Clara Sánchez-Dehesa (Fosforo): «Etxeko zineak nolakoak ginen erakusten digu, nola jokatzen genuen»

  • Clara Sánchez-Dehesa (Fosforo): «Etxeko zineak nolakoak ginen erakusten digu, nola jokatzen genuen»

Kulturaren ekosistema dinamikoa eta konplexua dugu Euskadin, jende askoren eta elkarte handi zein txiki askoren lanari esker, denek egiten dutelako ahalegina panorama berri honetara perspektiba eta modu berriak ekartzen.  Fosforo Kultur Elkartea ere sare hori harilkatzen dabil, duela sei urtetik. Hainbat proiektu eta ekimen landuta, Arabako ondare zinematografikoari ospea ematen ari dira, Clara Sánchez-Dehesa gidari dutela (ikus-entzunezko materialak kontserbatzen eta errestauratzen aditu eta Elías Querejeta Zine Eskolako artxibo-saileko koordinatzailea).   Elkartearen lanaz jardun gara haiekin.

 

Ze asmo ditu Fosforo Kultur Elkarteak?

Gasteizen kultura-proiektuak bultzatzeko asmoz sortu zen Fosforo Kultur Elkartea, bereziki, inongo eskaintzarik ez zuten arloetan. Eta hala jaso genuen estatutuetan ere:   “Korronte ezarritik kanpoko kultura-proiektuak sortu eta bultzatu, bertako kultura hedatu eta mamitzeko”.


Etxeko zinea eta zine amateurra dituzue, besteak beste, interesekoak.  Zertan dira berdinak eta zertan desberdinak ikus-entzunezko bi tipologia hauek?

Horixe izan zen gure hasiera-hasierako proiektuetako bat, gure inguruko ikus-entzunezko ondarea berreskuratzea, eta horrexek dauka gaur egun ere indar eta segida gehien.  Etxeko zinea eta amateurra landu ditugu nagusiki, erakundeek (orain arte) oso arreta gutxi eman izan dielako halako ikus-entzunezko adierazpenei.  Grabatzeko formatuetan eta filmatzeko bitarteko ez profesionaletan dira berdinak.  Eta, batik bat, ikusleetan dira desberdinak.

Etxeko zinea zinez norberarena da, familiarako filmatzen da, ia-ia familiaren barruan eta ez beste inon erakusteko.

 

(“Olga”. Zuzendaria: Eloy González zuzendari amateur emankor eta Fosforo Kultur Elkarteko motorra -Clara Sánchez-Dehesa-rekin batera-).

 

Amateur zineak, aldiz, badu gidoia, exekuzio-plana eta, askotan, zineko zirkuitu profesionalez bestekoetan erakusteko pentsatuta daude, ikusle gutxirentzat baita ere, baina familia baino harago.


Zertan da ba garrantzitsua ikus-entzunezko ondare hau, asmo profesionalik gabe ekoitzia?

Garrantzia era askotakoa du ondare honek: historikoa, soziala, etnografikoa eta abar. Leku jakinetan, adibidez, Gasteizen edo Araban, eginiko lanetan, gainera, ikus-entzunezko ondare hau industriatik kanpo egina da, herritarrek berek egina, eta, hortaz, bai aktoreak bai kokapenak ezagunak dituzte denek.

Gainera, amateur zineko gaiak, orokorrean, askoz zabalagoak eta libreagoak dira ekoizpen zinematografikoetan baino.  Zentsura-garaietan, gainera, ez zuten ekoizpen handiek bezainbeste arazo.  Etxeko zineak nolakoak izan ginen erakusten digu, nola mugitzen ginen gure inguruan, nola jarduten genuen elkarrekin. Erakusten digu ez garela hainbeste aldatu gauza batzuetan.


“Familiako erroiluak” izenekoa da gure elkarteko programa-ikurretako bat.  Zertan datza?

“Familiako erroiluak” dugu, hain  justu, Fosforon etenik gabe lantzen dugun proiektu nagusia, eta horren bitartez eskatzen ditugu dirulaguntzak.

Gure inguruko (Gasteiz eta inguruko herrietako) ikus-entzunezko ondarea berreskuratu nahi dugu, eta herritarren memoria pertsonala besteen esku jarri, euskarri zaharkituetan grabatuta daudelako ezin izan dituztenez orain arte ikusi.

Horrez gain, irudi bizidunen bankua ere nahi du sortu proiektu honek, gure historiaren ikerlan sakonagoa egin nahi dutenentzat ere baliagarri izan dadin.


Nola egoten dira kontserbatuta lanerako erabiltzen dituzuen materialak? Moldatu behar izaten al dituzue?

Material hauek hain intimoak direnez, orokorrean, oso ondo kontserbatuta egoten dira.  Gainera, Arabako klima egokia da honelako materialak kontserbatzeko, eta komertzializatzen diren materialek berek ere ondo egiten diote aurre denboraren joanari.

 

Materialak garbitu eta konpondu besterik ez dugu egiten guk, eskaneatzeko moduan lagatzeko; kontserbazio-lanetako profesionalekin batera beti.  Profesionalekin lan egitea ezinbestekoa dugu materialen jabeek gurekin konfiantza izango badute, konfiantzarik gabe ez digute-eta utziko beren historiako alderdi intimo hori, inondik ere.


Etxeko Zinearen Sarea (La red del cine doméstico) delakoaren online artxiboa martxan jartzekoa da, ondare hori hedatzen laguntzeko. Zuek ere sare horretako parte zarete.  Zer da zuentzat aurrerapauso hori?

Etxeko Zinearen Sarean plataforma bat sortu dugu, batez ere, begi-bistara ekartzeko etxeko ikus-entzunezkoen ondarea, ikerketa sakonagoa egiteko moduan.

Esan dudanez, irakurketa asko ditu ondare horrek, eduki asko eta garrantzia handia ere bai, eta halere ez dago jendearen eskura, grabatu dituztenen etxeko armairuetan daude-eta jasota.

RCDkoak sinetsita gaude plataforma hau bide ezin hobea dela batzuek eta besteek elkar ezagutzeko, eta nola aldatu garen hobeto ulertzeko.


Zer beste dibulgazio-ekintza daukazue buruan, Araban lantzeko?

Aurten justu alor horretan egin nahi dugu lan, dibulgazioan, eta zenbait tailer dauzkagu prestatuta, parte-hartu nahi duenarekin batera lan egiteko, jabeek, edo elkartekook, identifikatu ezin izan ditugun leku komunak, pertsonaiak, egunak eta gertakariak identifikatzen.

 

(Dagoeneko badira bi urte Gasteizeko Kultur Etxeak  MontehermosoEtxeko Zinearen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak hartzen dituela, urriko hirugarren larunbatean. Hogar Navarro elkarteak ere [irudian] laguntzen du, proiekzioak erakutsiz).

 

Gainera, taldeko proiekzio horien inguruan hizketan hasten da jendea eta ahaztuta zeuden kontuak agertzen dira, eta horrek berak bilduma berriak edo proiektu berriak deskubritzea eragiten digu. Halaxe iritsi gara, adibidez, jendeak dituen diapositiba-bilduma oparo-oparoetara.


Zer duzue etorkizunerako Fosforo Kultur Elkartean? Zer erronka izango dituzue?

Erronka handiena “Familiako erroiluak” proiektua bizirik edukitzea izango dugu. Horretan gabiltzanok badugu gure lana, jakina, baita familia ere, eta askotan nekeza dugu proiektuari behar duen denbora ematea.  Baina, batez ere, finantzazioa lortzea dugu zailena.  Arabako Aldundiak eta Vital Fundazioak asko lagundu digute, baina gastu asko kitatzeko balio badigu ere laguntza horrek, ez dugu aski gure premia denak ondo asetzeko, batez ere, beharrizan teknikoak.

Oso zaila da bitarteko zaharkituak behar bezala erreproduzitzen, eta garai bateko erreprodukzio-gailuak ere aurkitzen eta mantentzen zaila da.  Gainera, material hunkigarria denez lantzen duguna, ez dugu nahi izaten bildumak Gasteizetik urrun bidali digitalizatzera, ez dugu horrela lan egin nahi.  Berriro kanpora bidali beharrik ez izateko formulen bila gabiltza orain, baina lehen ere esan dudan bezala, ez da erraza prozesu honetarako finantzazioa ateratzea.

Proiektu honetaz aparte, hasi ginenean, 2013an, prestatu genuen lista luze hartako bete proiekturen bat ere burutu nahi genuke, hainbat gauza direla-eta, batez ere, bakoitzaren kontuak eta denbora kontuak direla-eta, orain arte ezin izan dugu-eta.

Euskadi, auzolana