"Esteban Urkiaga "Lauaxeta", el nuevo Odiseo"

  • "Esteban Urkiaga "Lauaxeta", el nuevo Odiseo"

Esteban Urkiaga 'Lauaxeta', el nuevo Odiseo liburuak 'Lauaxeta' olerkari bizkaitarraren bizitza kontatzen du, olerkari eta kazetari gisa idazten hasi zenetik frankistek 1937an fusilatu zuten arte.

Esteban Urkiaga, goitizenez 'Lauaxeta', 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Laukinizen, familia tradizional eta kontserbadore batean. Jesuitekin ikasi zuen Durangon, Azpeitian eta Oñan, toki horietan hasi zen euskarara hurbiltzen eta haietan ezagutu zituen beste idazle ezagun batzuk ere, hala nola Andima Ibiñagabeitia eta Pío Montoya. Oso gaztetatik sentitu zuen erlijiorako pendura, eta nobiziotza hasi zuen, baina gero alde batera utzi zuen bide hori kazetaritza eta literatura besarkatzeko. Eusko Alderdi Jeltzalean (EAJ) sartu zen, eta euskarazko hainbat argitalpenen ardura hartu zuen bertan.

1931n argitaratu zuen bere lehen olerki liburua, Bide barrijak, eta 1935ean bigarrena, Arrats beran, biekin baztertu zelarik euskal poesia tradizionalaren estilo erromantikotik. Halaber, lan handia egin zuen euskarara itzultzen Europako obra klasikoak eta abangoardistak, adibidez Federico García Lorcaren hainbat liburu.

Baina 'Lauaxeta'k kontraesan bikoitz batean murgildurik igaro zuen bere mundualdi laburra. Kontserbadorea zen pentsamenduz eta berritzailea estetikan eta literaturan, mundu berriak sortzeko gai baina pentsamenduz ortodoxoa. Kontserbadorea izan eta, halere, poesia modernoa idatzi zuen; katoliko konprometitu eta praktikantea, baina barkamenik jaso ez zuena epaitua izan zenean.

Gerra Zibila hasi eta 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua onartu zenean, Eusko Jaurlaritzarekin lan egin zuen, propagandako arduraduna izan zen hainbat argitalpenetan eta Intendentziako komandante. 1937ko apirilaren 29an Gernikara joan zen itzultzaile gisa, Kondor Legioak hiria bonbardatzean eragindako kalteak erakustera Frantziako gerra-korrespontsal batzuei. Orduan, tropa frankistek preso hartu zuten, Gerra-kontseilua egin zioten, eta heriotzara kondenatu zuten. Handik bi hilabetera, Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten.

Bere heriotzak hegoak ebaki zizkion euskal poesiaren karrera itxaropentsuenetako bati.

Erosi Esteban Urkiaga "Lauaxeta", el nuevo Odiseo liburua


Laburrean

Euskadi, auzolana