Oteiza Arantzazun, mugarri baten 50. urteurrena

  • Oteiza Arantzazun, mugarri baten 50. urteurrena

Arantzazuko basilika ikono bihurtu duen estatuaria jarri zenetik 50. urte bete direla ospatzen ari da uda honetan. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria (1950-1969) izeneko bi erakusketaren bitartez, Gandiaga Topagunea eta Altzuzako Oteiza Museoa eskultoreak santutegian egindako lana omentzen ari dira, ia 20 urtez luzatu zen sormen prozesua aztertuz. Bi erakusketon komisarioa eta Oteiza Museoko kontserbatzailea den Elena Martinek azaldu dizkigu proiektuaren zehaztasunak.

 

Oteizak Arantzazun egindako esku-hartzea obra paradigmatikoa da euskal eskulturgintzaren historian. Zer faktore izan dira giltzarri estatus hori lortzeko?

Oteizaren Arantzazuko basilikako esku-hartzea eskultoreak bere ibilbidean egindako herri-lan garrantzitsuena izan zen, baita oriotarrak aurrera eramandako korapilatsuena ere. Jorge Oteizak benetako erronkatzat hartu zuen egitasmoa, eta hamaika azterketa egin zituen emaitza eskultorikoan hiru kontzeptu uztartzea lortu arte: estetikoa, erlijiosoa eta sinbolikoa.

Javier Sáenz de Oíza eta Luis Laorga arkitekto gazteek proiektu oso berritzailea garatu zuten, basilika eraiki behar zen toki menditsuarekin bat egiten zuena. Gainera, sormenezko hizkuntza berrien xerka ari zen artista talde garrantzitsu bat biltzeko gaitasuna izan zuten (Xabier Álvarez de Eulate, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Xabier Egaña, Lucio Muñoz, Jorge Oteiza eta Carlos Pascual de Lara), baita guztien ekarpena basilikan integratu eta proiektu bateratu bat sortzekoa ere.

Multzo arkitektonikoa, bereziki basilikaren fatxada, sinplifikatzen joan zen 1950eko aurreproiektutik eta, azkenerako, garaiko arte erlijiosoaren berrikuntzan obra gako bilakatu zen; gaur egun ere artefaktu sinboliko eta atenporal gisa ikusten dugu nagusiki.


Oteizaren estatuaria basilikan jarri zenetik 50 urte bete direla gogoratzeko, bi erakusketa prestatu dituzue, hurrenez hurren Altzuzako Oteiza Museoan eta Arantzazu bertako Gandiaga Topagunean. Zer ikus daiteke bakoitzean?

Prozesu artistikoak aldian-aldian izan zuen bilakaera aztertzen du Oteiza Museoko erakusketak; horretarako, igeltsuan egindako berrehun azterketa eskultoriko baino gehiago erakusten ditu, gehien-gehienak orain artean inoiz erakutsi gabeak. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenak artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak zein bere eskulturaren eraldaketa ulertzeko bide ematen du; lanotan, gainera, espazioak eta hutsak arlo espiritualarekin duen identifikazioaren gaineko bere hausnarketa estetikoak islatu zituen. Gainera, baliagarria da arteak imajinario sinboliko berriak sortu eta gizartean proiektatzeko duen gaitasuna ulertzeko. Dokumentu ugariri eta irudietan jasotako kronologia zehatz bati esker (bereziki prentsa erreferentziak eta argazkiak), proiektuaren bilakaera aztertzen da, baita estatuaria jartzea eragotzi zuten debeku eklesiastikoak eta planteatutako irtenbideak ere, azkenean eskultoreak bere obra jartzea lortu zuen arte 1969an.

 

(Basilikaren irudia apostoluak jarri aurretik. Argazkia: Arantzazuko santutegiko artxiboa).

 

Gandiaga Topaguneko erakusketak, bestalde, Oteizak Arantzazun egindako esku-hartzea garatzen du sekuentzia gisa. Oinarri gisa garapen kronologiko bat du, 1950ean eraikuntza-lanak hasi zirenetik 1969an estatuaria behin betiko jarri zen arte. Dokumentazio eta argazki ugari eta 50 obra eskultoriko baino gehiagoren bitartez egindako ibilbide didaktikoa da. Ildo horretan, orain arte inoiz erakutsi gabeko dokumentuak bildu dira, adibidez, artistek (Oteiza, Basterretxea eta Pascual de Lara) Erromara euren lan artistikoa justifikatzeko bidalitako txostena.

Bi erakusketek laguntzen dute Oteizak basilikaren fatxadan egindako esku-hartze proiektuaren gakoak ulertzen eta aipatzekoa da biak Javier Baldak diseinatu dituela. Oteiza berak grabatutako jatorrizko irudiak erabilita egindako bideo bat ere ikusgai da bi erakusketetan, non Arantzazuko estatuaria kokatzeko prozesua jasotzen den. Bideoak Xabier Erkizia artistak espresuki proiektuarentzat egindako soinu esku-hartzea barnebiltzen du.


Nolakoa izan da «Oteiza eta Arantzazuko estatuaria (1969-2019)» erakusketa osatzeko materiala biltzeko prozesua? Zer zailtasun izan dituzue?

Proiektuaren oinarria izen bereko doktorego tesia egiteko egin nuen ikerketa da. Izan ere, tesia egiteko dokumentazio, obra eskultoriko, argazki eta prentsa erreferentzia ugari lokalizatu beharra izan nuen.

Zailena materialok egikaritu, antolatu eta erakusketan jarri beharrekoak hautatzea izan zen, betiere proiektua zorrotz eta argi azalduko zuen diskurtso bat sortzea helburu.

Oteizaren bilakaera eskultorikoa erakutsi eta Arantzazuko egitasmoak bere xede eskultorikoan aurrera egiten nola lagundu zion frogatu nahi izan dugu, baina, aldi berean,  testuinguruan jarri nahi izan ditugu proiektuan eragina izan zuten arlo historiko, erlijioso eta kulturalak edota Oteiza beraren pentsamendua. Horrenbestez, erronka izan da kontzeptu horiek guztiak erakusketa-egitasmo bakarrean biltzea.

 

(Eskultorea basilikako sarreran, oraindik ere amaitu gabe dauden zenbait eskultura alboan dituela)

 

Zein da erakusketa-proiektua osatzen duten piezen jatorria?

Obrak Oteiza Museoko eta Arantzazuko Frantziskotar Anaidiko bildumetakoak dira, baita Arantzazuko Santutegiko, Sáenz de Oízaren eta Luis Laorgaren artxiboetakoak ere. Horrez gain, partikularrek utzitako piezak ere badira tartean. Bestalde, aipatu Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntza izan dugula.

Bi erakusketek orain artean inoiz erakutsi gabeko obra eskultorikoak, dokumentazioa eta argazkiak ikusteko aukera aparta eskaintzen dute.


Arantzazuko santutegian gauzatutako praktika artistikora ez ezik, bi erakusketak Oteizaren pentsamendura, artea ulertzeko modura, kontzeptualaren eta sinbolikoaren inguruan egin zituen bilaketa eta hausnarketetara gerturatzeko aukera ere badira. Zein da ondare teoriko horren garrantzia euskal eskultura garaikidearen egituraketan?

Oteizaren artearen teoria eta ideia estetikoak bizirik daude eta erreferentzia dira gaur egungo artista askorentzat. Hori garrantzitsua da benetan, Oteizaren ondarea bizirik dagoela erakusten baitu. Hutsaren inguruan egin zituen aurrerapen eskultorikoek ezinbesteko erreferentzia bilakatu zuten, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Artista poliedrikoa izan zen Oteiza, eta bere pentsamendua indarrean da oraindik ere, inolako zalantzarik gabe; ezin ahaztu, gainera, aktibista kultural eta politikotzat bete zuen eginkizuna.

Nabarmendu nahi nuke, bestalde, Jorge Oteiza ikusgai dela orain Veneziako Biurtekoan, Peio Agirrek komisariatutako Perforado por Itziar Okariz & Sergio Prego proiektuarekin. Oteizaren presentzia Itziar Okarizek egindako Las estatuas lanarekin lotuta dago; hain zuzen ere, ikus-entzunezko pieza horretan aldi ezberdinetako artelanekin solasean aritzen da artista, eta, lanon artean, Oteizaren bi pieza daude. Veneziako Biurtekoan Jorge Oteizak 1948an egindako Otano margolariaren Retrato eskultura ere badago ikusgai.


Publiko mota ezberdinei bideratutako bitartekaritza programa batek eta zenbait jarduera paralelok osatzen dute erakusketa egitasmoa. Zer helburu bete nahi dituzue jarduerokin?

Alde batetik, estatuaria jarri zenetik 50 urte betetzeak belaunaldi berriei prozesu artistikoa nola garatu zen azaltzeko aukera eskaintzen du, baita gaur egungo errealitatea kontuan hartzen duten ikuspegi berriak eskaintzekoa ere. Bestalde, hizkuntza artistikoaren bitartez publiko ezberdinengan jakin-mina esnatu eta garatzea ere bada helburua, horretarako esperimentazioa zuzenean bultzatuz antolatutako tailer eta jardueren bitartez.

 

(Oteiza Museoko erakusketaren irudia. Argazkia: Cristina Núñez)

 

Programa osatzen duten beste ekimenak dira: bi erakusketetarako bisita gidatuak, Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan antolatutako konferentzia, Oteiza Museoan zein Gandiaga Topagunean antolatutako tailer pedagogikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eskultura Saileko TECTar ETA KREAREak ikerketa taldeek antolatutako mintegia.


Lehen azaldu duzun bezala, zure doktorego tesirako egindako ikerketa da proiektu honen oinarria. Zure lanak Jorge Oteizaren figuraren azterketari zer ekarpen egitea nahiko zenuke?

Ikerketa-prozesuari amaiera emateko, argitalpen bat kaleratuko da, tesiaren funtsari zehatz lotuta, eta, han, irudi bidezko narrazio modura azalduko da zer-nolako eragina izan zuen Arantzazuko proiektuak Jorge Oteizarengan eta nolako garapena izan zuen egitasmoak denboraren joanean. Argitalpenak 400 argazki baino gehiago izango ditu, horietako asko aurretik inoiz argitaratu gabeak eta guztiak ere 1951n obra esleitu zitzaionetik 1969an azkenean estatuaria jartzea lortu zuen arte egindakoak. Dakizuen bezala, estatuariari eragin zioten bi geldialdiek prozesu artistikoa eten zuten, baina, aldi berean, egitasmoari ontzeko denbora eskaini zioten eta horrek fatxadaren isiltzea erradikalizatu egin zuen.

Dokumentazio eta katalogazio lanarekin batera, garrantzitsua da argitalpenean Oteizaren pentsamenduaren eta jarduera artistikoaren arteko lotura iraunkorra ezartzea.

Azkenik, artistaren papera bera nabarmenduko nuke: bene-benetakoa baitziren Oteizak Arantzazuko proiektuarekiko sentitzen zuen ardura, oriotarrak artearekiko zuen konpromisoa eta berau gizartean proiektatzeko zuen gaitasuna.

 

(2019ko abuztuaren 2an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana