Poesia Orduak, bertsotik haratago doan ekimena

  • Poesia Orduak, bertsotik haratago doan ekimena
    Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria), Oier Guillan (Metrokoadroka Sormen Laborategia) eta Arantza Urkia (Donostiako Kulturako Liburutegi sailaren zuzendari teknikoa)

Hamaika izan dira, azken urteotan, iraileko Poesia Orduak errezitaldietan parte hartutako euskal idazleak. Aurten, Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” eta Munduko Poesia Kaierak izango dira protagonistak. Ekimenaren inguruko zalantzak Arantza Urkiak, Donostiako Liburutegi sailaren zuzendari teknikoak argitu dizkigu.

 

Poesia Orduak Donostiako Euskal Jaien baitan burutzen den ekimena da. Zein helbururekin abiatu zenuten?

Poesia Orduak ekimenak helburu bikoitza du. Alde batetik, euskal poesiari espazio bat eskaintzea, eta bestetik, Euskal Jaietan txertatzea. Irailaren hasieran estropadekin batera Euskal Jaiak izaten dira Donostian eta Euskal Jaiak betidanik izan duten izaera bikoitza mantendu nahi izan dugu: jaia eta kultura bateragarriak direla azpimarratzea.


Euskal Idazleen Elkartearekin batera antolatutako proposamena dugu. Nola sortzen da lankidetza eta zertan datza?

Lankidetzaren abiapuntua euskal literatura bultzatzea izan zen, sormena sustatu eta zabalkundea egin.

Helburu horrekin Euskal Idazleen Elkartearekin hitzarmena dugu eta hitzarmen horren baitan Poesia Orduak antolatzen ditugu urtero.


12. edizio betetzen dituzue aurten. Nolakoa izan da ekimenaren ibilbidea?

Urtez urte ekimena indartzen joan da eta gaur egun euskal poesiaren hitzordu finko bat dela esan dezakegu.


Egia da publikoa alde izan duzuela beti eta behin baino gehiagotan aretoa txiki gelditu da. Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoak harten du egun hitzordua. Euskal poesiak badu jarraitzaile profil finkorik?

Nik esango nuke euskal poesiak badituela jarraitzaileak eta batez ere irakurleak, guztiz beharrezkoak.

Profila berriz oso anitza da, kultura munduan ibiltzen den jendea, liburuzaleak, irakurleak...


Poesiatik haratago, aurten, Saizarbitoriaren "Egunero hasten delako" eleberria omendu nahi izan duzue, nobelaren 50. urteurrena aitzakia hartuta. Zer ikusiko dugu irailaren 9rako prestatu duzuen emanaldian?

“Egunero hasten den musika” saioak “Egunero hasten delako” eleberriari keinu egin nahi dio. Nobelatik abiatuta, testu hautatuen irakurraldia egingo da, Koruko Herasen pianoaren laguntzaz.

Saizarbitoriaren mundu literario eta musikalaren barnako bidaia bat izango da, bidaia sentimentala, idazlearena baina baita, neurri batean, euskal kulturaren ikur bihurtu den belaunaldi batena ere. Taldean: Koruko Heras, pianista; Koldo Izagirre, poemaren itzulpena; Iban Zaldua, narratzailea; Lourdes Oñederra, narratzailea; Susana Mendiola, pianista; Jabier Muguruza, abeslaria; Irene Ojanguren, abeslaria; Txeli Oroz, zeharkako txirula Mertxe Parra pianista eta Beñat Sarasola, koordinatzailea.


Munduko Poesia Kaierak bildumak ere izango du bere lekua. Nola baloratzen duzue euskal poesiaren arloan ekimen honek egiten ari den ekarpena?

Ekarpen handia, zalantzarik gabe. Munduko Poesia Kaierak bilduma Susa argitaletxeak sortu zuen 2014an eta dagoeneko 30 izenburu kaleratu dituzte, hau da, 30 poeten lanak euskarara ekarriak izan dira.

Poeten zerrendan izen handiak daude eta itzultzaileen artean ere bai.


Kaierak Loraldian estreinatutako "Munduko Poesia Kaia" lanaren bitartez egongo dira ordezkatuta. Zertan datza proposamen honek?

Errezitaldi ausarta eta ez ohikoa izatea espero dugu. Ez da poesia hutsa izango, dantza garaikidea eta antzezlan artistikoa poesiarekin nahastuko dira.

Oholtzan Jose Luis Otamendi errezitatzailea, Noemi Viana dantzaria eta Iraia Elias aktorea izango ditugu.


Poesia Orduak egitasmoak bere txokoa lortu du udazken hasierako kultura agendan. Nola aurreikusten duzue ekimen honen etorkizuna?

Etorkizuna aurreikustea ez da erraza, baina irakurleak dauden bitartean, idazleek poesia eta literatura idazten jarraituko dute.

Beste gauza bat da zabalkundea nola egin. Errezitaldiak antolatuko dira? Jarduera mota berriak ezagutuko ditugu? Batek daki!

 

(2019ko irailaren 4an argitaratutako Bereiza).

Euskadi, auzolana