Gordailua, altxorren artean altxorra

  • Gordailua, altxorren artean altxorra

Historian zehar bidaiatzea, gizakiak munduan utzi/uzten dugun arrastoaren bidezidorra ibiltzea eta material horren ikerketa gero eta errazagoa da Gordailua bezalako baliabideei esker. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa aitzindaria da zentzu askotan, altxor asko gordetzen dituen altxorra: etnografikoak, arkeologikoak, artistikoak. Bertan aritzen den lantaldearen laguntzarekin zentrotik garatzen duten lanaren garrantzia ezagutu dugu.

 

Gordailua Gipuzkoako Aldundiaren zerbitzua da. Nola sortu zen zentroa?

Gordailua prozesu luze eta hausnarketa sakonen ondorio da. Eraikina 2011n zabaldu zen. Itxitako lantegi bat Diputazioaren esku geratu zen, Irunen, eta ordura arte hainbat biltegitan gordetako kultur ondarea hara eramatea pentsatu zen. Eraikin zaharra erabilera berrirako egokitzea, berriz, ez zen bideragarria, Gordailuaren beharrizanak oso bereziak dira eta. Urte haiexetan San Telmo Museoa birmoldatze fasean zegoen. Sinergiak batu eta baliabideak bateratu nahian, inbertsioari albait etekin handiena lortzearren, Gipuzkoa osoko kultur ondare zerbitzuak eskaintzea izan da xedea.

Gordailua aitzindaria da zentzu horretan. Hainbat erakunderen ondarea batera gorde eta kudeatzeko zentroak oraindik oso gutxi dira Europan, hedatzen ari den joera den arren. Baldintza onenetan zaintzeaz gain, objektuak ikertzeko eta zaharberritzeko guneak ere badira; halaber, Gipuzkoako hainbat tokitan dagoen ondarearen kontserbazioa Gordailutik kudeatzen da.


Egun 70.000 objektu baino gehiago gordetzen dituzue. Zeintzuk dira funts hauen ezaugarriak? Piezen artean, zeintzuk dira nabarmenenak?

Funtsak titularitate aldetik bereiz daitezke. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren objektuak dira, hainbat bildumatatik lortuak. Objektu historiko-etnografikoak dira gehienak: buztingintzazkoak portzelanazkoak, burdina forjatuzkoak, zurezkoak, industrialak, beirateak, eta abar. Bestetik, badira artelanak: olio-margoak, estanpak, eskulturak… 40.000 inguru objektuetatik, aipagarria da Euskal Itsas Museoaren bildumak 6.000 bat dituela. San Telmo Museoaren funtsetako 32.000 objektuetan ere denetariko elementuak daude. “Besteak” izeneko sailean askoz gutxiago daude, normalean artista batzuen bildumak. Horiez gain, arkeologiaren funtsak daude, titularra Eusko Jaurlaritza izanagatik, Aldundi bakoitzak kudeatzen dituenak. Gipuzkoako ondare arkeologikoa, bada, Gordailuan dago, indusketetan edo ezustean aurkitutako piezak, 10.000 kaxa baino gehiago.

 

 

Objektu bakoitzak badu bere fitxa eta erregistro-zenbakia, etiketa batean QR kode batekin inprimatzen zaiona, gerora klikatu eta ordenagailuan automatikoki jaso dezan zein biltegi, zein sail eta zein baldatan dagoen, gal ez dadin.


Funtsak handitzearen aldera, eskuratze-programa egonkorra dauka zentroak. Zein baldintza bete behar ditu bilduma batek Gordailuak har dezan?

Bilduma edo objektu berriak jasotzeko irizpideak, laburbilduz, honako hauek dira: jatorria, alegia, ea ongi dokumentatua dagoen non, noiz, nork sortua edota erabilia den, eta noiz arte; kontserbazio-egoera; tipologia edo funtzio aldetik holakorik jada ba ote dagoen bildumetan; eta, jakina, objektu edo bilduma hori adierazgarria ote den gipuzkoar gizartearen iragana edota oraina azaltzeko. Eta, erosteko proposamena baldin bada, salneurria bera ere irizpide da.

Kultura Departamenduak eta San Telmo Museoak Eskurapenen Batzorde bat eratu dute, iristen zaizkien eskaintzak koordinatu eta alferreko bikoizketak saiheste aldera.


Zuena bezalako eraikin batean ingurune-faktoreak zorrotz kontrolatu behar dira. Nolakoak dira, honen harira, zentroaren instalazioak eta hartu beharreko neurriak?

Gordailuaren instalazioak oso konplexuak dira. Oso-oso labur esanda, objektuen zaintza egokirako, hezetasunaren eta tenperaturaren kontrola bermatu behar dira 6.000 m2 baino gehiago okupatzen duten biltegietan. Tenperatura negua eta uda artean pixka bat jaitsi edo igo daiteke, betiere gradualki eta parametro batzuen artean.

Gure kliman, are inportanteagoa da hezetasun erlatiboari eustea, xomorroak, onddoak eta bestelako gaitzak sortzeko aukera izan ez dadin. Zeren eta material organiko oro (zura, papera, larrua, ehuna…) biltegiratu baino lehen anoxiaz, hots, oxigenoa kentzeko prozesuaz, tratatzen baitira, haien onerako eta dagoeneko biltegiratutako materialak ez kutsatzeko. Oihal eta paperentzako geletan, hezetasun maila apalagoa da, eta metal berezienetan %40ra ere ez da iristen.

 

 

Honek guztiak antze tekniko handia ez ezik, inbertsio energetiko handia ere eskatzen du. Alabaina, lurpeko geotermia eta teilatu gaineko eguzki-plakei esker, Gordailuak bere kontsumo energetikoaren bi heren baino gehiago ekoizten du.


Materialaren kontserbazioaz gain, ondarearen arloan paper benetan aktiboa dauka Gordailuak, bai gordetzen dituen funtsen inguruko ikerketak garatuz zein hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean arituz. Zeintzuk dira ekimen hauen emaitzak?

Gordailuak, oro har, kultur ondarearen balioa agerrarazten du. Datozen belaunaldientzako kontserbazioaz gain, gaur egungo gizarteari ere eskaintzen dio ondarea ezagutzeko aukera, bisita gidatuak proposatuz, ikerlariei arreta eta aholku emanez, bere ikerketak eginez (esaterako, zaharberrikuntzenak), hainbat jardunaldi antolatu edo kanpokoetan parte hartuta…

Eginkizun nagusietako bat piezak aldi baterako erakusketetarako zaharberritu eta maileguan uztea da. Adibidez, 2019an urte erdia baizik ez da pasa eta hamalau erakusketatan parte hartzea egin edo aurreikusi da, Aldundiaren beraren egoitzetan (Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea) eta San Telmon Museoan ez ezik, baita Donostiako Kubo Kutxa Erakustaretoan, Biarritzeko Mediatekan, Bergarako Laboratorium Museoan, Hondarribiko Kultur Etxean, Bilboko Arkeologi Museoan, Avileseko Udalaren Arte Erakustaretoan ere.


Zaharberritze saila ere baduzue. Zein kasutan egiten da ezinbestekoa zuen esku-hartzea? Zeintzuk dira funts delikatuenak, lan handiagoa eskatzen dutenak?

Badaude zaharberritzeko bi sail: arkeologia eta artea; etnografiako gauzak batean nahiz bestean artatzen dira, materialen arabera.

Normalean delikatuenak arkeologiako gaiak izaten dira, ehunka, milaka urtetan egon direlako urpean edo lurpean. Eskatzen duten lana, aldiz, hori pieza bakoitzaren araberakoa da.

Horrez gain, objektuak erakusketetarako eta halakoetarako atera behar direnean, behar bezalako bilgarriak, garraioa eta egonaldia izango dutela bermatzeaz gain, haien egoeraren balorazioa egiten da, eta dagokion zaharberritzea ebazten, azaleko garbiketatik erabateko osaketaraino.

 

 

Gordailuan dagoen guztia ez dago zaharberritua, hori ezinezkoa litzateke; baina sartu orduko detektatzen baldin bada objekturen bat narriatzen ari dela, kalte gehiago ez pairatzeko esku-hartzea egiten zaio. Behin barruan dagoela, euskarriak, argia, tenperatura eta hezetasuna kontrolpean daudenez gero, hondatze prozesua eten egiten da.


Nola begiratzen dio etorkizunari Gordailua bezalako gune batek? Zeintzuk dira aurreikusten dituzuen zailtasunak eta erronkak?

Baikortasunez. Atzera begiratzea besterik ez dago kontura gaitezen kontserbazio eta zaintza baldintzak askoz hobeak direla orain duela hamarkada batzuk baino. Tekniketan, materialetan, zaharberritzearen inguruko jakintzan aurrerapen handiak ematen ari dira, eta Gordailua puntakoa da horien erabileran.

Katalogazioa erabat informatizatua dago, bai objektuen fitxak egiteko, bai haien kokapena jasotzeko. Badago zeregina franko, adibidez on line katalogoan fitxa gehiago plazaratzea; baina ildo nagusiak argi daude eta lana bideratua dago. Beharbada etorkizuneko erronka, hain zuzen ere, teknologia berriak eskuratzea da: fotogrametria, 3D eskanerrak, eta abar.

Azkenik, oraindik gehiago jorratu nahi genukeen arloa Gordailua bera ezagutaraztea da, bertan egiten dugun lana eta ondare aldetik duen potentziala, batez ere ikerlarientzat, biltegi bat baino askoz gehiago delako. Gordailua sekulako baliabidea da denetariko ikerketak egiteko: arkeologikoak, historikoak, artistikoak, etnografikoak, zaharberrikuntzarenak…

 

(2019ko uztailaren 18an agitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana