Koldo Izagirre: «Ipuina.eus atariak gure ipuin modernoen edertasuna erakusten lagundu nahi du»

  • Koldo Izagirre: «Ipuina.eus atariak gure ipuin modernoen edertasuna erakusten lagundu nahi du»

Euskal ipuingintza aldarrikatu nahi du Koldo Izagirrek abiatu berri duen azken egitasmoarekin, eta helburu zehatz honekin jarri du martxan Ipunina.eus. Web atari honek euskal ipuin ezagunen eta ezezagunen aterpe izan nahi du, argitaratzean oihartzun handia izan zutenena/dutenena zein oharkabean pasa zirenena/direnena, generoaren paisaia zabala margotze aldera. Izagirrek berak azaldu dizkigu bide honetan egiten ari diren ahaleginak.

 

Zein helbururekin abiatu duzue Ipuina.eus?

Ipuinari, genero literario bezala, zabalkundea ematea da helburua. Horretarako biderik onena, gure ustez, ipuinak berak eskura jartzea da, irakurriz gozatzeko. Ondorioz, ba literaturaren zaletasuna hedatzen laguntzen dugu.


Atarian materialaren bilketa eskaintzea ez ezik, ipuingintzak euskal literaturan betetzen duen esparrua nabarmentzea ere nahi duzue, autoretza eta testuinguruen inguruko informazioen bidez. Zein da argazki honek erakusten duen panorama?

Zure irudia baliatuz, esan genezake ipuina argazkiaren zati itzaltsuan dagoela gure literaturaren historia gehienetan, guztietan ez esatearren. Argitara ekarri beharra dago, pieza bikainak dauzkagulako genero horretan.

Diozun bezala, testuingurua ere eskaintzen dugu Kronologia atalean, eta horrek panorama zabal bat eskaintzen du, puntu ezezagun edo nabarmendu gabeko ugarirekin. Ipuinaren historia egiteko materiala izan liteke.


Ahozko tradizioak pisu handia dauka gure literaturan. Nolako eragina izan du tradizio honek ipuingintzaren konfigurazioan?

Tradizio handia dugu ahozko literaturan, eta ipuina oso genero garrantzitsua da horretan. Beste hizkuntza askotan bezala, gurean ere ahozkoa idatzira ekarriz, apainduz, aberastuz eta eraldatuz hasi zen gure fikziozko ipuingintza.

Tradizio horrek indar handia dauka oraindik ere haur eta gazte liburuetan: tartalo, sorginak, laminak, basajaun, mari...


Ipuingintza ez da historikoki genero “nagusitzat” bezala ulertu, baina, hala ere, bere garrantzia izan du literaturan. Zein da, gurean, generoaren egoera gaur egun?

Ipuina laburra da berez, formatu txikikoa, eta liburuan baino hobeto funtionatu izan du aldizkarietan, oro har. Ipuin modernoa asko indartu zen 1970-1980 hamarraldietan azaldu ziren aldizkariei eta sarie esker. Berrikuntza handi bat ekarri zuten ipuingileek gaietan eta egitura narratiboetan, eta geroztik finko jarraitzen du emaitza bikainak sortzen.


Atarira bueltatuz, zein izan da materiala biltzeko erabili duzuen metodologia?

XIX. mendearen erdialdetik hasi eta egundainoko aldizkariak eta edizioak arakatu ditugu ipuin bila. Gaur egun, digitalizazioei esker, liburu, agiri eta aldizkari asko dauzkagu erraz samar kontsultatzeko. Denetik egin dugu.

Gero materiala transkribatu eta gaur egungo grafiara ekartzea izaten da hurrengo pausoa.


Zeintzuk dira halako prozesu batetan topatu ohi diren zailtasunak? Zeintzuei aurre egin eta egiten diezue zuek?

Zailtasun nagusia denbora izaten da horrelako lanetan, denbora izatea. Urte mordoxka eman dugu lanean hau dena abiatzeko.


Web atariari buruz sortzaileekin aritzeko aukera izan duzue? Nolakoa izan da harrera?

Ataria gardena eta ikusgarria dela esan digute denek. Eta beharrezkotzat jo dute.


Zein nahi duzue izatea Ipuina.eus atariaren ekarpen nagusia?

Gure ipuin modernoen edertasuna erakustea. Genero honetako lanek eta autoreek aitormen publiko bat izatea. Euskaldunek plazer hartzea ipuinak irakurriz. Gure literaturaren ikuspegi osatuago baterako materiala izatea.

 

(Berezi hau 2019ko martxoaren 7an argitaratu zen).