Musika Hamabostaldiko eszenatoki gainean zintzilik dagoen uztai konzentrikoz osatutako eskultura abstraktu bat

  • Musika Hamabostaldiko eszenatoki gainean zintzilik dagoen uztai konzentrikoz osatutako eskultura abstraktu bat

  • DataMartxoak 28
  • Gaia Musika

Manu Muniategiandikoetxeak egin du aurten Musika Hamabostaldiaren kartela.

Alexander Rodchenkoren sail bateko 9.garren artelanean arnas hartutako pieza abstraktu bat da, 78.Musika Hamabostaldiak irudi izango duen kartelaren abiapuntua. Egileak, Manu Muniategiandikoetxea margolari eta eskultoreak (Bergara, 1966), hamar urtetik gora daramatza artista errusiarraren artelan honekin lanean: “Rodchenkoren pieza horretan inspiratzen diren eta modu ezberdinetara berrinterpretatzen duten marrazki, margolan eta eskultura ugari dauzkat, baina pieza hau berezia da, arraroa, amaitugabeko artelan bat, barnekaldean piezak falta dituen eskultura osatugabea dirudielako. Dena den hutsune hori, erdikaldean marko batek inguratuta bezala gelditzen den espazio hori, nik gogoko dut, gertatzeke dagoena, gertatzea espero duguna irudikatzen bait du eta horixe bait da, hain zuzen ere, musika; Musika Hamabostaldia bera”.

Eskultura, elkar lotzen eta elkar gurutzatzen diren egurrezko bost uztai konzentrikok osatzen dute. Ozta-ozta igartzen den burdinezko hari bat bitarteko dela, pieza zintzilik ageri da jaialdiaren datuek osatzen duten habetik (78 Quincena Musical / Musika Hamabostaldia / Abuztua 1-30 Agosto / 2017 / Donostia-San Sebastián), eta gainkaldetik datorren argi indartsu batek bere itzala eszenatoki batean irudikatzen du: “Nere ustez, kartelaren zati garrantsitsu bat da itzala: musikari eta Musika Hamabostaldia berari forma eman nahian sortu dudan pieza abstraktua gorpuzten bait du itzal horrek, ikusten ez badira ere hor daudela sumatzen diren eszenatoki batean eta publiko baten aurrean”.

Manu Muniategiandikoetxea lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako pintura eta eskultura espezialitateetan. Erakusketen eremuko ibilbidea  1989.urtean urratu zuenetik, bakarkako nahiz taldekako hainbat erakustaldi egin ditu. Era berean, modu aktiboan parte hartu du lehiaketa eta sariketeta ezberdinetan, aitorpen ugari lortuz. Bere lanetan, Muniategiandikoetxea ikertzaile nekaezin bat bezala agertzen da. Historiografiaren iturrietara sarritan jotzen du eta bere intereseko diren beste artista batzuren lanak disekzionatzen ditu, haien poetikak maileguan hartu eta bere sorkuntza lanetan berrinterpretatzeko.

“Gisa honetako lanei ekiterakoan, lehen lehenik egiten dudana era guztietako informazioa jasotzea da: norentzat den kartela, zeini zuzentzen zaion…. Era berean, kasu konkretu honetan, Hamabostaldiko kartelen historia ere aztertu dut, kartel ezberdinak gauzatu dituzten artistetan erreparatuz eta horietako bakoitzak bere artelana ebazteko enplegatutako teknika ikertuz. Eta behin informazio hori guztia barneratuta, osaigai guztiak bildu, lapikoan sartu etas su geldoan sukaldatu ostean, lehen proposamenak itxuratzen hasten dira”. 

Hala, 78 Musika Hamabostaldiko kartela egiterakoan Muniategiandikoetxeak eskuartean izan zituen lehen ideien artean daude: jaialdiaren logoa Kontxa bailitzan, Santa Klara irla eta estropadak ere barne direla; beste proposamen batek musika egitura eta zenbaki segida bat uztartzen ditu, su artifizialak, marrazki abstraktu bat hainbat hizki gainean direla……

“Hasierako proposamen guzti hauek lojikoak direnak izango lirateke, espero zirenak; baina nere alderdi lojikoa ideia hauei forma emateko lanean murgilduta eta entretenituta zegoen bitartean, nere B aldeak, eta alderdi hori da azken batean nere sorkuntza lanak erabakitzen dituena, beste proposamen batekin zebilen gira-biran eta huraxe izan da, azken batean, beste ideia guztiei gailendu zaiena. Lehen momentu batetan bigarren aukeratzat hartu nuen; errazegia iruditzen bait zitzaidan; kartelaren azken emaitzara iristeko modu azkarregia. Denbora pasa ahala, ordea, inkonszienteak igorritako idea hori indartuz eta gorpuztuz joan zen eta hasierako beste ideia eta proposamen guztiak urtu eta desegiten”.

Kartel honekin Manu Muniategiandikoetxea Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrenda luzean sartzen da non, besteak beste, izen hauek ageri diren: Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias….

“Musika Hamabostaldiaren enkargua ilusio handiarekin jaso nuen; benetako luxua da hain izen handiak biltzen dituen zerrendan egotea. Aitortzen dut Maider Lopez, Asier Mendizabal edo Jesus Mª Lazkano bezalako lagunek Hamabostaldirako kartela egin zutenean, pentsatu nuela nik ere akaso, egunen batean, jasoko nuela gonbitea eta orain amets hori egi bihurtu da. Ez dakit sortu dudan kartela ondo edo gaizki dagoen, jendeari gehiago ala gutxiago gustatuko zaion baina proposamen lasaia dela uste dut, erosoa kartelak jomuga duen publikoarentzat eta horrekin gelditzen naiz”.

HAMABOSTALDIA KARTELETAN:

Hauek dira azken urteotako sortzaileak:

67 QM: Mikel Urmeneta, Kukuxumusu (2006)
68 QM: José Luis Lanzagorta (2007)
69 QM: Ricardo Ugarte (2008)
70 QM: Cállate la Boca (2009)
71 QM: Maider López (2010)
72 QM: Esther Ferrer (2011)
73 QM: Asier Mendizábal ( 2012)
74 QM: Koldobika Jauregi (2013)
75 QM: Txema G. Amiano, TGA + Asociados (2014)
76 QM: Jesús Mª Lazkano (2015)
77 QM: Elena Odriozola (2016)
78 QM: Manu Muniategiandikoetxea (2017)

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri