Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur, toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat

  • Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur, toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat
Irekia

  • DataEkainak 12
  • Gaia Ondarea, Bestelakoak

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi.eus atariaren baitan sortutako tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan

Izendegi Geografikoan jasotzen den toponimia izango da IGNren ‘Nomenclátor Geográfico Nacional’-era joango dena, eta izen horiek izango dira, hain zuzen, nazioartean ageriko direnak    

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur, toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat. Euskadi.eus atariaren baitan sortutako tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan, eta horietan informazio ugari bildu da hauen bilakaera eta erabileraren inguruan. GeoEuskadiri esker, halaber, toponimoak geografikoki erreferentziatuta agertzen dira eta beste garai batzuetako mapetan kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da. Informazio guztia www.euskadi.eus/izendegigeografikoa atarian kontsultatu daiteke.

Zupiria sailburuarekin batera, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak ere parte hartu du Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egindako aurkezpenean. Nabarmendu dutenez, Izendegia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) 1986tik aurrera osatutako datu-basearen gainean eraiki da, hainbat urtetako lanaren ondoren. Azaldu dutenaren arabera, Euskadiko Izendegia Geografikoan jasotako toponimo ofizial eta lehenetsiak izango dira nazioartean erabiliko direnak.

“Orain urte batzuk, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN), Estatuan Kartografia eta Toponimia alorretan eskumena duen entitateak (nazioartean ere ordezkari ofiziala da), autonomia-erkidegoi aukera eman zigun gure izendegi geografikoak egiteko, geroago ‘Nomenclátor Geográfico Nacional’-ean integratzeko. Bide garrantzitsua da hori, Izendegi Geografikoan jasotzen den toponimia ofizial eta lehenetsia izango delako nazioartean agertuko dena. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 2010ean ekin zion bere toponimiako datu-baseko datuak prestatzeari, Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraituz. Izendegi-ereduak nahitaezko informazioa eskatzen zuen (toponimo ofizialak, lehenetsiak, alonimoak, historikoak, aldaerak…), eta, era berean, toponimoei geometria jartzea eskatzen zen. Hori dela eta, 2015etik Ingurumen eta Lurralde Antolamendua Sailarekin elkarlanean ari gara, eta lan guztiaren emaitza gaurtik aurrera herritar guztien eskura dago”, azaldu du Zupiriak.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana