"Kaos#Kosmos"

  • "Kaos#Kosmos"

«Nire izena Antton Aranburu da. 2019an nire hirugarren diskoa argitaratu dut: KAOS#KOSMOS. Oraingoan diskoa bikoitza da.

Badira zenbait urte neure bigarren diskoa argitaratu nuenetik. Aldaketa ugari izan ditut nire bizitza pertsonal eta profesionalean, eta hori guztia islatu nahi izan dut lan bikoitz berri honetan. Aitortu behar dut ez dela batere erraza izan horrelako proiektu bat gauzatzea. Ez du zentzu handirik disko bikoitz bat egiteak berehalakotasunak agintzen duen mundu modernoan; suizidio komertzial bat zalantzarik gabe. Baina nire nahia kantuok grabatu eta zabaltzea izan da, besterik gabe. Izugarri tematu behar izan dut neure Kaosa eta Kosmosa aurrera atera ahal izateko. Pertseberantziaren Oda ere izan zitekeen lan honen izenburua. Halere merezi izan duelakoan nago.

Disko berri honek ez du CD itxurarik izango, ezta binilo itxurarik ere. Hortaz sarean eskuragarri dagoen intangible bat izango da. Nahi duenak sarean entzun ahal izango du (Spotify, Youtube...), eta nahi duenak nire web gunearen bitartez deskargatu ahal izango du debalde. Bisita txartel itxurako PenDrive gutxi batzuk ere atera ditut, lagunen artean banatzeko eta nahi duenak eskura ditzan.

Uste dut formatu fisikoak hilda daudela. Dudarik gabe CDa hilda dago eta hobe da olatu berria datorren moduan hartzea, haren aurka energia gehiegi xahutzea baino. Ez ditut kantuok grabatu itzulkin ekonomiko bat izateko. Ezta jendearen aitortza lortzeko ere. Barneko beharrizan batek eragin dit eta hortxe utzi nahi ditut nahi duenak beregana ditzan.

Esan dudan bezala KAOS#KOSMOS disko bikoitza da. Dena entzun nahi izanez gero, patxada pixka bat hartu beharko duzu.

Lehenengo diskoaren izenburua ZABAL DADILA KAOSA da. Eta bigarrenarena: SOR BEDI KOSMOSA. Bien batura: KAOS#KOSMOS. 20 kantu biltzen ditu lan berri honek, 10 abesti disko bakoitzean.

Lehenengo diskoan pop eta rock kutsua duten kantuak jasotzen dira. Neure barne kaosetik jaiotako kantuak dira.

Bigarren diskoan, ordea, kantu geldo eta goxoagoak aurki daitezke, ekaitzaren ostean beti barealdia baitator. Neure barneko kosmos lasaienetik sortutako abestiak dira.

Kantu gehienak aspaldi sortu nituen. Horietako asko zuzenean ere aurkeztu ditut azken urteotan. Bidea luzea izan da. Aurretik esan dudan legez, zorioneko aldaketa asko gertatu zaizkit. Aldaketa horien islada eta bidelagun izan dira kantuak. Gutxinaka egin, moldatu eta grabatu ditut, etxe giroan gehien bat eta artisau-eran.

KAOS#KOSMOS istorio bitxiz jositako lana da, eta istorio guzti horiek ipuin bilduma batean jaso ditut. Hogei ipuin idatzi ditut abesti bakoitzaren prologo gisa (euskaraz eta gaztelaniaz). Literaturan egiten dudan lehen sartu-irtena da, soil-soilik kantu bakoitza bere testuinguruan kokatzeko eta kantugintzaren generoari ikuspegi zabalago bat emateko nahiarekin.

Betidanik gustuko izan dut ipuinak asmatzea edota istorioak kontatzea. Ipuinek balio handia hartu dute nire bizitzako hainbat alorretan: irakaskuntzan, elkarbizitzan, elkarkidetzan, adiskidantzan... Orain arte kantuak baliatu izan ditut istoriotxoak eta ipuinak kontatzeko, baina oraingoan haratago joan nahi izan dut, kantuen aitzakiarekin ipuin idatziak sortuz.

Askok galdetzen didazue ea benetakoak diren kantuetako istorioak. Eta nik diot, axola al du? Denak daukate errealitate zati handi bat, hau da, ez dira ezerezetik sortuak. Baina Dylanek esaten zuen bezala: ez utzi errealitateak istorio on bat izorra diezazun.

Apaltasunez espero dut, zuk, entzule, KAOS#KOSMOS gozagarri izatea».

Antton Aranburu

Ondorengo esteka hauetan KAOS#KOSMOS disko bikoitza deskarga dezakezu:

 

Laburrean

  • Egileak Antton Aranburu
  • DiskoetxeaAutoekoizpena
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2019
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana