"Since 1993"

  • "Since 1993"

De Diego anaien disko berri hau entzunda, "etxean egotearen" sentsazio ezin atseginago hori sentitzeko aukera izan dut ez gutxitan, hizki larriz idatzitako jazzarekin, denboraz gaindikoa bezain estimulagarria den jazzarekin, gozatzeko aukera. Bluesy ukitu horiek, groove tematia eta konposizioa osatzen duen materialaren erakarria, bikotearen bertute gutxi batzuk baizik ez dira. Eta taldearen sonoritate trinkoa dugu, batera arnasten duena eta une oro argi duena nora doan eta nola sortu behar duen abesti bakoitzari dagokion giroa. Funk ukituak agerikoak dira "Macarrones con David L.2 kantaren hasierako konpasetatik, eta giro horrek gozoki blaituta dugu album osoa. Bereziki hunkigarriak dira abesti lasaienak, esate baterako, "Yeah", "Amor crónico" eta "Mikro2, bikain landuta eta barru-barrutik iristen zaizun soul horrekin blaituta. Bestalde, erritmo bizieneko kantek agerian uzten dute aniztasuna, hortxe ditugu "Roc's" blues azkar bezain indartsua, "Gostrondiko" abestiaren eraikuntza erritmikoa eta "Me niego" zoragarria, inolako zalantzarik gabe bati baino gehiagori gogoraraziko diona 60ko urteetako Milesen bosteko ahantzi ezin haren alderdirik funkyena (Hancock eta Tony Williams sekulakoak egiten).

Musikari beteranoak dira Juan eta Víctor de Diego bilbotarrak, eta euren ibilbideak nolabait ere paraleloan garatu dira, hori bai, bakoitzaren nortasun biziari dagokion erlaitzetan barrena. Jazzaren aurreko maitasun saldu ezina partekatzen dute, baita musika ohiko lekuetatik kanpora egiteko gaitasuna ere, sustrai sakoneko musika egiteko, betiere zerbait planteatzen duen musika egiteko, eta ez alferrikako musika. Bakoitzak bere aldetik eta elkarrekin egindako ibilbidea dute erakusgarri. Baina erne disko honetan dituzten bidaideekin! Niretzat sekulako aurkikuntza izan da Abel Boquera, Vilanova i la Geltruko pianista; Victorrek eta Juanek bezala, Bartzelonan eman ditu azken urteak, eta nagusitasunez eta ezin hobe gobernatzen du Hammond B3-a (baxuen pedalen teknika zaila barne), gisa honetako diskoak berezko dituen giroak sortzeko unean ezinbesteko dena. Zoragarriak dira bere bakarkako pasarteak: nahikoa dugu "Roc's" kanta entzutea, barnean daraman musikaria agerian uzteko. Guztiok bagenekien Caspar St. Charles londrestarra baina Bartzelonan bizi dena bateria jotzaile aparta eta handia dela. Izan ere, bereziki ditut gustuko bera bezalako musikariak, molde askotara egokitzeko eta taldeari eta musika zuzendaritza desberdinei betiere sendotasuna eta kolorea emateko gai direnak eta une oro bere nortasunari eusten diotenak.

Erosi Since 1993 diskoa

Abestiak

1. Macarrones con David L. (6:00)
2. Chiretas (5:46)
3. Roc's (5:29)
4. Yeah (4:46)
5. Me niego (5:58)
6. Amor crónico (5:33)
7. Gostrondiko (4:17)
8. Mikro (4:10)


Laburrean

  • Egileak De Diego Brothers
  • DiskoetxeaErrabal Jazz
  • Zenbatekoa10,00 €
  • FormatuaCD
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Argitalpen-urtea2018
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana