"Soka, euskal dantzaren urratsetan"


Euskal Kultur Erakundean (EKE) mediazio eta dibulgaziorako arduraduna den Jakes Larre-k "Soka, euskal dantzaren urratsetan" deituriko erakusketa ibiltariaz hitz egin digu. Erakusketa EKE-k ekoitzi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostia 2016 Fundazioarekin partaidetzan. 

Nola sortu da "Soka" erakusketa ibiltariaren proiektua?
Badu orain zenbait urte Euskal Kultur Erakundeak eta Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarrak gogoeta bat daramatela euskal dantzaren inguruan alor guziak kondutan hartuz (transmisioa, sorkuntza, hedapena). 2011. urtean EKE-k Claire Rousier adituari manatu zion euskal dantzaren Ipar Euskal Herriko egoerari buruzko ikerlan bat (sarean irakur daiteke: http://files.eke.eus/pdf/etude_danse_basque_euskaraz.pdf). Ikerlan horrek azpimarratu zuen transmisioari eta komunikazioari zegokienez, ideia ona izan zitekeela erakusketa ibiltari baten sortzea, euskal dantzaren historia eta aberastasuna ezagutarazteko bai Euskal Herrian berean, baita ere Euskal Herritik kanpo. Hortik dator "Soka" proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Donostia 2016 Fundazioaren partaidetzarekin Euskal Kultur Erakundeak lortu du hastapeneko amets hori gauzatzea.

Zer lortu nahi duzue erakusketa honekin eta beroni lotutako beste ekitaldi batzuekin?
"Soka"-ren helburu nagusia publiko zabalari euskal dantzaren historia, ezaugarri sozialak eta edertasuna ezagutaraztea da, oro har. Euskal herritarrei zuzentzen gira noski eta kontu hori gogoan ukanik euskara, frantsesa eta gaztelera erabiltzen ditugu testu eta azalpenetan. Kanpotiarrak ez ditugu ahanzten eta ingelesez ere badago erakusketa. Irakurketa maila desberdinak garatu ditugu edozein publiko motak prezia dezan bisita. Berdin baten batek bost minutu iraganen ditu erakusketan, baina pasatuko duen denbora horretan irudi ederrak gozatzen ahalko ditu menturaz, eta euskal dantzaz ikuspegi ezberdina eta baikorra izanez aterako da aretotik. Beste bisitari asko beste behin edo birritan datoz erakusketan diren edukien berriz ikustera, asko baitira eta dena ezin baita aldi batez ikusi. Aipatzen nuen publiko zabala, baina konturatzen gara publiko adituagoak ere plazer hartzen duela "Soka"n, zenbait dokumentu arraro azaltzen baitira bertan.

Zer eginkizun du dantzak euskal kulturaren barruan?
Oier Araolazak erakusketaren sarrera-testuan dioena aipatuko nuke hemen: "Euskara eta euskal dantza, horiek dira euskaldunek komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak. Hitzen bidez gorpuzten da euskara, gorputzaren bidez hitz egiten du euskal dantzak". Uste dut Oierrek biziki ongi laburtzen duela dantzak gure kulturan daukan toki garrantzitsua. Dantzak adierazten du mundua eta bizia ulertzeko dugun era. Aldi berean eskua elkarri emanez, soka-dantzan adibidez, adierazten dugu gai girela elkarrekin bizitzeko. Dantzaren funtzio soziala narbamena izan da mendeetan zehar, eta uste dut oraino dantza terapia ona izan daitekeela bizi ditugun garai nahasi horietan, elkarbizitzaren gaiaren jorratzeko.

Daukan multimedia izaerak zaildu egin al du erakusketa egitea?
Eduki mota ezberdin asko erakutsi behar izateak (bideoak, argazkiak, soinuak, testuak) eta eleaniztasunaren inguruko erronkak behartu gaitu ukipen-pantailak bezalako gailuak baliatzera. Gainera erakusketa berez ez da oso handia zeren eta ibiltaritzarako egokitua baita (130 - 150 metro karratuko eremua betetzen du) eta irizpide hori kondutan harturik multimedia dispositiboek eskaintzen dituzten aukerak ustiatu ditugu, ahalik eta eduki aberats gehien pantaila batzuen bidez erakusteko. Mantenuari begira batez ere kezka batzuk sortzen ahal ditu mota honetako erakusketa batek. Halere ez gara ezertan punta-puntako teknologian oinarritu ekoizpen lanetan eta aski konpontzeko errazak dira gerta daitezkeen arazoak. Uste dut alde horretatik oreka bat erdietsi dugula. Horrek ahalbidetzen du ere ibiltaritza eta preseski hori da gure helburu nagusia, "Soka" ahal bezainbat hedatzea, publikoarengana joateko, ahal tekniko gutti dituzten antolatzaileek ere parada ukan dezaten beren herrian erakusteko.

Sakabanatuta zeuden elementuak batu izana (artxiboetan bilatu behar izan da, materialak bildu…) al da, akaso, erakusketaren ekarpenik handiena?
Egia da askotan jendeek gogoan atxikitzen dutena "Soka" bisitatu ondoan bertan aurkitutako edukien aberastasuna dela. Maiz berriz etorri behar dute huts egin dituzten bideo batzuen ikustera. Pentsa, erakusketak 400 bat ilustrazio baino gehiago (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak) biltzen ditu. Ahoz aho ere jakiten dira gauzak eta artxibo arraro batzuek arreta berezia pizten dute. Euskadiko Filmategian aurkitutako Santurtziko film horrek bezala adibidez, soka-dantzan ari ziren emazte batzuk agertzen dituena. Ikerlari batek frobatu berri du 1921ekoa dela film hori. Inoiz ikusitako Santurtziko irudi horietarako bakarrik bada ere, erakusketaren ikustera balio duela diote adituek. Beste altxor anitz ere badago: Robert Capak egin argazki batzuk, Txekiako Filmategi Nazionaleko artxiboak, Jean-Michel Guilcher adituaren bideo-artxiboak... Mami guzti horrek behar luke nonbait gordea izan erakusketaren ibiltaritza bukatu ondoan. Erabili ditugun ekai horiek sakabanatuak dira eta horien berreskuratzeko eta ikertzeko ahaleginak biderkatu behar lirateke. Badago lan baina "Soka"-k ikerlari batzuen baitan gogo hori pizteko balio balu ez litzateke gaizki.

Jada existitzen ziren materialak izan dira abiapuntu ala beste berri batzuk ad hoc egin dira erakusketa honetarako?
Artxiboek gure dantzen historia eta ezaugarri sozialak agerian uzten badituzte ere nahi izan dugu gaurko artistek euskal dantzaz duten ikuspegia plazaratu "Soka"-ren baitan. Euskal Kultur Erakundeak utzi dien askatasunari esker, bideogile batzuek (Oskar Alegria, Joana Asurmendi, Eki Pagoaga, Eukeni Arriortua & Xabier Zabala) ikuspegi poetikoa edota dekalatua eskaintzen dute dantza gaitzat hartuz. Orotara 7 bideo-sorkuntza ekoiztuak izan dira erakusketarako. Bestalde halako komanda bat luzatu genien Gabrielle Duplantier eta Johan Morin argazkilariei. Gabrielle Duplantier-ek dantzaren alde errituala eta soziala landu baldin badu ere zuri-beltezko argazkitan, Johan Morin Iparraldeko dantza eskoletan egiten den transmisioari interesatu zaio. Haien lanaren lagin bat prezia daiteke "Soka"n.

Dimentsio soziala galdu al du dantza tradizionalak? Hala bada, nola berreskura daiteke?
Lurraldeen eta testuinguruen arabera erantzunak desberdinak izan daitezke. Kontua da euskal gizartea aldatu dela. Aisialdiak biderkatu dira, topaketarako uneak eta guneak ere hain segur... Iparraldean nire familian, askoz gehiago dantzatzen eta kantatzen zen duela 30 bat urte orain baino. Alde horretatik iduritzen zait maiz euskal kulturaren "analfabeto" bat naizela: transmisioan zerbaitek huts egin du. Hezkuntza sistemak zeregin handia dauka transmisioan. Gurasoek ere behar lukete transmisio-prozesu horretan parte hartu: ongi da haurrak dantza klasera eramatea baina oraino hobeki haurrekin batera dantzak ikastea! Horiek denak erranik iduritzen zait halere dantzak segitzen duela funtzio sozial bat betetzen, eta ez errepresentazio edota erritualetan soilik. Soka-dantzen indarra Hego Euskal Herrian eta Iparraldean euskal jauziek duten arrakasta hor ditugu lekuko. Lapurdin adibidez, mutxikoek balio dute frangotan kanpotik jinikako jendeak euskal kulturari interesatzeko. Berantago dira gure hizkuntza, euskara, karreiatzen dituzten kultur adierazpenen interesatzen. Euskal dantza hemengo kulturan murgiltzeko lehen atea izaten da maiz.

Ezinbestean egin beharreko galdera bat: zein da dantzak Iparraldean duen osasun-egoera?
Arestian aipatu dudan bezala ikerketa bat eramana izan zen gai horren inguruan, Claire Rousier adituak ontua, elkarrizketa anitz burutuz bertako dantzari, koregrafo eta kultur eragileekin. Hala dio Rousier-ek: "Euskal dantzak erreferente kultural eta nortasun neurgailu garrantzitsu bat irudikatzen du Iparraldean. Dantza talde anitz bada - bereziki talde amatur eta erdi-profesionalak - eta Iparraldean gaindi, baldintza biziki desberdinetan egiten dituzte ikusgarriak. Halere, 1950 urteetako bizitasun koreografikoaren ondotik (talde folkloristak biziki aktiboak ziren, eta dantzak asko praktikatzen ziren), euskal dantzek kalitatean galtzen dutela, eta adierazpen forma horrekiko zen kartsutasuna ahultzen dela iduri luke". Halere ikerlariak azpimarratzen du ez dela "euskal dantza" aipatu behar, baina "euskal dantzak" hain dira dantzen eta praktiken funtzio eta nortasunak desberdinak (praktika erritualak, herriko dantza taldeak, norberarendako dantza...). Ia 3000 haurrek segitzen dituzte dantza-kurtsoak Iparraldean. Geroari begira formakuntzan eta formatzaileen formakuntzan eman nahi dira indarrak besteak beste, euskal dantzak berreskura dezan merezi duen ezagupen-maila. Xede horrekin dabil Iparraldeko Dantzarien Federazioa. Adibide baten hartzeko XeDE (Xiberoko euskal Dantzaren Egituratzea) egitasmoaren burutzeko elkarlanean ariko dira Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Xiberoko herri elkargoa eta Euskal Kultur Erakundea. IDB-ren izenean Johañe Etchebestek kudeatuko duen programak pedagogia amankomuna bultzatu nahi du, bikaintasun artistikoa bilatuz eta euskarari leku gehiago emanez erakaskuntzan.

Euskadi, auzolana