"Liv til døden"

  • "Liv til døden"

Liv til døden da gure lan musikal berriaren izena. Esfortzu eta ilusio handiz sortu ditugu diskoko bederatzi abestiak. Lehen EPan sustraitutako estilo musikala atzean utzi gabe, Nøgenen bilakaeraren isla da disko berria. Hastapenetako estilo pop-folkia garatu eta gehiago definitzen duen proposamen berritzaile eta helduagoarekin gatoz Euskal Herriko eszena musikalera. Airaka disketxearekin argitaratu dugu lan berria.

Disko berriarekin soinu helduago baten bila genbiltzan, entzuleari esperientzia musikal aberasgarri bat aurkeztea baitzen gure helburu nagusia diskoaren sorkuntza fasean. Ahotsen harmoniek protagonismo handia dute, eta ukelelearen eta gitarraren soinu bereizgarriekin uztartzen dira. Aldi berean, baxuak eta bateriaren erritmoek oinarri sendoa gehitzen diete abestiei, kantak borobiltzeko. Diskoa dinamikoa dela esan dezakegu: melodia itsaskorrak eta alaiak daude, baita abesti nostalgikoagoak ere.

Liv til dødenen zabaldu nahi dugun mezua argia da: hil arte bizi esan nahi du danesez. Nøgen, talde hasi berria izan arren, indartsu dator. Mugiarazten zaituen horrengatik borrokatzeak dena emateak merezi duela sinesten dugu. Musika sortzea da gure grina, zoriontsu egiten gaituena. Identifikatzen gaituzten abestiak egiten ditugu, ondoren entzuleek abestiak zuenganatu eta esanahi propioa eman diezaiezuen, hori baita guzti honi zentzua ematen diona.

Diskoari forma emateko Haritz Harreguyren estudioan murgildu ginen hilabete pare batez. Melodiak eta arregloak naturalki sortu ziren, baina konposaketan arreta berezia jarri genuen soinu landu eta aberats bat lortu nahi genuelako. Gure lehen LParen grabaketak 2018. urte hasieran eman genuen kontzertuen birarekin egin zuen bat, beraz, estudio orduak birarekin uztartu behar izan genituen. Lan handia egin genuen eta oso harro gaude emaitzarekin, lana ez baita lan gustuko duzuna bihotzez egiten duzunean, ez da hala?

Bederatzi abestik osatzen dute gure lehen disko luzea, luxuzko kolaborazioekin. La M.O.D.A. taldea betidanik izan da erreferente bat guretzako eta haiekin lan egiteko aukera izan genuen "Ez da ondo aterako" abestian, diskoko bigarren singlean. Donostiako eszena musikaleko lagunak ere izan ditugu ondoan: Izaro eta Serrulla "Gertu" abestiaren bertsio berri bat egiteko batu ziren gurekin eta Garazi Esnaola, Jone Laspiur, Aitor Valcarlos, Antton Telleria, Ander Zabala eta Julen Idigoras musikariek ere diskoari azken ikutuak ematen lagundu digute. Egia esan, oso ongi inguratuta gaude!

Nøgen

Taldekideak

  • Eider Saez, ahotsa
  • Markel Idigoras, ukelelea eta ahotsa
  • Alex Irazusta, gitarra eta ahotsa
  • Olatz Cuevas, baxua eta koruak
  • Jokin Guilisagasti, bateria eta koruak

Abestiak

1. Enarak (3:32)
2. Anai (4:33)
3. Ez da ondo aterako (feat. La Maravillosa Orquesta del Alcohol) (3:18)
4. Hil arte bizi (2:37)
5. Keari (3:45)
6. Loreak eman arte (5:15)
7. D&D (feat. Jone Laspiur) (3:01)
8. Oxigenoa (4:38)
9. Gertu (feat. Izaro & Serrulla) (3:09)

Nøgen

Laburrean

  • Egileak Nøgen
  • DiskoetxeaAiraka
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2018
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana