Larart Plataforma, errefuxiatuen auzia mahai gainean artearen bidez

  • Larart Plataforma, errefuxiatuen auzia mahai gainean artearen bidez

1939tik 1945era, Akitania aldean, Gurs errefuxiatugune eta kontzentrazio esparrua izan zen, Euskal Herritik gertu. Bertan bizi izandakoaren eta gaur egun Mediterraneo itsasoan bizi den errealitatearen artean lotura estua dago. Eta bi marko hauen gainean hausnarketa abiarazi nahi dute Larart Plataformatik, egoera gordinenetan ere arteak eta kulturak duten papera nabarmenduz. Beñat Gerekak, Lararten baitan sortutako “Basotik itsasora” dokumentalaren zuzendariak, azaldu digu proiektua.

 

Zein da Larart Plataformaren jatorria? Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Larart plataforma sortzaile ezberdinen batuketari esker sortu da, arrazoi zehatz bat izan gabe baina bai testuinguru baten harira. Izan ere, aurten Gurs-eko (Frantzia) “La Retirada” eremuaren 80. urteurrena beteko da, eta testuinguru horrek errefuxiatuen gaia jorratzeko bidea eman digu.

Plataformaren helburu nagusiak bi dira: Batetik, errefuxiatuen auzia plazaratzea. Hau da, munduan leku bila dabilen jende guzti horren egoera mahaigaineratu nahi dugu. Eta bestetik, artea eta kultura balorean jarri nahi ditugu. Artearen eta kulturaren benetako balioaren inguruko hausnarketa bat egitera bultzatu nahi dugu gizartea.


Esan bezala, egitasmoaren abiapuntua Gurseko kontzentrazio eremuaren 80. urteurrenarekin lotu duzue. Zergatik hautatu duzue abiagune hau?

Gaztelerazko “serendipia” bat izan dela esan dezakegu, kointzidentzia bat. Arazo baten aurrean, sortzaile ezberdinen kezkak elkartu dira eta 80. urteurreneko testuingurua oso egokia iruditu zaigu gure kezka horiek azalerazteko.


Lararten, ardatza artearen funtzio soziala da. Nola gauzatzen du arteak funtzio hori errefuxiatuen egoera jorratzen duen auzi batetan?

Gurs-en pasatakoaren inguruko informazioa jasotzen hasi ginenean konturatuko ginen, egoera latzenetan ere, gizakiak aurrera egiteko beharra duela eta bizi iraute borroka horretan artearen eta kulturaren ezinbesteko paperaz ohartu ginen.

Egoera negargarrienetan ere bertan zeuden errefuxiatuek musika piezak, antzezlanak, hizkuntza klaseak, cabaret-ak, abesbatzak… sortu zituzten. Errefuxiatu kanpamentua “islote” izeneko eremuetan banaturik zegoen eta “islote” bakoitzean, bazegoen kultur erabilerarako zuzendutako barraka bat. Bertan biltzen ziren eta hainbat ekintza antolatzen zituzten. Elkar laguntzeko, elkarrekin borroka egiteko eta, azken finean, bizirauteko. Biziraute horretan, arteak zein kulturak ezinbesteko papera jokatu zuten.

 

("Basoa" koreografia, Dantzaz, Josu Mugika eta Iñaki Salvador. 2019).


Oraingoan “Basoa” koreografia eta “Basotik itsasora” ikus-entzunezko lana ekoiztu dituzue plataformaren baitan. Nolakoa izan da bi lan hauen sorkuntza prozesua?

Bi sorkuntzek izan dute abiapuntu eta informazio bera eta oso interesgarria izan da sortzaile bakoitzaren ikuspegiaren berri izatea. Sorkuntzak (koreografia, musika, ikus-entzunezkoa, testuak…) paraleloan joan dira gorpuzten baina, aldi berean, elkarri elikatu diote. Koreografiarako sortutako musika ikus-entzunezkoan erabili da, baita dantza bera ere. Aldi berean, ikus-entzunezkorako sortutako testu poetikoa, koreografiara ere iritsi da.

Enbor berean, elkar gurutzatzen diren adar ezberdinak direla esan dezakegu.


Bata zein bestea Bilbon aurkeztuko dira apirilaren 6an, Loraldia Jaialdiaren testuinguruan. Zer nolako erantzuna espero duzue publikoarengandik?

Egia da orain arte oihartzun handia izan duela ingurukoen eta komunikabideen aldetik eta ikusmin handia dugu estreinaldiek izango duten erantzuna jasotzeko. Ez dugu kontakizun istorioko bat planteatu nahi, hausnarketa bat sortzea da gure nahia. Hori lortuko bagenu, helburua betetzat emango genuke. 

("Basotik itsasora", Beñat Gereka. 2019)


Proiektuaren beste alderdi bat hezkuntzari dagokio, hainbat ekintza pedagogikoen bitartez. Zertan dautza proposamen hauek eta nola garatuko dira?

Dantzazek, Josu Mugikak eta Iñaki Salvadorrek sortu dituzten koreografiatik abiatuta mediazioak egingo dira Euskal Hirigune Elkargoko ikastetxeetan. Mediazio horrek eskoletan artearen bidez errefuxiatuen gaia lantzeko bidea emango du, ikasgai gehienekin loturak bilatzeko, beti ere sormena erabiliz.

Mediazio horien emaitza ume eta gaztetxoek egindako sorkuntza koreografikoa izango da, eta baita ikasgai guztien programetan martxan jarriko diren hainbat jarduera eta ekintza ere.

Horrez gain, ikastetxe ezberdinen arteko harremanak sustatzen saiatuko gara, ez bakarrik Elkargoan bertan, baizik eta beste herrialdeko ikastetxeekin ere: Gipuzkoan, Nafarroan...


Apiriletik aurrera, zein izango da Larart Plataformaren ibilbidea?

Larart denboran zehar geratzeko sortu da. Apirila hasieran ditugu lehen estreinaldiak baina ibilbide luzea egitea da helburua.

Bilbon Loraldiak festibalean estreinatuko da eta hurrengo egunean Gurs-en izango gara, “La Retirada”-ren ekitaldian. Handik aurrera, dagoeneko itxita ditugu beste leku batzuk ere: Vallecas, Maule, Zarautz edo Getaria, besteak beste.

--

Informazio gehigarria:
Larart-ek, koreografiaz, dokumentalaz eta mediazioaz gain laugarren adar bat ere badu: “Gigantografiak”. Tamaina handian inprimatutako argazkien kale erakusketa da, herriko hormetan herritarrek berek itsatsiko dituztenak. Argazkiak Javi Juiliorenak dira (Nervio Foto), Greziako errefuxiatu kanpamentuetan ateratakoak. Helburua, Gurs-eko argazkiak eta Greziakoak elkarren alboan jartzea da, askotan alde handirik ez da antzematen eta.

Larart Plataforma Hotz Zarautz, Dantzaz Konpainia eta Txikota Komunikazioaren elkarlanaren emaitza da eta Zarauzko Udalaren, Getariako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka. Crowdfunding bidez ere laguntza jaso du.

 

(Berezi hau 2019ko martxoaren 22an argitaratu zen).

Euskadi, auzolana