Hartzaro Festibala, esna dadila lurra!

  • Hartzaro Festibala, esna dadila lurra!

Euskal ohiko musika eta dantza zabaltzea eta hauen sorkuntza sustatzea helburu dituen Herri Soinu elkarteak antolatzen du Hartzaro Festibala. Aitzinako tradizioetan errotuta dagoen jaialdiak zuzen eta harro begiratzen dio, aldiz, gerora, eta urtero bezala negua agurtu eta udaberriari ongietorria emateko prest datorkigu 2019. honetan. Filipe Lesgourgues elkarteko lehendakariarekin batera Hartzaroren ibilbidea errepasatu dugu.

 

Zeintzuk dira Hartzaro Festibalak dituen aurrekariak, nondik dator?

Uztaritzen mendez mende Kaskarroten ohidura dirau eta 1985. urtean Zanpantzar izeneko ohidura berpiztua ginuen baina dantza eta musika berriak gehituz, profesionala lagun. Jende gutti parte hartzen zuen, aldiz orain trumilka bada astearte gizena kari.

Geroztik dantza horiek Uztaritzeko ihauterietan daude, erran nahi baita 34 urtedanik eta beti arrakasta badute. Hamar urte berantago bertze indarra eman ginuen Hartzaro festibala sortzearekin.


23 urte pasa dira, beraz, hitzordua ezarri zenutenetik. Zein zen egoera garai hartan eta nolakoak izan ziren lehenengo urrats horiek?

Uztaritze herri xumea zen, laborantxakoa bereziki. Jakinik garai hartan euskal kultura baita euskara ere ez zirela biziki ongi eta gaizki ikusia, zaharkeriak bezalaxe. Bana ber denboran kultur mugimendua buru-belarri aritzen zen euskal nortasuna aldarrikatzeko, ikastolen bidez, dantzen bidez, kantaldien bidez eta nik dakita zer! Huntan ginien ere bai.

Itsasaldean lurraren eta etxeren salneurriak biziki gora zirelakotz, orain bezalaxe, Uztaritzerat jin dire merkeagoa baitzen, bai euskaldunak bai kanpotiarrak. Beraz aunitz jende bazen eta gehinek ez zuten eskual kultura ezagutzen edo gaizki. Beraz plazarat berriz jalgi dadin xumeki, gure xokoan bai ohidurak bai sorkuntzak uztartu ditugu festibala huntan, euskal kultura orainean bizirik agertarazteko.

 

 

Hastapenean aste buru batetan antolatu ginuen eta urtetan zehar ttuku-ttuku egunak gehitu ditugu. Aurten 20 egunez iraunen du.


Zein izan da festibalaren ibilbidea urte hauetan guztietan?

Bakarrik ez dugu deus egiten ahal edo hain gutti, orduan Uztaritzeko kultur elkarte guziak elkarlotu ditugu festibalaren aberatseko eta jende gehiago parte hartzeko gure egitasmoan: Errobiko Kaskarotak, Iparraldeko Gaiteroak, Burrunka, Ur Begi, Asca, Latsa, Deneri Idekia eta Uztaritzeko Soinulariak.

Uztaritzeko eta eskualdeko eskola guziekin lana egiten dugu. Haurreri euskal kultura ezagutarazteko, biziarazteko urtean barna. Hastapenetik arrakasta izana zen eta Hartzaro kari arratsalde bat haurrendako bazen heien lana ikusgarri handi baten bidez aurkezteko. Baina zenbait urtedanik, haurrek festibala badute Haurtzaroan deitzen dena. Urtean zehar eskola bakoitzak ihauterietako gai bat hautatzen du eta profesional batekin lantzen Haurtzaroan kari erakusten.

Azpimarratu behar dugu ere belaunaldi guziak elkartzen direla: haur, gazte, heldu, xahar; hemengotarrak eta kanpotiarrak, euskaldun izan edo ez izan.


Hartzaro jaialdiaren ardatz nagusietakoa Uztaritzen tradizionalki garrantzi handia izan duen inauteriaren kontzeptu eta ospakizunaren transmisioa bermatzea da. Nola erantzuten diote belaunaldi berriek erronka honi, beraz?

Gogotik erran nezake. Haurtzarotik ezagutzen dute eta handituz urtetik urterat parte hartzen ohi dute.

Haatik ez gira ohiduretan egoiten. Oraiko munduan bizirik dantza eta soinu berriak nahi dituzte heien nortasuna erakusteko.


Herri musika eta dantza erdigunean dituelarik, Festibalak parte-hartze amateurrari zein profesionalari erreparatzen dio. Nolakoa da bi arlo hauen uztartzea?

Lehenbailehen gogoan atxiki behar dugu gaurko profesionala atzoko amatura dela. Handik goiti ez da hain zaila biak uztartzerik...

Kantari, soinulari eta dantzari profesionalak duela hogoi edo hogoita hamar urte Iparraldean, arras gutti ziren. Egia erran ikusgarriak baldin baziren ere, ez da egun bezala. Orain eta zenbait urtedanik frango badire Iparraldeko aunitz tokitan. Eta herriko kultura maila goraz doa. Beraz, maila ona ukaiteko profesionala deitu behar da laguntzeko.

 

 

Eta azkenekotz amatur zenbait handik jalgiko dira profesionalaren bilakatzeko eta euskal kultur arlo horren jorratzeko, aberasteko. Gogoan hartuz herriko kultura aintzinalat joan behar dela sustraietarik elikatuz. Herri Soinu elkarteak hastapenetik huntan lan egiten ohi du ere.


Hainbeste urte ondoren, bada Festibalean hobetuko zenuketen arlorik?

Dudarik batere gabe! Belaunaldi orok bere nahia, ametsa ekartzen ditutzete Hartzaro festibalak iraun dezan.

 

(Berezi hau 2019ko otsailaren 21ean argitaratu da).

Euskadi, auzolana