Sarako Idazleen Biltzarra, literaturaren topalekua baino harago

  • Sarako Idazleen Biltzarra, literaturaren topalekua baino harago

Saran bada urtero Iparraldeko eskaintza kulturalean mugarri bat. Duela 35 urte Idazleen Biltzarra burutzen da bertan, idazleen arteko topalekua. Jean Michel Garat, herriko familia medikuaren ekintzaz eta kemenez jarri zen martxan, eta iaztik bi egunen zehar luzatzen da. Aurten Apirilaren 1ean eta 2an izango da. Hitzorduaren xehetasunak kontatu dizkigu Garatek gaurkoan.


Nola sortu zen Sarako Idazleen Biltzarra?

Egia esan, ekimen pertsonala izan zen, amets batek gidatuta: Euskal Herriko idazleak biltzearena. Ekoizpena ezaguna zen, baina idazleei aurpegia jarri nahi izan genien. Hori izan da Sarako Idazleen Biltzarraren oinarrian hasiera-hasieratik egon dena. Idazleen arteko eta idazleen eta publikoaren arteko topagune bat sortzeko nahia.


Zein izan da Biltzarraren ibilbidea urte hauetan guztietan?

Lehenengo Biltzarra 1984ko apirilaren 23an egin zen. Lan asko eta asko egin ondoren, 70 idazle elkartzea lortu genuen. Elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko aukerarekin hunkituta zeuden. Izan ere, besteen berri bazuten ere, kasu gehienetan ez zuten pertsonalki ezagutzen elkar. 35 urte pasa diren honetan, 130 idazle elkartzen ditugu. Eta publikoaren erantzun izugarri ona dugu. Oso pozgarria izan da lortutakoa ikustea.


Euskal Herriko literatura-hitzordu nagusietakoa da topaketa. Zeintzuk izan dira Biltzarraren arrakastaren gakoak?

Nire ustean, arrakastaren gakoa idazleak fisikoki hemen egotea izan da. Biltzarra baino lehenago jendeak ez zuen pentsatzen Iparraldean hainbeste idazle zegoenik, ez zuen errealitate hori irudikatzen. Eta Biltzarrak aukera hori zabaldu du, harreman zuzena eta hurbilarena. Hau ere gure hasierako helburu horietako bat izan da, errealitate hau agerian uztea.


(Bernardo Atxaga, 2013ko Biltzarrean)

 

Arrakasta honen ondorioz, hain justu, 2016an oraindik garatzen ari den egokitze eta handitze fase bat planteatu zenuten. Zer-nolako aldaketak egin nahi zenituzten?

Bi hausnarketa izan ditugu abiapuntu. Alde batetik, publiko gazteagoa ere erakarri nahi izan genuen. Eta bestetik, euskarari garrantzi handiagoa eman nahi izan genion. Honen emaitza ikastolekin egin dugun lan zoragarri bat izan da. Maisu eta andereñoen konplizitatea lagun, hainbat arlo landu dira (transmisioa, ametsa, maitasuna…) eta 200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Gurean aurkeztuko dute egindako lanaren emaitza, Kanalduderen bitartez. Eta guk ere argitalpen batean jaso dugu abentura honek emandakoa.

Honez gain, azken urte hauetan hainbat txoko berri zabaldu ditugu: erakusketa txokoa, umeen txokoa (non animazioa eta ikuskizunak egoten diren), hitzaldien txokoa… Horrela, jarduera paraleloen bitartez, Biltzarreko eskaintza osatu eta biribildu dugu.


Teknologia Berrien garapenak eraginik izan al du azokan?

Noski izan duela, eta badu, gero eta gehiago. Izan ere, inauguratu dugun espazio berri horietako bat txoko digitala da, non teknologiari esker zabaldu diren irakurtzeko modu berriak jorratzen diren. Baina, hala eta guztiz ere, esan beharra dago paperezko liburua nagusi dela gurean.


Euskarak ohorezko lekua izan ohi du azokan. Aurten Koldo Zuazo katedradun eta hizkuntzalariak Saran bertan egindako euskararen inguruko lana aurkeztuko du. Zer suposatzen du zuentzako halako aurkezpen bat hartzeak?

Koldo Zuazok izugarrizko lan ikerketa egin du Saran bost urtez eta guretzako oso garrantzitsua da, ohore bat benetan, bere lanaren emaitza gurean aurkeztea. Gurea den ondarea biltzea eta jasotzea derrigorrezko lana da galtzerik ez badugu nahi. Sarako Udaletik omenaldi xume bat prestatu dute katedradunaren esfortzua eskertzeko.


 

Bestetik, zeintzuk izango dira aurtengo nabarmentzekoak?

Asko, egia esan… Euskaltzaindiak bere azken lana aurkeztuko du, Auxtin Zamorak diapositiba eta bideoek lagundutako "Hatsaren olerki bustiak" bildumaren atal berria ekarriko digu… Zaila da izen bakar batzuk aipatzea... Sarara joatea gomendatzen diogu jendeari, azokak aurkeztuko dituen nobedade guztiak lehen eskutik ezagutu ditzan.


Garapen fasea gaindituta, zer norabide hartuko du Sarako Idazleen Biltzarrak?

Etorkizunera begirako erronka handirik ez dugu. Zoragarria da gustatzen zaiguna egitea, gaur egun dugun publikoaren erantzunarekin. Hau da guk nahi duguna, idazleen arteko topalekua den leku zehatz bat gauzatzea, non publikoarekin aurrez aurreko harremanak errazten diren, non gero eta jende gazteagoa gerturatzen den, non gure hizkuntza indartzen laguntzen dugun...