Open House, arkitektura ondarea gure esku

  • Open House, arkitektura ondarea gure esku

Izaera internazionala duen arkitektura eta hirigintza jaialdia da Open House eta aurten hirugarren aldiz burutuko da Bilbon. 48 ordutan zehar, hiriko hainbat eraikinen ateak zabalik egongo dira, hiritarren artean arkitekturaren eta diseinuaren presentzia nabarmendu eta indartzeko asmoz. Gure arkitektura ondarea aurrez aurre ezagutzeko aukera paregabea ematen digun ekimen honen xehetasunak Andoni Pombo jaialdiko koordinatzaile nagusiarekin ezagutu ditugu.

 

Open House Jaialdiak ia 30 urte dituen nazioarteko eginkizuna da. Zein helburu ditu?

1992 . urtean London-en sortu zen nazioarteko arkitektura jaialdia da. Hasieratik bere helburua herritar guztiei gure hirietan dugun arkitektura-ondarea hurbiltzea izan da. Horretarako, aste bukaera batean zehar hiriko eraikin esanguratsuenen ateak irekitzen dira interesa duen orok bisitatu eta ezagutu ditzan. Bisita guztiak doakoak dira eta ez dute izen ematerik behar.

Ideia jaialdia kalean topatzea da, arkitektura hiritar guztiei irisgarria eginez.

 

(Euskalduna Jauregia. Federico Soriano eta Dolores Palacios, 1999.)


2017. urtean Bilbora ekartzeko aukera sortu zen. Nolakoak izan ziren lehenengo urrats horiek? Zeintzuk izan ziren abian jartzeko aurre egin beharreko zailtasunak?

Naiz eta lehenengo jaialdia 2017. urtean izan, bi urte lehenago hasi ginen lanean jaialdia Bilbora ekartzeko intentzioarekin. Nazioarteko jaialdia denez, antolatu ahal izateko ezinbestekoa izan zen hiri bezala baldintza batzuk betetzea. Baldintzen artean, bertako arkitekturaren balioa eta hirigintzaren interesa bezalako gaiak zeuden.

Jakina denez, Bilboren kasuan ez zen inolako arazorik egon baldintza guztiak betetzeko.

Horretaz gain, lehenengo urte horietan ezinbestekoa izan zen inplikatu nahi ziren elkarte, enpresa, entitate, eraikinen jabe eta bestelakoekin biltzea jaialdia ezagutzera emateko.


Hiru edizio betetzen dituzuen honetan, zer nolako balorazioa egiten duzue hitzorduaren ibilbideaz? Nolakoa izan da publikoaren erantzuna urte hauetan?

Jaialdia antolatzen daramagun urte hauetan guztietan ezin hobea izan da hiritarren aldetik jaso dugun erantzuna. Boluntario zein bisitari kopuruen datuek garbi uzten dute jendeak duen interesa arkitektura eta ondarearen inguruan.

Aurreko urtean 36.000 bisita baino gehiago eta 600 boluntario egon ziren. Ospatu den bi urteetan aste bukaeran zehar giroa izugarria izan da, kaleak arkitekturaren inguruko jakin nahia duten hiritarrez lepo bete dira.

 

 

(Boluntarioen lana ezinbestekoa da Open House Bilbao Jaialdia aurrera eremateko).

 

Aipatzen duzuen bezala, boluntarioen papera ezinbestekoa da jaialdian. Iaz 600 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta aurten 700era ailegatzea espero duzue. Zein da betetzen duten papera? Nola kudeatzen da boluntarioek egiten duten lana?

Boluntarioen papera ezinbestekoa da, bai. Beraiek dira jaialdia gauzatzea lortzen dutenak. Rol ezberdinak daude pertsona bakoitzak gustukoen duen egitekoa izan dezan. Rol nagusiak bi dira: Sarrera boluntarioek eraikin bakoitzaren sarreran kokatzen dira, taldeak antolatu eta eraikinari buruzko xehetasunak bisitari guztiei emateko; eraikinen barnean Gida boluntarioak aurkitzen dira. Beraien lana bisitariei eraikina erakustea da azalpenak emanez.

Egia da, antolakuntzan gauza konplexuenetako bat boluntarioen lana kudeatzea dela. Izen-ematea internet bidez egiten da. Apuntatzerako orduan boluntario bakoitzak ematen dituen erantzunen arabera betebehar eta kokapen egokiena topatzen saiatzen gara. Boluntario guztiei jakinarazi behar zaie zein den beraien egitekoa. Era berean, eraikin bakoitzean aurre bisita bat antolatzen dugu bertan egongo diren boluntarioek tokatu zaien eraikina ezagutu dezaten.

Beraien parte hartzeagatik eskerrak eman nahian, boluntario izateagatik, zenbait abantaila eskaintzen dizkiegu: bisita pribatuetara joateko aukera, lehentasunezko sarrerak, opariak…

Boluntario gisa parte-hartzeko epea irekita dago eta interesa duen edonork parte har dezake. Horretarako www.openhousebilbao.org webgunean topatuko duten inprimakia betetzea besterik ez da behar. Gainera, edonolako zalantzarik izanez gero, boluntario@openhousebilbao.org helbidera idatzi ahal dute.

 

(Muxikebarri. Luis Maria Uriarte, 2019).


2019ko edizioan Bilbo-Barakaldo-Getxo zeharkatzen dituen itsasadarra izango da jaialdiaren ardatz nagusia. Nola konfiguratu du itsasadarrak gure paisaia?

Bilboren eta inguruko hiri guztien kasuan itsasadarraren garrantzia izugarria izan da. Bilbo bera, itsasadarrari esker sortu zen.

Urte honetan, jaialdian parte hartuko duten hirigune guztien historia itsasadarrarekin lotuta dago. Bertako eraikinei esker jakin dezakegu hasieran itsasadarra komertzio bide modura erabili zela.

Industrializazioan ere bere biziko garrantzia izan zuen bertako industria guztietan ekoitzitako produktuen irteera puntu bilakatuz. Eta azkenik, gaur egun, nabari dugu itsasadarra hirien birika nagusi bilakatu dela aisialdi eta kulturarako eraikinez bete delarik.


Ibilbide honetan, bisitagai egongo diren eraikinen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?

81 eraikin bisitatu ahal izango dira urte honetan. Horrenbeste eraikinen artean mota guztietako eraikinak topatu ahal izango ditugu, pertsona bakoitzak bere nahien arabera aukeratu dezan.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da aurten Getxok jaialdian parte hartzen duenez, bertako jauregiak bisitatzea aukera ezin hobea izango dela industria garaiko familia dirudunean ondarea ezagutzeko.

 

(Artaza Jauregia. Manuel Maria Smith, 1914).


Zeintzuk dira, etorkizunera begira, eman nahi dituzuen urratsak?

Etorkizunera begira, jaialdia Bilbora ekarri genuenetik helburutzat dugun ideia azpimarratu nahiko genuke. Antolakuntzaren nahia “Bilbao Handiko” hiri gehiagoren parte-hartzea lortzea da.

Helburua lurralde guztia bere osotasunean azaltzea litzateke, izan ere, lehen komentatu bezala Bilbo inguruko lurralde guztiaren ardatz nagusia itsasadarra da eta bere inguruko herri eta hiri guztiak naiz eta entitate propioa izan historia, arkitektura eta ondarea partekatzen dute.

 

(2019ko irailaren 13an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana