Hiriartea, pentsamendu kritiko garaikidearen arnasgunea

  • Hiriartea, pentsamendu kritiko garaikidearen arnasgunea
    Arantza Santesteban, Hiriarteako koordinatzailea

Iruñeko Udalak kultura garaikideko zentroa zabalduko zuela jakinarazi zuen duela bi urte eta egitasmo hori urratsez urrats ari da gorpuzten. Ziudadelan kokatuko den Hiriartea zentroak herritarren arteko topaketa, pentsaera eta bitartekaritza eta sormen-ekoizpena bultzatu nahi ditu. Arantza Santesteban, kulturuneko koordinatzailea, garapen prozesu honetan bete-betean lanpetuta harrapatu dugu eta, berarekin batera, aurre egin beharreko erronkak birpasatu ditugu.

 


Zein helbururekin jarri da martxan Hiriartea?

Bere garaian Iruñan kultur garaikideko zentro bat sortzeko beharra sumatu zen. Erakusketaren eremuan tradizio handia izan du Iruñeko zentroan dagoen Ziudadela edo Gotorlekuko eraikinak eta neurri batean, artearen erakusleiho izatetik, sormena eta testuinguru garaikidea jorratzeko espazio izatera pasatu beharra zegoela detektatu zen.

Espazio hau oso inportantea izan da Iruñeko zein inguruko artista plastikoentzat. Halere, arte eta kultur proiektu gehiagori lekua egiteko desira sortu zen eta horrela jaio zen Hiriartea proiektua.


Zein da egitasmoak beteko duen esparrua, zein izango da bere ekarpena sorkuntza, kultura eta pentsamendu garaikidearen arloan?

Oraindik proiektuaren definizio fasean gaude, eta goiz da erantzun borobilak emateko. Hemendik aurrera Hiriartea izango denaren definizio fasean sartzen gara asteotan.

Guk baditugu susmo batzuk, ze beharrak izan ditzakeen komunitate artistikoak, ze beharrak dituen Iruña bezalako hiri batek kultur garaikidearen arloan… baina horiek guztiak jendearekin eztabaidatu nahi ditugu. Horretarako saio bat antolatu dugu apirilean eta ziuraski beste batzuk ere etorriko dira horren ondoren.

 

 

Edozein kasutan, une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da pentsatzeko lekuak berreskuratzea. Gaur egun pentsatzea erresistentzia praktika bat da: atsedena hartu, distrakzio etengabera kondenatzen gaituzten dispositiboak gelditu eta pentsamenduari lekua egitea inoiz baino beharrezkoagoa da. Guk ez dugu programazio saturatu bat nahi, arnasgune bat sortu nahiko genuke: pentsamendua aktibatu nahi dugu, praktika artistikoetatik, gorputzetik eta sormenetik bereziki. Hori da eskuartean dugun erronka, eta ez da nolanahikoa.


Hau bezalako proiektua abiatzeko, norantz begiratu duzue? Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?

Erreferente ezberdinak izan ditugu. Esan bezala, Gotorlekuan urte askotan lanean egon diren pertsonak guretzako oso inportanteak dira. Horiek egin dute Gotorlekua gaur egun dagoen bezala, eta guk ez dugu etenik egin nahi, hazten jarraitu dadin nahi dugu.

Halere, kultur garaikidea ulertzeko modua etengabean aldatzen ari da eta une honetan “ohiko erakusketatik” haratago doa. Erakusketek gero eta toki txikiagoa hartzen dute Donostiako Tabakalera edo Bartzelonako CCCB bezalako zentroetan, eta ordea, programa publikoak izugarrizko indarra hartzen ari dira, artea eta gizartearen arteko mediazio lana ahalbidetzen dutelako. Horregatik fijatu gara Tabakaleran, CCCB-n, Uharte Zentroan, Azkuna Zentroan, Reina Sofia-n, Matadero-n edota Casa Encendida-n. Bakoitzetik gauza ezberdinak interesatzen zaizkigu.

Halere, guk gure zentroa sortu nahi dugu. Handinahikeriarik gabe. Zentro jasangarri bat nahi dugu, lekuan ongi errotuta dagoena, Iruñeko ezaugarriei atxikia, emozionalki, ekonomikoki eta espazialki jasangarria izango dena.


Zure proposamena izan da Hiriartea egitasmoa aurrera eramateko aukeratutakoa. Zertan datza? Zeintzuk izango dira proiektuaren ardatz nagusiak?

Lehen aipatu dudan bezala, nire asmoa pentsamendu garaikidea eta pentsamendu kritikoa sustatzeko zentro jasangarri bat egitea da.

Nire ustez pentsamendua esperientziarekin dago lotuta, eta esperientzia gorputzarekin. Sortzera goazen zentro horretan horrelako bizipenak eduki ahal izatea gustatuko litzaidake. Nolabait esateko, bizitza erdigunean jarriko duen espazioa eraiki nahiko genuke.

 

(Zapato, 1990. Dora Salazar. Udaleko Arte Garaikideko bilduma).

 

Udaleko Arte Garaikideko bildumak –500 pieza baino gehiagoz osatutakoa– eraikin propioa izango du, balioan jartzeko lagunduko eta behar duen zabalkundea bermatuko duena. Zein da, ildo honetan, planteatzen dituzuen erronkak?

Guretzako oso inportantea da urteetan Udalak eskuratu duen bilduma horri mugimendua ematea. Hor dauden 500 lan horietatik tiraka hainbeste aukera zabaltzen dira gaur egungo gizarteaz hausnartzeko… Zentzu horretan, mediazio lana izango da guretzako garrantzitsuena. Horretarako espazioa eta ekipoa behar dugu, baina hori denborarekin garatuz joango gara.

Pentsatzen denaren kontra, mediazioa ez da soilik haurrentzako tailerrak egitea… Hori bada, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Arteak duen potentzialari ateak irekitzeaz ari gara. Hori bizitza publikoaren zentroan jartzeaz. Eta horretarako bilduma hori harremanetan jarri nahi dugu, askotariko moduen bidez, Iruñeko gizartearekin; eskolekin, auzoekin, jatorri eta gaitasun anitzetako pertsonekin, komunitate artistikoarekin, adineko pertsonekin…


Eta ikusizko arteaz gain, zein beste diziplinak izango du lekua Hiriartean?

Ezin dugu sorkuntza eta pentsamendua modu fragmentatu batean ulertu. Gure asmoa diziplinartekotasuna lantzea da. Are gehiago, diziplinen artean dauden mugak ere zalantzan jarri nahiko genituzke: literatura solik hitza al da? Ez al da askotan irudi? Edota dantza, ez al da irakurtzeko modu bat? Eta abar eta abar.

Hori bai, gure erronka potoloenetarikoak espazioak dituen mugak dira. Gaur egungo Gotorlekuan, espazio berriak behar dira jarduera hauek egin ahal izateko. Eta horrekin batera kalitatezko ekipamendua behar dugu. Pausoz-pauso goaz, baina helburua da eraikin berriak martxan jartzea eta jadanik martxan daudenen erabilerak berrantolatzea gure helburuei erantzun ahal izateko.

 

(Hiriartearen irudi grafikoa, H eta A inizialekin egindako jolas bisuala jasotzen duena).


Esan bezala, Ziudadelak hartuko du Kultura Garaikideko Zentroa. Nolakoak ari dira izaten eraikin historikoaren egokitzapen lanak? Nola antolatuko dira espazioak?

Une honetan “Armen aretoa” deituriko eraikinean berogailua egiteko obrak hasiko dira. Horrekin batera ekipamendua ere aurreikusita dago erabilera anitzetako espazio bat lortzeko.

Gaur egungo eraikin horretako ganbara ere egokitu nahi dugu, seminarioak eta halakoak hor egin ahal izateko.

Printzipioz, beheko eta goiko solairua erabiltzen hasiko gara Hiriarteako proiektuaren programak garatu ahal izateko. Faseka joango gara, aukerak eta beharrak ahalik eta modu efizienteenean kudeatzen saiatuko gara.


Zein izango da zuen egutegia hurrengo hilabeteotan?

Une honetan apirileko topalekua izango den jardunaldia prestatzen ari gara. Guretzako abiapuntu garrantzitsua izango da. Hortik aurrera, 2019-2022 urteetarako Ekintza Plana osatzen joango gara, datozen 4 urteetarako estrategia zehazteko eta aurrera begira ditugun erronka guztiak ordenatzeko.

Horrekin batera, bestelako elkarte eta instituzioekin harremanak lantzen ari gara, gure inguru hurbilarekin eta baita haratago daudenekin ere. Ikasteko asko daukagu oraindik ibilbide luzea duten bestelako esperientzietatik.

Bestalde, badira une honetan Hiriartea egitasmoaren baitan garatzen ari garen proiektu ezberdinak. Erakusketa eder bat dugu irekita, “Bada edo ez da” izenekoa, arte garaikideko udal bilduma eta Iruñeko eskolak harremantzen dituena. Edota “Bestelako argiak” neguko jaialdia ere hasiak gara antolatzen, Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean. Datorren hilean ere sormena bultzatzeko diru-laguntza batzuk kaleratuko ditugu.

Tira, jadanik dagoena kudeatzen ari gara eta aurrera begira dugun erronka potoloan ere urratsak ematen ari gara. Pozik gaude, gogotsu.

 

(Berezi hau 2019ko otsailaren 14an argitaratu zen).

Euskadi, auzolana