Zazpi urte pasa dira Haatik Dantza Konpainiak bere ibilbide oparoa “Errimak Oinetan” dantza eta bertsoa uztartzen zuen emanaldiarekin abiatu zuenetik. Orain, urteek ematen duten aldea eta esperientzia baliatuz, formatua errespetatzen duen baina begirada berria aurkezten duen ikuskizuna estreinatuko dute irailaren 27an. Lantalde handia biltzen duen “Errimak Bi Oinetan” proposamenaren zaharrak eta berriak Aiert Beobide eta Unai Elizasu zuzendariekin ezagutzeko aukera izan dugu.
“Errimak Oinetan” 2012. urtean Haatik Dantza Konpainiaren ibilbide profesionala abiatu zuen lana izan zen. Nolako harrera izan zuen orduan? Zer nolako sentsazioak utzi zizkizuen ikuskizunak?
(Aiert Beobide): Talde sortu berri batek dituen freskotasun eta gogoak, ohikoak diren zalantza eta urduritasunekin nahastuta ekin genion lehen lan horri. Eta harrerak guztiz ezustean harrapatu gintuen.
Dantza emanaldi batentzat oso ezohikoak ziren forma eta egoerak aurkezteak ikuslea berehala erakarri zuen. Bai bertso eta dantza zaleak baina baita kantu, musika eta orokorrean euskal sorkuntza eta kultur zaleak asetzen zituen emanaldia bilakatu zen.
Herriz herri, itxuraz hain forma xinplea zuen emanaldi batek horrelako arrakasta izateak asko pentsarazi zigun.
Zazpi urte eta gero berrikuspen bat planteatu duzue. Zein arlo berraztertu nahi izan dituzue bigarren begirada honekin?
(Unai Elizasu): Bigarren begirada aurrenekoaren bizipenetik sortu zaigu. Gauza berri batek sortu ditzazken sentsazioak imajina ezinak ziren eta guri izugarri asebete gintuan arren, emanaldiak egitearen poderioz, ohartu ginen bazirela ukitu ez genituen esparruak, munduak, bideak.
(Argazkia: Iurre Aranburu).
Bertso plaza ezberdinei lekua ematea izan zen ideietako bat eta horrek, bide asko ireki eta aztertzeko aukera eman digu.
Bestetik, bat-bateko bertso piezak, bertso historiko eta ezagunak biluztu eta plazaratzeko beste modu bat egiteko ahalegina izan da. Aurreneko emanaldiak, bisualki, bertso-saio bat zen. Bigarren honetan, bertso-saio ezberdinak ikusi eta entzungo dira.
Zeintzuk dira beraz “Errimak Bi Oinetan” emanaldiak aurkezten dizkigun berritasunak?
(A.B.): Abiapuntua bera da ezberdina. Lehena esperimentu bezala eraman genuen aurrera, eta hau berriz lehen hartan egin ez genituen zenbait gauza berreskuratu eta denborak, gizarteak, bertsolaritzak eta konpainiaren ibilbideak emandako bilakaerak eraman du sorkuntza beste bide batzuk hartzera.
Uste dut oinarria besterik ez dela aurrekoaren bera. Dantzak, koreografiak, doinuak ahotsak.. beste proposamen zeharo ezberdin bat aurkituko du ikusleak.
Bertsoa arlo perfomatibora itzultzeko gaitasuna dauka lan honek, hitza eta gorputzaren arteko jolas arina eskainiz. Zer nolako zailtasunak izan dituzue bi hizkuntza hauen mugak zeharkatu eta uztartzeko?
(U.E.): Zailtasunak baino gehiago, aukerak besterik ez ditugu ikusi eta sentitu. Finean, bertsoak ikusi egiten diren piezak dira. Guk bertso horiek ikusteko modu dantzatua plazaratuko dugu.
Bertsoetan ikusten zen hori eta dantzan ikusten zen horren artekoa uztartzea izan da ariketa polita: zenbateraino azpimarratu dantza bidez bertsoek esaten dutena, zenbateraino ekarri dantzaren mugak bertsotara eta alderantziz. Oso ariketa interesgarria izan da.
(Argazkia: Iurre Aranburu).
Lanaren eszenografiak berak bertsolaritzaren mundura eramaten gaitu: artista(k) biluztutako oholtzan, momentu batez arreta guztia berarengan duen publikoaren aurrean… Nola “erantzuten” du(te) dantzaria(e)k bat-batekotasunaren erronka horretara?
(A.B.): Oholtza biluztu hori bera da emanaldi honen berezitasun handiena. Eta bertso-saio batetik gehien erakartzen zigun kontzeptua. Hitzak, doinuak eta gorputzaren mugimenduak gordintasun batetik sentitzeko eta adierazteko aukera ematen baitigute. Eta soiltasun honi esker edozein keinu, begirada, hitz edo doinuk erabateko garrantzia hartzen dute.
Diziplinarteko proposamena dugu “Errimak Bi Oinetan”, dantzariez gain Igelen Banda, Maddalen Arzallus edo Thierry Biscary bezalako artisten, besteak beste, parte-hartzea duena. Zein irizpide izan dituzue kontuan lan-taldea konfiguratzeko?
(U.E.): Emanaldiko kantuetan ahotsak jarri eta testuak sortu dituztenak, gertuko lagunak izateaz gain, aurreneko emanaldiak ez zuen beste kolore bat emateko asmoz izan dira gonbidatuak.
Musika berriz, Igelaren bandan eta Bixente Martinezengan dugun konfiantza itsuan da. Bertso Jazz emanaldian izan nuen haiekin lanean hasi eta lana egiteko aukera, eta lehen emanaldia sortzekoak ginenean, pelikula honen soinu banda eurek sortua izan behar zuela ez nuen zalantzarik. Eta bigarren honetarako ere, aurrekoaren esperientziatik eta euren sorkuntza gaitasunean, emanaldiaren ideia ondo ulertzen dutelako eta eurekin dugun konfiantza guztia kontuan izanda... “Errimak Bi Oinetan” eta Igelaren banda, uztarri berean behar genuen egon.
Hile hauetako lanaren emaitza irailaren 27an izango dugu ikusgai lehenengo aldiz, Hondarribian. Hortik aurrera, zein espero duzue izatea “Errimak Bi Oinetan” dantza ikuskizunaren ibilbidea?
(A.B.): Ziur gaude esperientzia ederrak emango dizkigula emanaldi honek eta agian ezustekoak ere.
(Argazkia: Iurre Aranburu).
Hasi gara jasotzen emanaldiak egiteko eskaerak lehen emanaldia eskaintzen izan ginen herrietatik, oroitzapen oso onak dituzte. Eta ez dira damutuko. Datorren urtea mugitua izango dela uste dugu, gu deseatzen gaude.
(2019ko irailaren 17an argitaratutako Berezia).