"Pecadora vol.1"

  • "Pecadora vol.1"

Hemen da. Iritsi da Bardeetako ziertzoa indartsu puzka. Zimendu guztiak mugitu zaizkionaren ahots hunkituarekin, zimendu guztiak astinduko dituenaren ahots ausartarekin.

Ausardia ez baita gizonon neurrira formulatutako heroi jainkotiarren lurrin ozpindua. Ausarta izatea, norbera zapaltzen duten mugak identifikatu eta gainditzeko prest egotea da. Eta ausardia, zapaltzaile "beldur-zaleek" eraikitako "beldur-mugak" labana zorrotzenarekin zulatzea da. "Beldur-zaleak" beti daude zelatan, beldurrarekin noiz erasotu zain. Beldurra baita gizateria ez-gizatiar honen armarik eraginkorrena: apuntatu eta tiro, ez dago huts egiterik. Beldurra bezalakorik ez dago.

Beldurrei aurre egitea, ausarta izatea da, askatasuna bilatzea, bekatari izatea. Arauaren, zentzuaren, jainkoen, eta nola ez, kapitalaren aurka egitea, bekatari izatea baita. Lehen, orain eta beti. Eta La Furia bekatari hutsa da. Betidanik aritu da mugetan dantzan, mugei hozka egiten, mugak musukatzen, mugei abesten, mugei aurre hartzen.

Pecadora vol.1 lan berri honetan ere La Furiak ez ditu itxaron, bila joan da. Bilaketa horretan, 36ko nahiz 2019ko erregimen inkisidore eta hiltzaileen, bizitzako aldaketen halabeharrezko minen, aitzakiarik eta tamainarik ez daukan biolentzia matxistaren, edota neskatila mugalaria haren bila joan da. Bakoitzari, dagozkion mezu, flow, errima, doinu eta erritmoak gurutziltzatu dizkio. Astiro eta amorruz. Maitasunez eta ziztu bizian.

Hip hop kulturatik edaten duten musika estiloen etiketak astero ugaldu, biziberritu eta izendatzen diren aro honetan, Wiloo eta Iñaki Bengoak Madrilen ekoiztutako 6 abesti hauek ere, garaiko muga musikal ezberdinak (hamarkada amaiera honetako rapa, punkaren berehalakotasuna, reggaetoiaren beroa...) ezabatu eta gainditzen dituzte.

Oinarri instrumentalak, Erriberako "belarriprestaren" aho eta mingain biziarekin maisuki ezkontzen dira, bere etorria ezin hobeto janzten dute.

Zalantzarik gabe, La Furiaren ibilbide artistikoan jauzi garrantzitsu bat da Pecadora vol.1: modernoa, heldua, zorrotza, xamurra, elegantea, urratzailea, eta batez ere, bekataria. Hasieran aipatu bezala, zapalkuntzei kontenplaziorik gabe aurre egitea, zapalduei ahotsa ematea, bekatari izatea baita.

Eta zu, irakurle edota entzule fin hori, bekatari izateko prest? Utzi alde batera mugak, barneratu zaitez La Furiaren bekatuen munduan, zutaz ere ari da eta.

Arkaitz Biain

La Furia Interneten

La Furia

Laburrean

  • Egileak La Furia
  • DiskoetxeaMauka Musikagintza
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaGaztelania
  • Argitalpen-urtea2019
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana