Setmàgic, Elkar
  • Nazioarteko salmenta-agentea: Film Factory
  • Ahotsak: Unax Ugalde, Isaach de Bankolé, Iseo, Sergi López, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Willy Toledo, Angelo Moore, Maria de Medeiros, Jorge Perugorría, Hamid Krim, Emma Suárez
  • Soinu-banda: Raül Refree, Fermin Muguruza, Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Ana Tijoux, Sonido Gallo Negro, Lengualerta, Ceci Bastida, Iseo
  • Animazio-estudioak: Dibulitoon (Irun), Hampa (Valentzia), Draftoon (Rosario-Argentina), Nueveojos (Bartzelona), User T38 (Madril)
  • Iraupena: 80 minutu
  • Hizkuntzak: Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera
  • Webgunea: www.blackisbeltza.eus


Laburrean

  • Egileak Fermin Muguruza
  • HizkuntzaBeste batzuk
  • Estreinaldi-urtea2018
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana