Noka Mentoring, euskal zinemagintzako generoen arteko ezberdintasunarekin apurtzeko prest

  • Noka Mentoring, euskal zinemagintzako generoen arteko ezberdintasunarekin apurtzeko prest

Euskal emakume zinemagileen pisua eta ikusgaitasuna ikus-entzunezkoen sektorean indartu nahi duen formazio eta laguntza programa abiatu du Zineuskadik eta aurtengo edizioan parte hartuko duten egileen izenak jakinarazi berri ditu. Jara Ayucarrek, erakundeko komunikazio arloko zein Noka Mentoring egitasmoaren arduradunak, azaldu dizkigu xehetasunak.

 

Zein da Noka Mentoring egitasmoaren jatorria?

Euskal zinemagintza oso momentu ona ari da bizitzen, azken urteetan izan duen hazkuntza eta sendotze prozesuak direla eta. Gero eta gehiago dira nazioarteko jaialdietan hautatuta diren euskal filmak, sariak irabazten dituztenak, nazioarteko koprodukzioei esker aurrera ateratzen direnak…

Testuinguru horretan, sektorearen maskulinizazioa ere oso argia da: pantailetara heltzen diren euskal filmen %30a baino ez dira emakumeek zuzendutakoak; ekoizpen etxeetan langileen %40.5a emakumeek osatzen badute ere, ardura handiko lanpostuetan 4tik 1 bakarrik emakumezkoa da…

Egoera honen aurrean emakumezko zinemagileen talentua ikustarazi eta ahalduntzeko programa berezi bat landu behar zela argi zegoen.


Gidoigintza, zuzendaritza, ekoizpena, banaketa... zinemagintzako hainbat arlo izan nahi duzue kontuan proiektuan. Zein eremutan antzematen dituzte zailtasun handiagoak emakume zinemagileek?

Gizarteko beste hainbat esparrutan gertatzen den bezalaxe, ikus-entzunezkoen arloan ere profesionalizazio-bidea egitea da zailena. Egoera hori gidoigile, zuzendari, argazkilari eta bestelako teknikariek pairatzen dute emakume izate hutsagatik. Garatu nahi duten ibilbide profesionala trabarik gabe bideratzea oso nekagarria da emakumeentzat.

Zenbakiak aztertuta, sektoreari emakumezkoen lanaren aldeko apustua egitea kosta egiten ari zaiola argi gelditzen da, eta horregatik hautatu ditugu Nokan esparru ezberdinetan adituak diren nazioarteko 12 emakume profesional.

 

[Joxean Muñoz, Aitziber Atorrasagasti eta Maialen Beloki Noka Mentoring egitasmoaren aurkezpenean (2018ko urria)].


Egoera aztertuta, zer nolako eragina izan nahi du Nokak? Zein helbururekin jarri duzue martxan?

Gure helburu nagusia euskal emakume zinegileen talentuari ikusgarritasuna ematea eta garatzen dituzten proiektuei irtenbidea ematea da.

Honetaz gain, sarean lan egiteko tresna eta baliabideak ere eskuragarri jarriko ditugu, sektorean emakumeek duten papera sendotze aldera.

Nokak elkarlana eta berdintasuna sustatu nahi ditu.


Aholkulari edo kontseilariaren figura programa honen ardatza da. Zergatik aukeratu duzue laguntza-mota hau? Zer nolako lan-metodologiak planteatu dituzue honen harira?

Mentora eta parte-hartzailearen arteko harremana da programa honen gako nagusia. Izan ere, konfiantza eta elkarrizketa izango dira metologiaren ardatz nagusiak.

Ikasteko modu aproposena dela uste dugu, esperientziatik abiatzen delako. Bide hau jarraituz, era praktikoan irakatsi eta ikasteko aukera eman nahi diegu parte-hartzaileei.

Programa osoak urtebete iraungo du eta etapa ezberdinetan dago banatuta. Hala, hiru hilean behin, astebete emango dute elkarrekin mentorak eta hautatutako zinegileek. Behin tutoretza aste hori pasata, Skype bidez izango dute harremana, hurrengo fasera iritsi arte.


12 izango dira urte honetako mentoreak. Nola hautatu dituzue? Zer nolako profilak bilatu dituzue?

Era askotako profilak hautatu ditugu, baina nazioarteko proiekzioa eta esperientzia maila jakin bat dutela dira guztiek partekatzen dituzten ezaugarriak.

NOKAK planteatzen duen formakuntzaren filosofiarekin bat zetozen profesionalak bilatu nahi genituen eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Urtero ibilbide ezberdinak izandako profesionalak biltzen saiatuko gara.


Urrian zabaldu zenuten egitasmoan parte-hartzeko lehenengo deialdia. Nolakoa izan da erantzuna? Zer nolako balorazioa egiten duzue?

Oso balorazio baikorra egiten dugu jasotako materialaren harira.

Egia esan, hasieran aipatu ditugun datuak kontuan izanda eta lehenengo deialdia zela jakinik, ez genuen uste proiektu asko jasoko genituenik, baina kalitatezko 17 proiektu jaso ditugu.

Honek argi uzten du programaren beharra eta, nolabait, etorkizuna ziurtatzen dio.

Aurtengo edizioan laguntza jasoko duten hiru zinemagileak hautatu berri dituzue. Zein irizpide jarraitu dituzue hautaketa egiteko? Zer nolako lanak aurkeztu (eta garatuko) dira?

Lau irizpide nagusi izan ditugu proiektuak aukeratzeko garaian: istorioaren talentua eta originaltasuna; bideragarritasuna; nazioartekotzeko aukerak eta zinegilearen ibilbide profesionala.

Era askotako lanak jaso ditugu: animaziozkoak, dokumental tradizionalak, ez-fikzioak, familiei zuzendutako fikziozko film luzeak, thrillerrak, genero eta forma askotariko istorio anitzak.

 

Zein izango da Noka Mentoring egitasmoaren etorkizuna?

Zaila da momentu honetan etorkizunari buruz hitz egitea. Lehenengo edizioa oraindik ez dugu hasi ere egin…

Programa gogo eta ilusio handiz abian jarri badugu ere, honek egingo duen ibilbidea ikusteke dago oraindik. Aurtengo esperientziatik ikasiko dugu etorkizun hori eraikitzen.

 

(Berezi hau 2019ko urtarrilaren 25ean argitaratu zen).

Euskadi, auzolana