"TripTics III-IV"

  • "TripTics III-IV"

Euskarazz eta Bouquet triptikoek osatzen dute Hibairen lan berriaren muina. Lehenean, giro bukolikoa ezartzen duen harmoniumaren sarrera instrumental baten ostean ("Egunsentia"), azken hamarkadetan euskal kantugintza berritu duten hainbat egilek (Pier Paul Berzaitz, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi...) jorratutako ildoarekin lotzen diren konposizioak eta doinuak aurkituko ditugu. Orkestra moldaketek handitasuna eta sakontasuna ematen diete "Nire eskuetan balego" eta "Zure ate ondora" bezalako abestiei. Kanta sendoak eta boteretsuak dira. Kontrastean, pianoak eremu arin eta jolasti batera eramaten du "Zuk esan nahi ez zenidan hura".

Bouquet osatzen duten hiru abestiak Loraldia jaialdirako beren-beregi sortu ditu Etxebarriak, eta horietako bakoitzak lore bati egiten dio aipamen. Bere sendiari eskainitako abesti sentikor batek irekitzen du triptikoa ("Pagotxa"), eta frantsesez eta ingelesez abesturiko kanta banak osatzen dute. Hiruko honetan orkestraren presentzia apalagoa da eta kantaren pisu nagusia hirukotearen gain geratzen da. Ondorioz, giro bilduagoak ("Lotus noir") eta jazzeroak ("To a pale orchid") aurkituko ditugu, diskoari amaiera ematen dion abestiaren ildo berean. Etxebarriak bakarka jotako jazz-blues alea da "Maite zaitudalakoan nago", eta Tom Waitsen hasierako garaia gogora ekartzen du.

Erosi TripTics III-IV diskoa


Laburrean

  • Egileak Hibai
  • DiskoetxeaGaztelupeko Hotsak
  • Zenbatekoa10,00 €
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaElebiduna
  • Argitalpen-urtea2019
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana