"Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat"

  • "Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat"

George Steerren The tree of Guernica. A fiel study of modern war lan ezagunaren euskarazko bertsioa da Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu duen bertsio berrian, Mikel Ayestaran kazetariak eta Steerren biografo Nicholas Rankin kazetariak hitzaurre bana idatzi dute. Koro Navarro itzultzaile donostiarrak (Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2003an) euskaratu du lan hau.

Euskarazko edizio berri honek 390 orrialde ditu, eta Gerra Zibilean zehar Euskadin gertatutakoak xehetasunez jasotzen ditu. Bertsio berri honek jatorrizko irudiak berreskuratu ditu, eta itzulpena ingelesezko jatorrizko liburutik egin da zuzenean. Bere bertsio digitala eLiburutegia euskal liburutegi digitalean dago eskuragai. Aurretik liburuaren pasarte batzuk euskaratu baziren ere, lehen aldia da lana osorik euskaratzen dela.

Steer Euskadin

George Steer (Cambridge, Hegoafrika, 1909 – Rangun, Birmania, 1944) The Times eta The New York Times egunkarietako berriemaile berezia izan zen Gerra Zibilean eta bere lana funtsezkoa izan zen Gerran zehar euskal lurraldean gertatutakoak zabaldu ahal izateko. The Times eta The New York Times egunkarietan -azken honetan, lehen orrian- argitaratutako "The tragedy of Guernica" bere kronika oso garrantzitsua izan zen nazionalen bertsioa gezurtatzeko. "Euskaldunen hiri sakratua" "erabat suntsitua" zegoela zabaldu zuen mundu osoan, "aireko inbaditzaile matxinoen" erasoaren ondorioz. Hiru ordu baino gehiagoko biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak eta tiroak deskribatu zituen bere kronikan.

Handik zenbait hilera, George L. Steerrek The tree of Guernica. A field study of modern war lana aurkeztu zuen Londresen, saiakera luze bezain zehatza. Bertan, Gerra Zibilean zehar 1936ko udaran Gipuzkoara iritsi zenetik Bilboko erorialdira arte— Euskadin bizitakoak azaltzen ditu. Mikel Ayestaranek bere hitzaurrean adierazten duen bezalaxe, saiakera hori mundu osoan zabaldu izan zen kronika horren "making of"-a da, Steerrek egun horietan idatzi zituen kronika ugarietako "kronika zabala".


Laburrean

Euskadi, auzolana